Aldizkari Digitala
Euskara ikastea, online edo aurrez aurre?
Gero eta zabalduago dago hizkuntzak online ikastea, eta, bide luze horretan abiatzen garenean, kontuan hartzeko aukera bat da, baina zein dira bere abantailak eta alde txarrak?
Munduan, 7 milioi pertsona baino gehiago bizi gara, eta 7.000 hizkuntza inguru hitz egiten ditugu. Hizkuntzen itsaso handi horretan, euskarak badu bere lekua, eta ez nolanahikoa gainera. Milioi bat hiztunetik gora gara, eta zifra hori urtez urte hazten ari da. Hala ere, mende honetan 3.500 hizkuntza baino gehiago gal daitezkeela esan du Itziar Idiazabalek, Unescoko katedra-zuzendariak. Euskarak bizirik iraun dezan, belaunaldien transmisioa bermatu behar dugu, eta hiztun-kopurua handitzen lagundu.
Euskaldun gehiago izan gaitezen, hizkuntza ikasteko bi modu ditugu: aurrez aurreko eskolak edo online erakoak. Batzuentzat erosoagoa da etxetik aritzea, eta beste batzuek, berriz, nahiago dute euskaltegian jardun. Batean nahiz bestean, helburua bera da: euskara ikastea.
Edorta Lopezek eraginkorrena bide biak uztartzea dela esan digu. Bera AEKren mintzapraktika-egitasmoen koordinatzailea da, eta berarekin solas egin dugu AEKren Bilboko egoitza nagusian.
Edorta Lopez, AEKren mintzapraktika-egitasmoen koordinatzailea.
Orain arte ohikoena euskaltegira joatea zen. Euskal Herri osoan, hainbat euskaltegi daude eta AEK horietako bat da. Une honetan, 10.238 pertsona daude izena emanda, eta horietatik 9.000 inguru aurrez aurreko eskoletan ikasten ari dira. “Elkarreragina oso garrantzitsua da; harreman zuzena izateko aukera ematen du euskaltegiak”, esan digu Edortak. Hori ez da alde on bakarra, “gelan gaudenean, momentuan hitz egin dezakegu, ez dugu itxaron behar, eta, gainera, harreman afektiboak ere sortzen dira; hori beste motibazio bat da. Aurrez aurre talde-lana egitea, betiere, errazagoa da”, azaldu digu.
Bertara joateak ere baditu alde txarrak: “Malgutasun falta izaten da eta denboraren kudeaketa zaildu egiten da. Azken hori, bi arrazoirengatik: batetik, euskaltegiek ordutegi finkoak izaten dituztelako, eta, bestetik, ezin dugulako ikasketa erritmoa gurera egokitu. Denbora galtzen ari garen sentsazioa izan dezakegu”. Taldeak sortzerakoan dauden zailtasunen isla da hori; taldeak ez dira homogeneoak: “norberak ikasteko erritmo propioa du eta aurretik ikasitakoa ere ikaslearen araberakoa da”.
Internet bidezko metodologiari dagokionez, zera esan digu AEK-koak: “Erabiltzailearen ezaugarrietara egokitzeko aukera handiagoa ematen du online aritzeak, eta malguagoa da”. Gainera, aukera honek ez du hizkuntzak ikasteko soilik balio, edozein alorretan erabil daiteke.
Ikasle bat mintzapraktika online egiten.
Guztia ez da positiboa. “Konexioarekiko menpekotasuna sortzen da eta horrekin arazoak izanez gero, dena galtzeko arriskua dago”. Bestalde, autonomia-mailak asko baldintzatuko du ikasketa-prozesua eta indarra, diziplina edo bere hanka-sartzeekiko tolerantzia beharko ditu online ikasi nahi duenak. Hala ere, Edortaren ustez, onena biak batera erabiltzea da, euskaltegian ikasi eta online osatzea ikasketa-prozesua.
Mintzapraktikaren garrantzia
Ingelesa ikasteko orduan, Londresera joatea gomendatzen digute sarritan. Izan ere, eskoletan ikasitakoarekin soilik ez gara ingeles-hiztunak. Benetako hiztun bihurtzeko, kalean edo eskoletatik kanpo mintzatzea nahitaezkoa dugu. Euskararekin ere gauza bera gertatzen da. Mintzamenak berebiziko garrantzia du, eta horregatik sortu zen Mintzalaguna egitasmoa: “Bi helburu ditugu: hiztun aktiboak lortzea eta harreman-sareak sortzea”. Kasu honetan ere aukera bikoitza da: Mintzalaguna (aurrez aurrekoa) edo Mintzanet (online).
Hainbat aukera eta hainbat baliabide ditugu euskara ikasteko. Ordenagailuaren aurrean ala eskoletara joanez, sarean nahiz aurrez aurre, modua edozein izanda ere, lortuko al dugu euskarak gure artean jarraitzea?
Aurrez aurreko klaseen alde onak? Klasean batetik elkarreragina, hori da inportanteena, pertsonen arteko harreman zuzena. Hori… Hor bermatzen da. Irakasle eta klasekideen, ikaskideen disponibilitatea klasean zaudenean, hor dauzkazu ondoan eta, hitz egiteko, beraiekin zalantzak-eta konpartitzeko eta… Eta gero, sortzen den harremanak beste motibazio estra ematen dizu. Talde-lanean ikastea askoz errazagoa da bakarka baino.
Eta gero bueno ba, alde txarrak ba bueno, badakizue, malgutasun falta, oso ondo zehaztuta daude zeintzuk diren ordutegiak euskaltegian. Gero, zure erritmora egokitzeko ezintasunak, zailtasunak… Askotan jendeak ikusten du taldea: “igual taldea apur bat atzera geratu zait!” edo “oso aurreratuta daude!”. Bai bueno, azkenean talde-lana da. Gero, autonomia falta, klaro, talde batean zaude, baten batek gidatu behar du, bai? Eta hor ere sortzen dira rol batzuk bestean ematen ez direnak: irakaslearekiko menpekotasuna, bai? Irakasle eta ikasleen arteko harreman hori, bai? Hori da bestean hain nabari agertzen ez dena.
Online ikastearen alde onak zeintzuk diren? Bueno ba, batetik erabiltzailearen ezaugarrietara egokitzeko aukera dago, bai? Berak aukeratu ahal du noiz egingo duen, zein egunetan, ordua… Dena zehazten du. Horrek ematen duen malgutasuna klaseak ez du ematen. Gero ba aukera, baliabideak. Baliabide pilo bat dago interneten eta eskura dauzka denak. Eta azkenean Internet bada euskararen unibertsorako oso ate zabala, irekia eta edozein momentutan edonondik zabaldu ahal duzuna.
Onlineren alde txarrak? Bueno ba hor dago teknologiarekiko menpekotasuna; jende askok ez daki edo ez da ondo moldatzen. Baina bueno hori ere gainditu ahal da, eta gero eta errazagoa da hori. Askotan, ba isolatuta egotearen sentsazioa: “jo bakarrik nago” eta bakardade sentsazio hori, bai? Eta horrek ere ekartzen du isolatzeko erraztasuna. Bueno ba hemendik arituko naiz ni bakarrik eta gero ez dugu harremanik besteekin, bai? Oso kontu pertsonala bihurtzen da bai? Batzuen kasuan. Eta gero, ba hanka sartzeetarako tolerantzia gutxiago: talde batean zaudenean, ikasten zabiltzanean ba bueno, besteen akatsak ikusita zeu ere kontzientea zara bueno ba ez dela bueno ba akatsak ere egon behar direla ikasteko. Bakarrik zabiltzanean gehiago kostatzen zaigu, bai? Jasotzen d(it)ugu irakaslearen zuzenketak eta bueno, batzuk jartzen dira apur bat urduri. Eta bueno, nabarmena hori, ba aurrez aurreko komunikazio falta, hori oso inportantea da. Komunikazioa behar da, zera, ikasteko eta aurrez aurre ematen denean ikusten diogu aurrekoari aurpegia eta badakigu zer esan nahi duen. Askotan hori interneten bidez gatzagoa da.
Intéressant pour vous
Docuthèque
-
Zinea Sortzen
