detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Guraso berriei lagundu nahian

Haurrak jaiotzen direnean, ohiko txantxa da argibide-liburuaz galdetzea. Hain zuzen ere, jaiotza zerbait naturala den arren, gurasoak eta ingurukoak kezkatu egiten dira pertsona bat mundura iristen denean. Sabeletik mundura proiektuko kideek kezka horien inguruan gogoeta egin dute, eta holako egoeren gaineko informazioa ematen dute euskaraz beraien webgunean. Nahia Alkorta Elezgarai da ekimen honen bultzatzailea.

“Haurdunaldi aurretik erditze osterako informazio gune” moduan deskribatu du Alkorta Elezgaraik proiektu hau, eta gehiago zehaztu du, “bertan dagoena ez da iritzia, ebidentzia zientifikoa duen informazioa baizik”. 2013ko azaroan abiatu zen webgunea, baina bazituen aurrekariak. Egileak azaldu du izen bereko bloga dagoela Sabeletik mundura-ren sorreran. “Hor gure haurdunaldia eta gure esperientzia kontatu genituen, baina bloga zen. Hor iritzia sartzen genuen”. Proiektu honen bultzatzaileek jo dute jendearen informazio-gabezia konpontzera. Beraien ustez, guraso berriek laguntzak eta bestelako aukerak galtzen dituzte askotan. Hori dela eta, askotariko informazioa jartzeko asmoa daukate denen eskura.

Nahia Alkorta Elezgarai da Sabeletik mundura ekimenaren arduraduna. Haurdun zegoela, informazioa euskaraz aurkitzeko zailtasunak eduki zituen, eta webgunea sortzea erabaki zuen. / Sabeletikmundura.com

 

Informazio falta euskaraz
“Guraso izatea erabaki genuenean, informazio bila hasi ginen eta euskaraz ezer ez zegoela ikusi genuen”. Horrek eraman zituen webgunearen arduraduna eta bere bikotekidea informazioa biltzen hastera. Ñabardura ere egin du,“Gaur egun guraso berri gehienek euskaraz dakite, eta erdaretara jo behar izaten dute”. Hain zuzen ere, Naroa Irure Crespok egoera horretan ikusi zuen bere burua haurdun gelditu zenean. Informazio bila ari zela topatu zuen
Sabeletikmundura.com. Berak azaldu digunez, “sortu berria zen, eta inork ez zidan horren berri eman. Nik neuk aurkitu nuen Interneten”.

Irurek gustuko du gunea, eta ez hizkuntzagatik bakarrik. Euskaraz egotea arrazoi garrantzitsuenetako bat da, baina badaude beste batzuk ere. Erabiltzaile honek informazio kopurua nabarmendu du. “Informazio pila bat dago, eta dena ondo sailkatuta”.


Sabeletikmundura.com webgunean haurdunaldi, erditze eta ondorengo zainketen inguruko informazioa aurki daiteke. Bertan dagoen material guztia euskaraz sortu dute.

Irurek berak aurkitu zuen baliabide hau, eta berak aholkatu zien beste hainbat laguni. Hala, erabiltzaile-sarea zabaltzen ari da. Proiektuaren inguruan jendea ibili badabil, sare sozial zein webgunearen bidez galderak eginez eta abar. Alkorta Elezgaraik dioenez, “jende asko dator galderekin, eta nik informazio asko badaukat, baina ez naiz ez medikua, ezta emagina ere. Beraz, guk ez diegu zalantza medikoei erantzuten. Mediku edo emagin batek argitu beharreko zalantza bada, bideratu egiten dugu”. Hain zuzen ere, Sabeletik mundura-ren ataletako batean proiektuaren filosofiarekin bat egiten duten profesionalen bildumatxoa osatu dute. “Guk ez dugu honetatik ezer jasotzen, hori zerbitzua ematen dutenentzako doako tartea da”.

Jada triburik ez
Alkorta Elezgaraik adierazi du haurdunaldia prozesu naturala dela. “Azken batean, haurdunaldian eta ondorengo denboran gehienok behar izaten dugu zainketa emozionala; norbaitek esatea: 'Lasai, ez da ezer gertatzen'”. Proiektuaren arduradunaren ustez, “tribu” izaera galdu egin da. Egungo familiak txikiak dira, eta, horrelako egoeretan, esperientzia zuzena ikusteko aukerarik ez da izaten. “Gainera, kontatzen dena beti da ona, 'nire umeak zortzi ordu egiten du lo', edo 'egun osoan ez du negar egiten'. Eta egia esan, horiek salbuespenak dira”.

Zalantza horien aurrean, Sabeletik mundura-k normalaren barruan zer dagoen azalduz erantzuten du. Are gehiago, erantzunei erreferentzia bibliografikoa ere gehitzen diote, azken batean norberaren esperientzia ezohikoa izan daitekeelako. Honen guztiaren atzean ideia bat dago: ume bakoitza bakarra da, eta ezin da eredutzat hartu, ez norberarena ezta beste inorena ere. Erabiltzaileek ondo hartzen dute filosofia hau, eta baliagarria zaie erabat. Horrela dio Irurek. “Nahiarekin harremanetan jarri eta beti dauka hitz egokia, lasaitzen gaituen hitza. Baina dena justifikatuta, beti esaten digu gauzen zergatia”.

Aitak ahazteke
Amatasun eta gurasotasun hitzak aurki daitezke webgunean. Haurdunaldiak emakumeari zuzenean eragiten dion arren, haurrak, gehienetan, ez baitira bakarka edukitzen. Alkorta Elezgaraik zehaztu du gai hau. “Saiatu gara atal guztietan artikulu bat edo bi, gutxienez, aitari eskaintzen, askotan bikotekidea galdu egiten delako”. Bikotekideak doula-ren edo zaintzailearen rola bere gain hartzen du, eta inork ez du bera zaintzen. “Berak ere behar du zaintzea”.

Sabeletik mundura proiektuaren erabiltzaileen artean, bi eratako erabiltzaileak daude. Batetik, 25 eta 35 urte arteko emakumeek erabiltzen dute webgunea. Bestetik, 50 urtetik gorako gizonak dira bigarren erabiltzaileak. Bitxia gertatu zaio hau Alkorta Elezgainari. “Nik ez dakit aitonak izatera doazen gizonezkoak diren. Hauei orain egokitu zaie zainketa-lanak izatea; askotan beraien seme-alabekin izan ez duten harremana”. Hala eta guztiz ere, adin guztietako gizon-emakumeek idazten diete bere zalantzak argitzeko eskatuz.

Haurdunaldia lasaia eta aberasgarria izaten laguntzen dute doulek. / Anna Langova

 

Doulak, esklabo izatetik gidari izatera
Doula grezieratik datorren hitza da. Jatorrian esklabo esan nahi zuen arren, beste esanahi bat erantsi zaio gaur egun. Hain zuzen ere, haurdun dagoen emakumeari eta haur jaioberria dutenei laguntzen dien pertsona da doula.
Doularen eginkizun nagusia ama bihurtzen ari den emakumeari laguntza ematea da. Babes hau fisikoa zein emozionala izango da. Gehienetan doulak beraiek ere ama dira, eta, heziketa arauturik ez duten arren, eskarmentuak eta egindako hainbat ikastarok prestatzen dituzte, ama berriei laguntza emateko.
Erditze-garaiari nola aurre egin jakiteko eta edoskialdirako prestatzen laguntzen diete; era berean, erditze ondorengo bizipenek depresiorik sor ez dezaten. Horren guztiaren oinarrian dago informazioa eta esperientziak kontatzea.


detalle2

Docuthèque

B2
06-06-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16344540

x61pViewCountWAR

8238

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR