detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Txikitatik musika-tresna aukeratzeko erronka

Garbi dago musikak gero eta presentzia handiagoa duela gure bizitzan. Baina nola hasten da harreman hori? Zergatik aukeratzen dugu tresna bat eta ez bestea. Bi adituk bere iritzia eman digute.

Musika gure bizitzan oso presente dugu: lanean, etxean, autoan, tabernetan, komertzioetan, zineman… Bazter guztiak doinuz inguratuta ditugu. Gainera, txiki-txikitatik musika sortzen hasten gara. Edozein elementu nahikoa dugu musika egiten hasteko, eta geuk sortutako jostailuzko danborrarekin orduak eta orduak pasa ditzakegu. Musika baino gehiago, agian, zarata da, baina erritmoetara hurbiltzen hasteko modua ere bai. Adituen esanetan, haurraren garapenean musikak berebiziko garrantzia izaten du, eta bizitzaren armonian eragin zuzena. Haurretan zarata dena, gerora melodiara pasa daiteke. Musikak benetan erakartzen bagaitu, pentagramek eta kortxeek jantziko dute gure jostailuzko danborra; 5 eta 8 urte bitartean, tresna bat aukeratzen jarriko gaituzte. Gehienek pianoa, gitarra, klarinetea edo biolina hautatuko dute, baina orkestrako edozein instrumentu izan daiteke: harpa, tronpeta, zeharkako flauta, akordeoia, txistua, trikitia…

“Musikaren hizkuntza jakiteak bizitzari forma berria emateko aukera eskaintzen du. Gainera, musika-tresna baten bitartez, gure izaera agertzen dugu eta izaera hori landu egin daiteke. Sentimenduak ere musika-tresnen bidez jorratu daitezke”, esan digu Aintzane Barona bilbotarrak, Bilboko Juan Krisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioko oboe-irakasleak. Aintzanerekin, Bilboko kontserbatorioko idazkariarekin eta Mirian Uriguen piano-irakaslearekin bildu gara musika-instrumentuen garrantziaz hitz egiteko.

Aintzane eta Mirian piano eta oboe-irakasleak dira.

 Musika-instrumentua aukeratzea ez da lan erraza. Une horretan 8 urte inguru izaten ditugu, eta ez dugu jakiten zer jo nahi dugun. Horregatik, musika-eskoletan instrumentua aukeratu baino lehen, hainbat musika-tresna probatzen dituzte. “Gernikan, adibidez, hilabete batzuk pasatzen dituzte instrumentu batekin, beste hilabete bat beste batekin, eta  ondoren erabakitzen dute ikasleek zein gustatzen zaien, baina beti ez da horrela izaten, batzuetan bideratu egiten da. 15 haur etor daitezke pianoa jo nahi dutela esanez, eta zortzirentzat soilik egon lekua. Kasu horretan, gainerako umeak beste instrumentu batera bideratzen ditugu. Horiek ere bigarren edo hirugarren aukera izaten dute”, azaldu digu Mirianek.

Batzuek oso argi izaten dute zein instrumentu hartu, baina beste batzuek, ordea, ez. Aintzanek, esaterako, atentzioa eman ziolako hautatu zuen oboea. Larunbatero oso goiz jaikitzen zen telebistan kontzertuak ikustera, eta horietako batean ikusi zuen lehenengoz oboea. Zer instrumentu zen galdezka hasi zen kanaberazko musika-gailuaz gehiago jakiteko: “Behin, amarekin bandaren kontzertu batera joan nintzen, eta, kontzertua amaitu zenean, oboea jotzen zuenarengana hurbildu nintzen. Oboea erakusteko eskatu nion eta esan nion nik ere oboea jotzen ikasi nahi nuela. Ordutik nabil oboea joz”, kontatu digu Aintzanek.

Aintzane oboea jotzen

Mirian, ordea, piano-jotzailea da eta amak bideratuta etorri zitzaion pianoarekiko maitasuna. “Ama Muxikako baserri batekoa da, eta, umea zela, eurek mezatara jaisten zirenean, organoa entzuten zuten. Orduan, gure amak, irudimen handia zuenez, organoarekin eta pianorekin amesten zuen. Pasio hori transmititu zidan eta horregatik naiz gaur egun piano-jotzailea”, esan digu gernikarrak.

Instrumentu bidez, haurrek diziplina, ordena eta euren burua ezagutzen ikasten dutela esan digu Mirianek: “8 urtetik aurrera, musika bidez garatu daitezkeen konpetentziak izugarriak dira, eta txirula jotzen ezer gutxi lortzen da. Nire ustez, onen-onena haurrei pertsona-moduan ematen diena edo eman ahal diena da. Egia da gaur egungo sistema oso zurruna dela, eta hezkuntza formalean ez dagoela aukerarik musikaren bidez ezer askorik egiteko”, zehaztu digu Mirianek.

Harremanak sakontzeko, errazteko eta talde integraziorako bide zabala ere badauka musikak. Berezitasunen bat duten umeei zer eman handia duela sinesten du Mirianek: “Berezitasun fisiko zein mentala dutenei zer esanik ez. Musika bidez, hainbat eta hainbat onura lor daitezke”. Aintzanek, bestalde, zera esan digu: “Sorkuntzaren mundua oso aberasgarria da, eta, gezurra badirudi ere, museo batera joatean bertako lanak ulertzeko ahalmena ere eskuratzen da musikaren bidez”.

Zer instrumentu dira gustukoenak?
Pianoa, biolina, gitarra eta klarinetea dira haurrei gehien gustatzen zaizkienak, baina kontrabaxua, tuba, oboea eta harpa ere urtez urte indartzen doaz. Musika-eskoletan eta kontserbatorioetan orkestra bateko ia instrumentu denak eskaintzen dira: klabea, txistua, organoa, harpa, pikodun flauta, eta baita kantua ere, baina txiki-txikitatik haurrak gehien erakartzen dituzten instrumentuak perkusiozkoak dira: “Perkusioa oso modan dago, zarata sortzen duelako gustatzen zaie umeei batez ere”, zehaztu digu Aintzanek.

Beti izan du argi bere seme-alabak txiki-txikitatik murgilduko zituela musikan. Seme zaharrenak 5 urte ditu eta orain arte erritmoak lantzen ibili da berarekin. “Datorren udan musika-udalekuetara bidaliko dut, eta, berak nahiko balu, datorren ikasturtean musika-eskola batean izena emateko asmoa dut, badakidalako zein garrantzitsua izan den niretzat musika”, kontatu digu.

Eta zuk, jotzen al duzu musika-tresnarik? Nola aukeratu zenuen zein instrumentu jo? Eta garrantzitsua iruditzen al zaizu haurrak musika-instrumentuarekin haztea?
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

MIRIAN URIGUEN: Musika-tresna batekin ikasten dira gauza asko. Niretzako, lehenbailehen, inportanteena izaten da, pertsonaren, norberaren esangura edo norberaren, zelan esango nuke, burua norberak burua zelan daukan ikustea. Komunikazioa lantzen da piloa. Harremanak, ere bai, umeen arteko harremanak lantzen dira ere bai asko. Diziplina, norberaren diziplina eta taldeekiko ere diziplina lantzen da. Eta oso inportante da ere bai, lehen ez dugu aipatu baina esango dut, pertsona batek ikusten duenean bera gai dela edo ikusten duenean berak ahal duela zerbait egin, adibidez instrumentu bat jo, horrek daukan feedbacka pertsona horretan, oso inportantea da auto-estimarako edo norberaren balorazio objektiboa egiteko eta horregatik pentsatzen dut musika esparru guztietan landu behar dela.
 

MIRIAN URIGUEN: Nik pentsatzen dut apurtxo bat aldatu egin dela panorama, baina gehienbat dira pianoa, biolina, gitarra, zer esango dugu… klarinetea ere bai, flauta ere bai. Gero daude beste batzuk gutxiago hartzen direnak, kontrabaxua, adibidez, edo klabea, tuba… Hori da.
 

AINTZANE BARONA: tuba, tronboia, tronpeta… Azkenean dira ezezagunak.


AINTZANE BARONA: Ni txikitatik hasi nintzen oboearekin, eta bueno nire gurasoak ere izan ziren musikariak eta horrexegatik larunbatero goiz altxatu (altxatzen) nintzen kontzertuak entzuteko eta batez ere ikusteko. Eta behin batean ikusi nuen oboea, eta ikusi nuen bere kaña eta tresna eta bueno oso erakargarria zen niretzako. Eta hasi nintzen galdetzen, hori zer da, eta nola dauka soinua eta horrexegatik joan ginen Bilboko udal banda(ren) kontzertu batera eta joan ginen oboea jotzen zuen musikariarengana eta bueno azaltzen nire nahia eta hori, eta bueno, hasi nintzen berarekin eta ia egin nuen frogak egiteko Bilboko kontserbatorioan oboe ikasketekin hasteko, eta gero oso-oso pozik ikasi nituen (nuen) nire oinarrizko zikloa eta profesionala eta oso garbi neukan oboista izango nintzela eta horrexegatik goi-mailako ikasketak egin nituen Madrilen eta ba hori, jo eta ikasi eta ikasi eta hemen nago.


MIRIAN URIGUEN: Ba ni hasi nintzen pianoa ikasten ze nire ama Muxikako baserri batean bizi izan zen eta baxatzen ziren domekaro mezatara. Eta mezatan, andre batzuk egoten ziren abesten eta organoa nork edo nork jotzen zuen, eta ez dakit ba nire amari asko gustatu zitzaion esperientzia eta gero berak ametsetan egiten zuen organoarekin edo piano batekin. Eta ikusi zuenean aukera, 7 urterekin hasi nintzen Gernikan, eta ikusi zuenean aukera pianoa ikasten joan nintzen. Zorte handia eduki nuen benetan, ze eduki nuen irakaslea niretzat izan zen amona bat modukoa, orduan izaten ziren klaseak oso familiarrak, oso-oso familiarrak. Eta nik pentsatzen dut, nire izaerarekin horrek asko engantxatu nauela.


AINTZANE BARONA: Orain daukat bi seme-alaba eta nagusiari hasi nintzen gauzak ematen: batez ere erritmoak eta adibidez, “Txokolate kaxa bat” hitzekin eta erritmoarekin hasi nintzen gauza batzuk azaltzen eta igual uda honetan joango da kolonia batera, musika-kolonia batera. Eta datorren urtean nire asmoa da musika-eskola batean hasteko musika-ikasketekin eta bueno berak nahi badu ba kontserbatoriora.
 

detalle2

Docuthèque

B1
01-09-2015

x61pRelaContWAR

  • Zinea Sortzen
16270252
00:05:00

x61pViewCountWAR

8890

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR