Herri txiki batean bizi nahi al duzu?
Herri txiki batean edo hiri handi batean bizitzea ez da gauza bera. Euskal Herriko hiriak ez dira oso handiak, baina, hala ere, batean bizitzetik bestean bizitzera badago aldea.
Herri txiki batean edo hiri handi batean bizitzea ez da gauza bera. Txikia edo handia esatean, normalean, biztanle-kopuruari erreparatzen diogu. Euskal Herrian dauden hiriak ez dira oso handiak. Populazio handiena duen hiria Bilbo da. Bertan, 2014. urteko datuen arabera, 346.574 pertsona bizi dira, baina New York hiriarekin alderatuta, adibidez, Bilbo auzo txiki bat besterik ez da, hiri erraldoi horretan 8.406.106 herritar bizi baitira.
Deba, Abadiño, Elduain, Abaltzisketa, Beizama, Ezkio-Itsaso, Biriatu, Donazaharre, Doneztebe, Bermeo, Berastegi, Dulantzi, Gares, Elantxobe, Etxarri, Erandio, Faltzes, Agoitz, Garai, Etxebarri, Burlata... herri askok eta askok osatzen dute Euskal Herria, baina batetik bestera bizimodua aldatu egiten da. Gehienak gune oso urbanoak dira eta bizimodu ez-urbanoa oso gutxitan aukeratu dezakegu. Abel Bastida herri txiki batean bizi da, Elgorriagan. 226 laguneko herri txikia da. Hala ere, berak han besteena ez bezalako bizimodua dauka.
Elgorriagan 226 pertsona bizi dira.
Abel Azkoitian jaio, Azpeitian hazi eta unibertsitate-garaian Bilbon bizi izan da, baina azken 8 urteetan Nafar aldean ibili da, lehenengo Sunbillan eta gaur egun Elgorriagako Joainea baserrian. Bilbon bizi zela, nekazaritza-eremu batean bizitzeko irrika sortu zitzaion Abeli. Lagun nafar bat ezagutu zuen eta horrela Malerreka bailarara etorri zen. Asko gustatu zitzaion eta bertan geratu zen bizi-proiektu berri baten bidetik: “Nekazari ekologikoa naiz. Barazkiez osatutako saskiak saltzen ditut, baina herri honetan ni naiz lurretik bizi den bakarra. Herrikide gehienak kanpoko enpresetara doaz lanera; nekazaritza ez da beste inoren ogibide”, azaldu digu Abelek.
Abelen ustez, herri txiki batean bizitzearen abantaila bizilagunekin eta herrikideekin daukazun harreman estua da: “Jendearekin harremanak estuagoak dira eta askoz gehiago ezagutzen dugu elkar. Alde onak eta txarrak ditu horrek, liskar gehiago ere ikusten baitira, baina herri baten funtzionamendua nola doan ere hobeto ezagutzeko aukera dugu, eta udaletxeko edo herriko lanetan parte har dezakegu. Hala ere, alderik onena bakea da. Lasaitasun ikaragarria dugu hemen; dagoen isiltasuna entzun besterik ez da egin behar”.
Abel Bastida azkoitiarra Elgorriagan bizi da, Azkoitian, Azpeitian, Bilbon eta Sunbillan bizi ondoren.
Baina trabaren bat ere badu herri txiki batean bizitzeak. Autoaren beharra izaten da alderik txarrena. “Autoa ia egunero hartu behar izaten dugu erosketak egitera joateko. Bizikletan joatea badugu, baina oso motxila handia behar da horretarako”, esan digu. Ez zaio beste alde txarrik bururatu: “Hiri batean, jaikitzen garen momentutik, dena kontsumora bideratuta dago, baita bizi-estiloa ere. Batez ere zerbitzuak eskaintzen dizkigu hiri batek. Herri txiki batean, berriz, hori ez dago; bila joan behar dugu. Zer kontsumo-maila izan nahi dugun hausnartzera eraman nau bizi-estilo honek”, erantsi digu Abelek.
“Zalantzarik gabe, ni herri txiki baten aldekoa naiz. Etxetik irteten garen momentutik, norberaren bizi-erritmoa ikaragarri desberdina da hemen edo hiri batean. Hemen askoz lasaiago bizi naiz, eta horren bila nenbilen”, azaldu digu. Hainbat herri eta hiri probatu ditu Abelek, eta esperientzia eta bizipen horietatik argi dauka orain ez duela bizi nahi hiri handi batean: “Dudarik gabe, ez naiz hiri handi batean biziko. Herri hauetan alokairua ere hirietan baino askoz merkeagoa da, eta etxe oso bat alokatzeko aukera dugu, lur puska bat eta guzti. Orain, hori gabe, ez dakit inon bizi nahi dudan. Egia esan, hemen nirea ez dut ezer; izango dudan ere ez dakit, baina lurrak uzten dizkidaten momentutik eta alokairua merkea denez, merezi du hemen bizitzea”, esan digu Abelek konbentzituta.
Non bizi izan zara?
Bai, bueno… Azkoitian jaio nintzen eta han urte batzuk. Gero beste, beste… nerabezaroa, beste hamar urte edo… unibertsitate garaia arte, Azpeitian, eta gero unibertsitate garaian joan nintzen Bilbora bizitzera, estudiatzera. Eta, gero, handik hona etorri nintzen… Hona etorri aurretik ondoko herri batetara, Sunbillara. Han baserri bat alokatu genuen eta horixe. Handik gero, hiruzpalau urte egin eta hona etorri nintzen.
Nolatan bizi zara Elgorri bezalako herri txikian?
Bilbon nengoela bizitzen, hiru-lau urte edo, han ia “banituen gogoak” (baneukan gogoa) nekazal eremu batera bizitzera joateko eta lagun bat ezagutu nuen hemendik bizi zena… Eta bueno, denbora eduki nuen momentu batean, hau ikustera etorri nintzen eta ezagutzera, eta asko gustatu zitzaidan. Eta han ikusi nuenean aukera edo hona etortzeko, etorri egin nintzen bizitzera.
Non nahiago duzu bizi herri txikian ala hiri handian?
Ni herri txiki baten aldekoa naiz, bai, bai, bai.
Zer desberdintasun daude?
Ba, ikaragarria, oso, oso desberdina da. Hemengo batez ere, bizi-erritmoa. Norberak eramaten duen bizi-erritmoa ikaragarri desberdina da hiri batean etxetik irteten zaren momentutik edo hemen etxetik irteten zaren momentutik. Hemen askoz lasaiago bizi zara eta hori bilatzen nuen baita ere horrelako herri txiki batean. Herri honetan ez dago… Zerbitzuak eta daude ondoko herrian, eta ondoko herrira joateko hartu behar duzu kotxea. Azken finean, gehiago neurtzen duzu zer behar duzun eta zer ez, zentzu horretan ez?
Zein abantaila ditu herri txikiak?
Jendearekin harremanak eta estuagoak dira, gehiago ezagutzen duzu jendea. Alde onak eta txarrak ditu horrek. Liskarretan, liskarrak… bueno, liskarrak ere gehiago ikusten duzu badaudela, bai familia artean. Hortaz ere, liskar horietan ere hobeto hausnartu behar duzu, horixe, eramaten jendearekin. Herri baten funtzionamendua nola doan hobeto ezagutzen duzu ere. Udaletxea, udaletxeko edo herriko lanetan eta parte hartu dezakezu eta jakitea ere baduzu ez? Pixka bat zein proiektu egin behar diren edo ez, hor harreman zuzenagoa daukazu jakiteko. Gero lasaitasun ikaragarria da hemen bizitzea, entzun besterik ez dago. Eta hori bilatzen nuen nik hona etorri nintzenean eta…
Eta desabantailak?
Kotxea hartu beharra egunero, konpretarako, erosketak egitera joateko. Bueno, bizikletan joatea badago, baina askotan, horixe, motxila oso handia behar da. Hori batetik… Eta desabantaila gehiago…
Zertan lagundu dizu Elgorrin bizitzeak?
Bai, hiri batean azken finean jaikitzen zaren momentutik, ez dakit, dena kontsumora ere bideratuta dago ere ez? Baita hiri bateko bizitza edo ez? Bai zerbitzuak dira batez ere, hor topatzen dituzunak hiri batean ez? Herri batean hori adibidez ez daukazu, ez? Hori joan behar zara bilatzera. Eta horrek hausnarketa puntu bat ematen dizu ere, ez? Zer kontsumo maila nahi duzun izatea edo ez, ez?
Biziko al zinateke orain hiri handi batean?
Dudarik gabe ez. Ez, joder, herri hauetan ere alokairua hiritan baino askoz merkeagoa da, aukera duzu etxe oso bat alokatzeko lur puska batekin. Hori hiri batean lortzerik ez da eta nik hori gabe ez dakit bizitzerik edukiko nukeen inon. Nirea ez dut ezer, izango dudan ez dakit, baina lurrak uzten dizkidaten momentutik eta alokairua merkea den momentutik merezi du hemen bizitzea.