Baserrira itzultzen ari al gara?
Fraisoro Nekazaritza Eskolako ikasle eta irakasleekin hizketan egon gara, eta hona hemen zer esan diguten gaiari buruz.
100 urte baino gehiago ditu Fraisoro Nekazaritza Eskolak. Urte hauetan guztietan, beraien zerbitzua eskaini diote lehenengo sektoreari, eta gaur egun ere horretan jarraitzen dute. Une honetan, erdi-mailako bi ziklo dituzte: Lorezaintza eta Loregintza, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekoizpenak. Goi-mailakoa ere badute: Baso Kudeaketa eta Natura Ingurunea.
Krisi-garai honetan, ikasle-kopuruari eutsi egin dio Zizurkilgo eskolak. Asko izan dira lanik gabe geratu eta beste zerbait ikastea erabaki dutenak. Horietatik batzuek landa-mundua aukeratu dute. Barazki ekologikoak, momentuko barazkiekin betetako poltsa astero etxean jasotzea, konfiantzazko norbaitek hazitako oilaskoa… Produktu horiek modan jarri dira, bezeroek eskaintza hori nahi dute eta gazte askok horretan ikusi dute irtenbidea. Hala, baserrira itzuli dira.
“Nekazaritzatik bizitzea modus vivendi bat da, bizitzeko modu bat”, definitu digu Xabier Muruamendiarazek. Lazkaotar honek 29 urte eman ditu Fraisoron irakasle gisa, eta berak nekazaritza-ingeniari tekniko izateko ikasketak egin zituen. Berarekin eta Mikel Odriozola ikasle zumaiarrarekin elkartu gara Fraisoroko berotegian eta ukuiluan.
NEKAZARITZAREN BILAKAERA
Fraisoro Gipuzkoan dagoen nekazaritza-eskola bakarra da: “Momentu bakoitzeko nekazaritzaren beharrei erantzuten saiatu gara eta saiatzen gara; horregatik, urtetan zehar, aldatu egin dira ikasketa hauek”.
Duela urte batzuk, abeltzaintzak garrantzia handia zuen Euskal Herrian, eta ikasketak horretara bideratzen zituztela kontatu digu Xabierrek. Une honetan, abeltzaintzak beherakada handia izan du: “Indarra galtzen ari da. Bestalde, loregintza-arloak gorakada izan du. Guztia aldatu da”.
Xabier irakasle izan den ia 30 urte hauetan ikasgai asko irakatsi ditu, eta orain ere horretan ari da: “Erdi-mailako zikloan, Loregintzan, Agronomiaren Oinarriak izeneko ikasgaia irakasten dut; Nekazaritzan eta Abeltzaintzan, Nekazaritzaren Ekoizpena, eta, goi-mailako zikloan, bi: Ehizaren Kudeaketa eta Arrantza Kontinentalaren Kudeaketa”.
IKASLEEN PROFILA
Mikel Odriozola zumaiarra da eta 32 urte ditu. Berak Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekoizpenak izeneko erdi-mailako zikloa ikasten du, “langabezian urtebete neraman, eta, nire kabuz hasi beharrean, Fraisorora etortzea erabaki nuen, honetan serioago hasteko”.
Xabier eta Mikel, irakaslea eta ikaslea. |
Berak bezala, gazte askok hartu dute erabaki hori. “Lanean hasi nintzenean, jende dezente etortzen zen, eskaera handia zegoen, eta sarrerarako azterketak egiten genituen”, aitortu digu Xabierrek. Duela 10 edo 15 urte, lan-munduak gorakada izan zuen, eta gazte gehienek, derrigorrezko ikasketak amaituta, lana zeukaten, eta ondo ordainduta gainera: “Orduan, beherakada nabarmena izan genuen, baina orain, krisia dela eta, gazte horiek berriro ere ikasten jarraitzen dute”. Une honetan, eskola beteta dago.
Nekazaritza eta Arrantza Sailak sortu zuen eskola, nekazaritza-eremuko semeentzat, garai batean mutilak bakarrik joaten baitziren eskola horietara. Gero, nekazariek ez zuten euren seme-alabek horretan lan egiterik nahi, eta gaur egun hainbat jatorritako jendea dagoela esan du Xabierrek: “Baserriko seme-alabak, kaleko jendea, ikasketekin lotura handirik ez dutenak, baina baserritik etorritakoak…”
Mikelek bera “kalekumea” dela aitortu digu, kalean bizi dena, alegia. Hala ere, gurasoen aldetik baserriarekin lotura izan du eta beti gustatu izan zaio.
NEKAZARITZA, GAZTEEN OGIBIDE
Mikelek oso argi du: “Lehenengo sektoretik bizi nahi dut, lantegietan edo tabernetan lan egin dut, baina hau gustatzen zait niri”. Bere ustez, bizimodua beste era batekoa da: “Lan egiteko era, ordutegia… Lantegian aritzeak ez ninduen betetzen”.
Xabierrek nekazaritza modus vivendi bat dela esan digu: “Industrian zortzi edo hamar orduz lan egingo duzu, eta, amaitu eta ateratzean, hurrengo goizera arte lana ahaztuko duzu. Nekazaritzan, berriz, eguraldi txarra egiten badu, ez duzu ezer egingo, baina hurrengo egunean 15, 16 edo 17 orduko laneguna izan dezakezu. Industrian etekin ekonomikoa handiagoa izango da, baina esperientzia eta onura hobeak ditu nekazariak. Igande iluntzean jende asko “beste aste bat… bihar lanera… aste honetan hainbat gauza egin behar ditut…”, pentsatzen hasten den bitartean, nekazari edo lorezainak “beno, bihar lanera” pentsatuko du, beste kutsu bat dauka”.
Zein da Fraisoro nekazaritza eskolako ikasleen profila?
Xabier Muruamendiaraz: Ikasleen profila? Ikaslea, era guztietako ikasleak dauzkagu: nekazaritzari lotuak, hau da, nekazaritza edo baserritarren semeak; kale-kaleko ikasle peto-petoak, eta harremana nekazaritzarekin edo ingurunearekin harremana duten ikasleak ere baditugu. Denetik, oso-oso-oso ikasle ezberdinak dauzkagu.
Zergatik erabaki zenuen nekazaritza ikastea?
Mikel Odriozola: Bueno ba ni ia bazen urtebete edo urte eta zerbait lanik gabe paroan (langabezian) nengoela, eta ari nintzen nire aldetik horrelako lan txikiak eta horrelako gauzak egiten, eta, bueno, beti gustatu izan zait baserri mundu hau, baratzak eta animaliak eta ikusi nuen nola Fraisoro eskola hau hemen zegoen… Eta animatu nintzen hemen dauden bi urte hauetako ziklo bat egitera, ia denbora aprobetxatu eta gustatzen zitzaidan gai bat pixka bat gehiago ikasi… Eta aber (ea) alde honetatik etorkizuna eduki nezakeen eta horretarako hasi nintzen gehienbat, aprobetxatzeko eta gehienbat gustatzen zaidalako animaliekin lana egitea eta baratzan eta… Ikasteko pixka bat horretaz.
Zein bilakaera izan du ikasle kopuruak?
Xabier Muruamendiaraz: Bueno, aspaldidanik egon da eskola nahiko egonkortuta. Hasieran, duela 25-30 urte, ikaslego handia zen. Orduan Lanbide Hezkuntzan bakar-bakarrik ziklo bat zegoen, eta, garai hartan, egiten genituen hautaketako saioak. Gero, krisia etorri aurretik, egon garenean goian, lana ugari egon den garaian, ikasleak derrigorrezko hezkuntza bukatu ondoren, lana zeukaten, gainera, ondo ordainduta, eta orduan egon da jaitsiune garrantzitsu bat, eskoletan nabaritu dugu. Eta berriro ere krisia etorri dela, gai horrekin, behintzat, lana murriztu den garaian, ikaslea berriro ere eskolaratu zaigu maila onean eta gaur egun goi-mailako zikloan egiten dugu hautaketa, eta erdiko mailako zikloetan ez dugu egiten baina hortxe-hortxe gabiltza…
Gazte askok zergatik erabakitzen dute nekazaritzatik bizitzea?
Mikel Odriozola: Ba, nik uste dut hori, tailerrak (lantegiak) eta badaudela hor beste horario (ordutegi) batzuekin eta beste gauza batzuekin, baina nik uste dut honek, hau azkenean dela gustatu egin behar zaizun gauza bat, eta, gero, ba zer esango nizuke ba nik, niri piezak egiten edo ez dakit zer burdin produzitzen (ekoizten) ez didana (nauena) betetzen ba bai baratzak eta bai animaliekin lan egiteak gehienbat bakoitzaren satisfakzio (asebetetze) pertsonala, edo ondo sentitzen zaren zerbait egiten duzula sentitzen duzu, ez? Eta nik uste gehienbat gazteak eta ere lana edo diruaz aparte, bilatzen duela bizitzeko era bat, eta ba ,hori, lana egiteko beste…bete egiten dizula (zaituela) lanak, ez?
Xabier Muruamendiaraz: Nekazaritzatik bizitzea, erderaz esaten den bezala Modus vivendi bat da, ezta? Bizitzeko era bat da. Ingurunea gustatu behar zaizu, baserria gustatu behar zaizu, animalia gustatu behar zaizu, elikadura gustatu behar zaizu, elikagaiak sortzea, aberegintza… Ez dago ordutegirik, egun batean tokatuko zaizu lau edo bost ordu egitea eguraldia ez delako lagun eta ezin delako egin, hurrengo egunean tokatuko zaizu hamabost ordu egitea… Sekula santan ez dugu industrian irabazten den soldata bat izango, beti txikiagoa izango da, baina nekazaritzan lana emateak ematen dizun halako satisfakzioa (asebetetze) nik uste industriak ez duela ematen. Orduan, Modus vivendi bat da.
- Malutafilms