detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Nola gidatzen dugu?

Nola uste duzu gidatzen dugula euskaldunok? Gidatzeko ohiturak berdinak dira leku guztietan?

2016. urtean, Euskal Herriko errepideetan 82 pertsona hil dira istripuz. Datu hori iazkoa baino hobea da, % 16 txikiagoa zehazki. 2015. urtean, 98 izan ziren hildakoak, eta 2014. urtean, berriz, 129. Asko dira? Edo gutxi? Europan kopururik onenak Suediak, Holandak eta Ingalaterrak dituzte; hau da, errepideetan, hemen baino hildako eta zauritu gutxiago dituzte.

Hala ere, Euskal Herrian, 2004. urtetik aurrera, etengabeko hobekuntza izan dugu, hildakoen eta zurituen kopuruek behera egin baitute. 2010. urterako jarri genituen helburuak, 2009. urterako bete genituen. Eta ordutik hobetzen jarraitu dugu, nahiz eta gero eta zailagoa den. Zergatik? Zifra hori, ona izanik, hobetzea zaila delako.

Baina, nola lortu dugu? Gauza txiki askoren eraginez, baina, batez ere, pentsaera aldatu dugulako: lehen istripuak ezbehar bat ziren, inork ez zuen inor hil nahi, baina halabeharrez gertatzen zirela uste genuen. Orain, berriz, arduraduna bilatzen dugu: noren errua izan da? Gizarteak, oro har, pentsamoldea aldatu du, eta badakigu gidatzean kontuz ibili behar dugula, ondokoari min emateko arriskua dagoelako.

RAC 1923. urtean Gipuzkoan sortutako auto klub bat da. Martxan jarri zenean, auto-gidariak sustatzea, babestea eta defendatzea zuen helburu. Gaur egun, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: segurua, asistentzia (autoei edo pertsonei), abokatuak… Nafarroako eta Euskadiko zuzendariordea Luis Murgia da (Donostia, 1957), eta mugikortasunean ere aditua da. Berarekin elkartu gara Donostiako bulegoan.

EUSKALDUNAK GIDARI ONAK GARA?
Euria ari duenean edo mendiko errepideetan euskaldunok beste askok baino hobeto gidatzen dugu. Zergatik? Ohituta gaudelako. Andaluzian, ordea, ez du hainbeste euri egiten eta haiei arrotza zaie euritan gidatzea. “Alemaniarrek, berriz, elurretan guk baino hobeto gidatzen dute”, azaldu digu Murgiak.

Autoei dagokienez, askotan, herri txikietan edo baserrietan 4x4 ibilgailuak erabiltzen dituzte, baina bestela ez dugu auto jakin bat erosten: “Egia da, krisiarekin, auto zaharrak mantendu ditugula, eta horrek segurtasunarekin du zerikusia: auto berriek istripua izan baino lehen eta istripuaren ostean babesten gaituzte eta, gainera, gutxiago kutsatzen dute”.

Gidatzea eskubide bat da, baina, aldi berean, ardura bat ere bai. Batzuetan, autoa hartu bezain azkar, helmugara iritsi nahi dugu. “Bidaiako tartea denbora galdua dela pentsatzen dugu. Atera baino lehen iritsi egin nahi dugu. Hiri barruan, semaforoak eta auto-ilarak egoten dira, haurrak eskolara eraman behar ditugu, mandatuak egin, presaka…”. Balantzaren beste aldean, bidaia luze bat legoke, mendiko errepide edo autopista batean, lagunekin, bazkaltzera goazenean, eguraldi onarekin eta paisaia polit bat ikusiz. Muturreko bi egoera dira, baina bietan adi egon behar dugu, ardura gurea baita.

MITOAK
Beti esan izan da emakumeek okerrago gidatzen dutela… Baina hori egia da? Luisek argi eta garbi erantzun digu: “Hori mito bat da; gezurra da. Emakumezkoek, proportzioan, gizonezkoek baino istripu gutxiago dituzte”.

Eta zer maniobra gustatzen zaigu gutxien? “Errotondak gorrotatzen ditugu. Askok ez dakite errotonda barruan nola jokatu”, azaldu digu.

Euskaldunoi ez zaizkigu errotondak gustatzen.
 

Eta okerren Asian edo Afrikan gidatzen dutela ere entzun izan dugu. Une honetan, istripu-kopuru handiena Indian eta Txinan dago. “Duela gutxira arte ez zuten ia autorik, eta, orain, garapen ekonomikoari esker, ia denek dute autoa. Istripuen igoeran eragin du horrek. Hala ere, denborarekin egonkortuko dela uste dut”. Arauen araberakoa da okerrenak izendatze hori. Suitzan, adibidez, zebrabide bat semaforoaren argi gorria piztuta dagoenean pasatzea oso larria da, eta hemen, berriz, ohikoa. “Guretzat, egiptoarren gidatzeko modua kaotikoa da, eta gu baino okerragoak dira. Suitzarrei horixe pasatzen zaie gurekin. Azkenean, herrialde bakoitzeko kultura eta arauak dira, ohiturak, jartzen dituzten zigorrak, gizartearen mentalitatea ere bai”.

ZERK ERAGITEN DITU ISTRIPUAK?

Hainbat arrazoi egoten dira istripu bat sortzeko edo eragiteko, eta herrialde bakoitzaren egoera desberdina da: “Suediak zifra onak ditu, baina istripuak sortzeko arrazoi nagusia alkohola da. Frantzian, berriz, abiadura da arazoa”.

Istripuen arrazoiak aldatu egiten dira herri batetik bestera

 

Euskal Herrian, istripuak abiadura desegokian eta arretarik gabe joategatik sortzen dira: whatsappean idatzi edo irakurtzen dugulako, erretzen goazelako, disko bat jarri nahi dugulako, haurrari begira goazelako… “Lehen istripu gehienak gazteek izaten zituzten goizeko ordu txikitan, parrandatik bueltan, baina hori aldatzea lortu dugu; jende gazteak mezu hori barneratu zuen”.

Eta zuk? Gidatzen zoazenean horrelakorik egiten duzu? Ondo gidatzen duzula uste duzu? Mitoren bat ezagutzen duzu? Egia dira?

 

 

 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zein da gehien gorrotatzen dugun maniobra? Zergatik?
Ez dakit gorrotatzen, baina behintzat jendeari horrela, zer edo zer sortzen dionak izaten dira, edo behintzat gehien hitz egiten direnak izaten dira errotondak: errotonda gehiegi daudela, errotondak eta errotondak, bueltak eta ez dakit zer eta badakit zer… Baina gauza da ez dakigula askotan errotonda barruetan nola konportatu behar garen.

2.    Zein da hemen istripuak sorrarazten dituen arrazoia?
Hor dago ere, Europako herri bakoitzean, ba, arazo desberdinak izaten dira: adibidez, Suezian, adibidez, zifra onak dituzte, baina, bestalde, arazorik handiena alkoholarekin daukate. Frantzian, adibidez, abiadurarekin. Beste leku batean… Eta hemen, dirudienez, batez ere, istripuak sortzen dira despisteengatik. Bueno, despiste edo, telefonoz hitz egiten dugulako eta… Hemen, azkeneko hamabost urte hauetan, adibidez, lehenago asko gertatzen zen gazteen asteburutan, alkohola, diskoteka, ez dakit goizeko zer ordutan… Istripu horiek. Hori asko hobetu da, eta horrek garbi utzi du jende gazteak mezu hori ondo jaso zuela. Eta gertatu dena azken urte hauetan, denak orain bueno telefonoa eta, batez ere, whatsapp eta mezu hauekin, bueno, ba, sortu da istripu berri bat lehen ez zegoena, dela gidatzen ari zarela eta idazten, irakurtzen eta idazten batera. Eta despistea izan liteke ba gauza asko, edo erretzen zoazelako, edo izango litzateke, zaila da ere definitzea zer den sakonki hori, despiste hori baina estatistiketan behintzat hemen daukagun arazorik handiena hori litzateke.

3.    Egia da emakumeek hain gaizki gidatzen dugula? Datuak baditugu edo mito bat da?
Mito bat da. Hor estatistika aldetik(an), garbi dago emakumezkoek istripu askoz gutxiago dituztela gizonezkoek baino. Gero ikusi behar da, gero hasten zara analizatzen: egia da ere bai, emakumezkoek gizonek baino gutxiago gidatzen dutela, kilometro gutxiago, baina, hala ere, eta batez ere, gidatze osea, gidatzean zer aktituderekin jartzen diren autoan gizonezkoak eta emakumezkoak, emakumezkoek normak gehiago betetzen dituzte, prudenteagoak dira… Gero beti dago matxismo hori, “A! Ez dakizula!”, baina emakumezkoek, hori garbi dago, gizonezkoek baino, proportzioan ere istripu gutxiago dituztela.

detalle2

Docuthèque

B1
31-03-2017

x61pRelaContWAR

16172521
00:03:56

x61pViewCountWAR

8438

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR