Gidabaimena inklusiorako bide

"Alda dezagun martxa" behar bereziak dauzkaten pertsonek gidabaimena eskuratu ahal izateko programa da. Izan ere, gidabaimena autoak erabiltzeko baimena izateaz gain, autoestima eragile eta inklusiorako bide ere bada.

Alda dezagun martxa programako hartzaile eta eragileek euren esperientziaren berri eman dute Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

 

 

 

 

Irudia: Rudy and Peter Skitterians, Pixabay.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Gidatze-baimena atera ahal dezaten. Zertarako, gidabaimena lortzeko, eskuratzeko aukera izateko.

Programa honen bidez. Programa hau erabiliz, programa honi esker. 

Nortzu daude. Zein pertsona daude.

Test bikoitza. Hasierako test kopurua bi aldiz, bider bi. Aldi berean, hirukoitza, laukoitza...

Ikastaro trinkoa. Ikastaro sendoa, jarraia, mamitsua.

Norbere autonomiarako. Pertsona bakoitzak bere autonomiarako. 

Ez datozela bat. Ez dutela bat egiten.

Trantsizio moduko ikastaro bat. Trantsizio gisako ikastaro bat. Trantsizio bezala funtzionatzen duen ikastaroa.

 


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria 1. Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroak, CREENAk antolatzen duen programa da Alda Dezagun Martxa, zehatz esateko aniztasun funtzional, intelektuala eta garapenekoa duten pertsonei zuzenduta, ba maila intelektualean zailtasuna duten pertsonak bai kontzentratzeko, ikasteko edo hainbat kontzeptu ulertu edo barneratzeko, gidatze-baimena atera ahal dezaten.  

Ze(ren) Trafiko-zuzendaritzak ez du salbuespenik edo berezitasunik egiten, azterketa denentzat da berdina… Baina zer aldatzen da? Programa honek laguntza behar duten ikasle hauei ba bermatzen diela karneta ateratzeko azterketaren prestaketa. Pertsona hauek gidatzeko gai dira, jende guztiari eskatzen zaion mediku-azterketa gainditu dute, baina gero zailtasunak dituzte. Eta programa honen bidez ari dira gidatze-baimena ateratzen.  

Esataria 2. Baina Aritz, nortzu daude titular horren itzalean? Nortzu dira Alda Dezagun Martxa  programa horretan ari direnak?  

Esataria 1. Ba adibidez, Ainhoa. Datorren astean du azterketa teorikoa eta oso eskertuta dago egitasmo honekin.  

Ainhoa ikaslea. Kostatzen zaien pertsonei ba ateratzeko karneta, eta izateko bizitza normala, eta ez egotea beti ba gurasoen zain edo lagunen zain.  

Esataria 1. Ainhoa eta Irati, programa honetan parte hartzen ari diren besteak bezala, saiatu ziren autoeskola estandar batean gidatze-baimena ateratzen, baina…  

Irati ikaslea. Apuntatu nintzen (izena eman nuen) autoeskola normal batera, eta agobiatu (estutu) nintzen, agobiatzen nintzen, eta ez nekien nola egin. Ez nintzela kontzentratzen, eta ez nuela, ez nituela gauzak oso ondo ulertzen.  

Esataria 1. Eta zer eskaini die programa honek? Ba test bikoitza egiteko aukera, klase gehiago hartu, 16 orduren ordez 3 hilabeteko ikastaro trinkoa, bideoak, hiztegi berezia, ikasteko teknika berritzaileak, irakurritakoa ulertzeko ariketak… Baina aldarrikatzen dute gaitasuna eta eskubidea badutela gidatze-baimena ateratzeko aniztasun funtzional intelektuala izanagatik ere. Eta nabarmentzen dute, ilusioa. Autoa gidatu ahal izatea denontzat da ona norbere autonomiarako, baina programa honetan dauden ikasle askorentzat bizitzan emandako urratsik inportanteenetakoa da. Autokonfiantza, autoestima, lana lortzeko bidea.  

Esataria 3. Programa honetako irakaslea da Amaia Carrión, Lesaka-Bera autoeskolakoa, APANA elkartekoa. Amaia, egun on.  

Amaia Carrión irakaslea. Kaixo, egun on.  

Esataria 3. Nola prestatzen dituzue intelektualki zenbait zailtasun izan ditzaketen pertsona hauek gidatze-baimena ateratzeko? 

Amaia Carrión. Ba lehenik eta behin gehien azpimarratuko nukeena da, denbora. Denbora da gehien behar dutena, pazientzia, arreta berezia, talde txikitan lan egitea, banaka, bakoitzak behar duen modura esplikatzea… 

Esataria 3. Ze(ren) beraien zailtasunak non daude? Adibidez, galderak ongi interpretatzeko eta ulertzeko? 

Amaia Carrión. Bai. Hori da gehien kostatzen dena, ez? Beraiek, esplikatzen zaienean gidatzeko edo zirkulatzeko kodea, ikasi, jakin badakite… Gero zailtasunik handiena da, irakurtzen dituztenean galderak, eginak dauden moduan irakurrita ere, beraien interpretazioaren arabera askotan, hiztegi-arazoak dituztelako, ulermen-arazoak edo ba, interpretatzen dutena eta benetan galdetzen dutena ez datozela bat. Orduan hori da hurrengo urratsa, ez? Aurrena kodea ikasi, eta gero banan-banan hiztegia landu… Horregatik(an) egin behar dituzte test gehiago eta hiztegia landu, eta landu… Denbora, denbora… 

Esataria 2. Eta azterketa praktikoan? Autoa gidatzeko orduan zer prestaketa edo zer irakaspen berezi ematen diezue?  

Amaia Carrión. Bueno, nik orokorrean teorikoa ematen diet. Baina guk orain arte, adibidez, egin duguna da gelan ikusi dugun guztia, ba gero joan ginen Parque Polora (Polo Parkera) praktika txiki batzuk egitera, nahiz eta martxarik gabe eta izan, karts-etan… Ikusi dugu gero benetan ba bidegurutze bat zer den, seinalizazioa non dagoen, nola kokatu behar den… Teorikoa eta praktikoen arteko zerbait izan da, ez? Eta gero simuladoreak ere bai. Hemen badago, trantsizio moduko ikastaro bat ematen da.  

Esataria 3. Beraz, ikaste-prozesuan laguntzen diezue baina gero argi utzita egin behar duten azterketa beste guztien berdin-berdina dela, bai praktikoa bai teorikoa.  

Amaia Carrión. Bai. Noski! Azterketa beste guztiek bezala pasa behar dutela: denentzat da berdina.  

B2
13-12-2022
29905025
00:03:48
2138