Eskuratu berriak Fitxa - Liburutegia
Uda batez Montaignerekin
Duda-mudatan sobera luzatu gabe onartu zuen Antoine Compagnon idazle, irakasle eta akademiari frantsesak France Inter kate ezagunak 2012ko udan, uztail eta abuztuko hiletan, Michel de Montaigneri buruz egunero aurkeztuko zen irrati-saio bat prestatzeko gonbita. Esperientzia hartatik sortu zen tratatu burutsu bezain entretenigarri hau, Uda batez Montaignerekin. Iradokizun pindartsuz beteriko gogoeta bizien eskutik datorkigu berrogei kapitulutan banatua den liburu hau eta, haren bitartez, aukera paregabea eskaintzen die Compagnonek Montaigneren lana ezagutzen ez duten irakurleei haren distira bereziaren berri izan dezaten, eta haren obraren indarra, bizitasuna eta gaurkotasun iraungiezina ere ekarriko dizkie gogora izen hori horren arrotz ez dutenei.



