Jarduera
Munduan ibiltzeko kamisetak
Hizkuntzak oso garrantzitsuak dira, besteak beste, atzerrira bidaiatzeko. Baina zer egin herrialde bateko hizkuntza ezagutzen ez baduzu?
Ez egin ezer ez baldin bada beharrezkoa eta erabilgarria.
Baina beharrezkoa eta erabilgarria baldin bada,
dudarik gabe, egin ezazu ederra.
Hizkuntzak oso garrantzitsuak dira, besteak beste, atzerrira bidaiatzeko. Baina herrialde bateko hizkuntza ezagutzen ez baduzu, beharbada nahikoa izango duzu horrelako kamisetak jantzita bidaiatzea. Izan ere, irudi batek 1000 hitzek adina adierazten omen du, ezta?
Hainbat hizkuntza jakinda ere, sarri gertatu zaie bidaiari gehienei: herri batera heldu eta ezin bertako biztanleekin komunikatu. Ezin oinarrizko kartelak ulertu (alfabeto ezberdina dutelako), eta ezin hitz-erditxo bat ere ulertu. Horrelakoetan, keinuen bidez komunikatzen saiatzen gara, hainbat keinu eta ikur nazioartekoak direlako. Munduko ia edozein biztanlek ulertuko du lo egin nahi dugula, begiak itxi eta burua alde batera botatzen badugu; edo zeozer jan nahi dugula, eskuak ahora eraman eta ahoa mugitzen hasten bagara.
Ideia horri jarraituz, bidaiarientzat oinarri-oinarrizko diren 40 ikur dituzten kamisetak saltzen hasi da IconSpeak marka. Azken batean, nahikoa direlako oinarri-oinarrizko ikur gutxi batzuk, bidaiari batek dituen funtsezko beharrei erantzuteko. Jan-edana eskatzeko, eguraldiaz galdetzeko, garraioaz itauntzeko, ura edangarria den jakiteko,...
Ideia Suitzako hiru lagunek izan zuten, trago batzuk hartuta, Vietnamen moto batekin abentura bat izan ondoren. Diotenez, zailena oinarrizko 40 ideia horiek aukeratzea izan da, eta, gero, gai horiek ikono unibertsalen bidez adieraztea, edozein kontinentetan ere ulergarri izateko moduko ikonoen bidez:
“Askotan egin genuen topo hizkuntzaren arazoarekin, eta azkenean beti modu berean bukatzen genuen: marrazkiak egiten paper-mutur batean edo lurraren gainean. Horregatik pentsatu genuen oso erabilgarria izango zela oinarrizko ikono batzuk beti ondoan edukitzea, beharra izanez gero, seinalatu eta jendeak ulertzeko moduan. Horrela hasi ginen ikonoak aukeratzen, edozein lekutan eta edozeinentzat oinarrizkoak izan zitezkeen ikonoak”.
Sustatu.eus
(moldatuta)
Jarri taldean eta komentatu puntu hauek:
- Horrelako kamiseta bat egin beharko bazenute, zer gai aukeratuko zenukete? Aukeratu zazpi.
- Eta horiek adierazteko zer ikono? Aukeratu hogei.
- Ondoko kamiseta honetan, zein ikono kenduko zenukete? Eta zein jarriko?
