irakurgai-mailakatuak-fitxa
Zirtak su
Zirtak su eleberri historikoa da, egiazko gertakizun batean oinarritua, egiazko pertsonaia bat protagonistatzat duena: Egeria, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea. Trilogia baten lehen liburua da hau.
EGILEA: Maite López Las Heras
ARGITALETXEA: Alberdania
URTEA: 2026
Guregana heldu diren testuetatik abiatuta, Maite López Las Herasek IV. mendeko emakumearen bidaia luzea kontatzen digu, Gallaeciatik Lur Santuraino. Ibilbidean zehar protagonistak biziko dituen gorabeherak ugariak eta erakargarriak izango dira, orduko testuinguru nahasi eta berezian kokatuak, Erromatar Inperioaren gainbeheran eta Kristautasunaren hastapenetan, hain zuzen.
Beste elementu bat tartekatuko da, ordea, kontakizun osoan zehar, liburuaren funtsa izango dena: zentsura. Erdi Aroko kopista desberdinen lana eta bizimodua ezagutu ahal izango ditugu, Egeriaren lanaren zein zati eta zein ez kopiatu erabakiko dutenak, nolabait ere guregana heldu den testigantzaren zergatia azalduko digutenak.
Liburuaren aurkezpen-bideoa ikus dezakezu esteka honetan.
Hona pasarte bat (9. or.):
"Ez nuke inondik ere zuen kastitatea urratzerik nahi ere hitz hauen atrebentziarekin. Nire arimarentzako erremedio bila atera nintzen etxetik, gure bizilekutik, zuen adiskidetasunak ematen didan aterpe goxotik, urrutira, zoritxar ugari gerta dakizkidala ohartarazi zenidaten arren. Onartzen dut beldurrak ere behin baino gehiagotan astindu didala segurantzia. Ez dizuet gezurrik esango. Baina, egia esatera, erraz samar gainditu dut baretasun etxetiarretik ihes egiteko tentaldia."
