Zebrak eta bideak
Sei ipuinez osatua da Nerea Loiolaren bigarren narrazio bilduma hau. Ipuin hauetako pertsonaiek aurrera egin beharko dute bizitzak ezarritako bidegurutzetan; ezezagunera urratsak egin, emakumea eta animalia itzal-errebelazio binomioaren zokorik ezkutuenetan elkartzen diren lekuetara. Geldirik egotea ez da aukera bat.
EGILEA: Nerea Loiola
ARGITALETXEA: erein
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Egilearen liburu-aurkezpena eta kultur proposamenak ikusi nahi izanez gero, hemen klikatu.
Hona pasarte bat (9. or.):
Esan nuen eta berriz diot: istripu eta zoritxar pilaketa bat izan zen, kasualitate segida bat. Ez nintzen munduko amarik onena izango, baina umea ongi zainduta zegoen; ez naiz munstro bat, joder. Ardien erruz izan zen. Bueno, Iñakiren erruz.
Ez dakit, ez dut Iñakiren berri izan herritik alde egin nuenetik.
Beharrezkoa ez bada, nahiago galdera horri ez erantzun.
Bale, saiatuko naiz, baina hamar urte baino gehiago igaro dira. Oroitzapen batzuen arazoa da ahaztu egiten zaizkigula, egun batean azalera itzultzen diren arte, estolderietako urek gainezka egiten dutenean bezala. Nahita ez dizut gezurrik esango, hori baldin bada zure kezka.
Hiru aldiz zenbatu nituen... hogeita hiru, hogeita lau eta hogeita bost. Zazpi ardi falta ziren. Haien bila aritu nintzen basoko sasiarte eta zuhaitzen atzealdeetan.