Marcus Marc eta Koltanaren bidea
Marcus Marc hegazkin-pilotuari bere bizitza kontatuko dio Kibwe gazteak, matxura baten ondorioz Kongoko bihotzean lurreratzea lortzen duenean. Eta kontaketa horren bidez, Kibwek koltana minerala ateratzeko meategitik, esklabutzatik, alde egitea nola lortzen duen ikusiko dugu. Eta nola ekiten dion bizimodu berri bati handik ez oso urrun.
Egilea: Núria Climent Codina
Irakurketa Erraza formaturako zuzenketak: Eugènia Salvador
Itzulpena: Nerea Aizpurua Iraola / Lina Ugarte Sauret
Argitaletxea: Adapta
Argitalpen-urtea: 2019
Koltana gailu askotako prozesadoreek duten osagaietako bat da. “Urre urdina” ere esaten zaio mineral honi. Kontua da koltan-meategietan esklabuak ari direla lanean, Kongoko Katanga eta Kivus meategietan, hain zuzen, baita haurrak ere. Kibwe gaztea da esklabo duten horietako bat.
EITBko bideo honetan liburuan lantzen den gaiari buruzko bideo interesgarria duzu ikusgai.
Oharra: Liburu hau Irakurketa Erraza sailerako dago moldatua, eta koltanari buruzko zenbait azalpen labur ditu. Amaieran, irakurritakoa bere testuinguruan txertatzeko eta hausnarketa bideratzeko hainbat galdera daude, mintzamena lantzeko lagungarri.
Hona pasarte bat:
"Osatu nintzenean ez nengoen herrixkan,
toki arraro batean nengoen, berezko arauekin.
Koltan meategi batean esklabo nintzen.
"Azkar ikasi behar izan nuen nola biziraun
nire bizitza berrian.
Arau argi bat bakarrik zegoen: beti esana betetzea.
Betetzen ez zuena oihuak, kolpeak
eta tiro bat ere jasotzera arriskatzen zen.
(24. or.)