irakurgai-mailakatuak-fitxa
Sorgin seinalea
Bost hizkuntzetara itzulia izan den istorio honetan, Elbira Goitia uztariztarraren abenturak kontatzen dira eta benetako gertaeretan daude oinarrituak. Istorioa garai ilunean kokatua dago, 1611. urtean, Lapurdiko gizarte estua eta miseria gorria islatzen duena eta inkisizioaren itzal luzea ere ageriko zaigu.
Egilea: Harriet / Redondo
Itzulpena: Migel A. Elustondo
Argitaletxea: Harriet Ediciones
Argitalpen-urtea: 2017
Elbira Goitia andrearen kontrako sorginkeria-salaketa berretsiko du Baionako epaitegian Mari Lisalde herrikideak, inkisizioaren aurrean. Eta nahiz eta salaketa faltsua izan, Lancre inkisidore gupidagabeak gorriak pasaraziko dizkio Elbirari. Bestelako jende baztertu asko ere ageri da komikian, maisuki islatua: agotak, iruzurtiak, moriskoak, ustezko sorginak…
Hona pasarte bat: Baionako epaitegian, inkisizioaren aurrean:
- Mari Lisalde, esan argi eta ozen, ezagutzen al duzu Elbira Goitia akusatua?
- Bai, andere horrexek engainatu ninduen akelarrera joan nendin eta Barraban deabrua gurtu nezan.
- Gezurra!
(22.or.)
Oharra: Sorgin seinalea, 1984an HABEren Habeko Mik sailean argitaratutako ale berezietako baten izena da. Komiki hartako istorioak segida izan zuen, baina aurrenekoaren istorioaren arrakasta dela-eta, istorio guztiak Sorgin seinalea izenarekin dira ezagunak.
Hauek dira liburuak dituen atalak (HABEk horietako batzuk digitalizatu eta eskaintzen ditu IKASBIL atarian):
- Zitalaren aura
- Katuaren negua
- Otsemea
- Heriotza-mezulariak
