Lehen amodioa
Lau egile ezagunen narrazioak lehen amodioaren inguruan.
Paveserenean, nerabe bat Nino lagunaren arrebaz maitemindu da. Maitasun platonikoak bihotza zartatuko dio nerabeari. Izan ere, neska zaharragoa da, eta baditu bere amodioak bere aldetik.
Gérard de Nervalen ipuinean narratzaileak hiru emakumez dihardu, pentsamenduek ez dute bakean uzten gizajoa: gogoan du nola maitemindu zen Aurélie antzezleaz, nola maite zuen beste neska bat moja joan zen, nola saiatu zen Sylvie konkistatzen… alferrik…
Guy de Maupassanten ipuinean ezustean gertatzen diren harremanen samurtasuna ikusiko dugu.
Samuel Becketten ipuinean, berriz, amodioak baino tarte handiagoa hartuko du desamodioak.
Egileak: Cesare Pavese, Guy de Maupassant, Gérard de Nerval, Samuel Beckett
Itzultzailea: Joseba Urteaga
Argitaletxea: Igela
Argitalpen-urtea: 2017
Hona pasarte bat: Egun bat ibai ertzean ipuinetik hartua(Guy de Maupassant)
Dufour andereñoa bakarrik kulunkatzen saiatzen zen kolunpio gainean zutik jarrita, behar adinako bultzadarik ematea lortu gabe. Hemezortzi eta hogei urte bitarteko neska ederra zen: kalean berarekin topo eginez gero, bat-bateko desira batez astintzen zaituzten emakume horietakoa, eta gauera arte urduritasun lauso baten menpe eta sentimenak aztoraturik dituzula uzten zaituztenetakoa. Altua eta beltzarana zen eta gerri liraina, aldaka zabalak, oso begi handiak eta ile beltz-beltza zituen. Soinekoak lehendik ere gorputzaren oparotasun irmoa nabarmentzen bazion, are eta gehiago kolunpioa abian ipintzeko gerriekin egiten zituen ahaleginekin.
(94. or)