Back to Leizarraga
Euskarazko prosa aztertzen du Altonagak saiakera diakroniko honetan. Idazlea zientzialaria da berez, eta zientzian zehaztasuna, lexikoarena kasu, ezinbestekoa da, eta erregistro horretan nahikoa motz ikusten ditu euskarazko idazleak, garbizaletasuna gainetik kendu ezinda idatziko balute bezala, besteak beste.
Eta zehaztasuna bermatzeko, kanpoko hitzak hartu behar badira, bada, hartu; hori proposatzen du Altonagak, azken urteotan Xabier Amuriza bertsolariak aipatutako bidetik. Eta “zein, zeina, zeinarekin” partikulekin hasten diren erlatiboen alde ere azaltzen da, eta ez soilik maila teknikoko testuetan. Eta badarabiltza esaldiok, garai bateko Leizarraga idazlearen antzera edo. Beste honekin ere ez dago pozik Altonaga. Hitz elkartu batzuek marra behar izaten dute, beste batzuetan hautazkoa da, irizpide-falta ikusten du maiz, testu baten beraren barruan alegia.
Dena den, liburua ez da zientzia-testuen inguruko itzulpenen hausnarketa soilik, literatura-idazleak ere “zigortzen” ditu horien itzulpenak, adibidez, 43., 49., 69. edo 73. orrialdean. Baina ondo egindakoa aitortzen ere badaki, adibidez, 109. orrialdean.
Egilea: Kepa Altonaga
Argitaletxea: Pamiela
Argitalpen-urtea: 2015
Hona pasarte bat, Xabier Amuriza aipatuz (16-17. or.):
Labur esateko hizkuntza guztia deskolokatuta daukagula diosku 1996ko luma-lan horretan. Oraintsuago 2007an "hizkuntza deskojonatuta daukagu” zioen informalkiago, Senez aldizkariaren 32. zenbakiak dakarren mahai-inguru batean, eta bai ere 20.000 hitz komun falta zaizkigula, eguneroko bizitza modernorako behar ditugunak.
Esan gabe doa, bat nator Xabierrek mahaigaineratutako planteamendu orokorrarekin.
EL DIARIO VASCO egunkarian idazleari egindako elkarrizketa hemen duzu irakurgai.
NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkarian idazleari egindako elkarrizketa hemen duzu irakurgai.