Dokuteka
Txakurren egitekoa XXI. mendean
Entzungo zenuen inoiz: “Gure herrian, ume baino txakur gehiago dago”. Hainbat herritako erroldek frogatzen dute hori ahoberokeria ere ez dela. Baina zertarako darabiltzagu txakurrak gaur egun?
ETBko Ur handitan telesaioan, Xabier Madariagak txakurrei buruzko erreportajea aurkeztu du. Txakurrekin bizi diren hainbat pertsonarekin hitz egin du; besteak beste, Aritz Ganboa, Arruazuko (Nafarroa) artzain eta telebistagatik ezaguna izan du solaskide. Hark bere ikuspegia eman dio gizakiok txakurrekin dugun harremanari buruz.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Senean hori gordetzen dute. Izaeran, nortasunean gordetzen dute. |
Aritz Ganboa: Heldu horri! Heldu horri! Jai, heldu horri! Oso ongi! Benga (tira), segi, aurrera, segi! Eskubi (eskuin), eskubi. Segi eskubi! Eskubi, pasa! Etzan!
Txakur-arrazak eta ditugun txakurren gaitasun… portaera-gaitasunak finkatu dira milaka urtetan funtzio batzuetarako. Gaur egun, ez dituzte funtzio horiek betetzen, baina oraindik senean hori gordetzen dute barruan.
Xabier Madariaga: Gaur egun, beraien (haien) funtzio nagusia delako konpainia egitea?
Aritz Ganboa: Bai.
Xabier Madariaga: Bai? Horretara mugatzen ari gara txakurrak?
Aritz Ganboa: Bueno, nik esango nuke konpainia hori motibatua dagoela beste elementu batzuengatik: ba, kontsumismoarekiko daukagun jarrerarengatik, ba, betetzen dute beste tresna batzuk bete dezaketen... elementu dekoratibo bat, adibidez; txakurra, estetikoki, horrelakoa gustatzen zaidalako. Bihurtu daiteke sinbolo bat, nire estatusaren sinbolo bat: nik txakur hau daukat, txakur honekin erakusten dudalako nire posizio sozial bat. Osea... (hau da) txakur horiek selekzionatu (hautatu) baldin badira funtzio zehatz batzuetarako, gaur egun beste gauza batzuetarako baliatzen ditugu. Eta uste dut konpainiak garrantzi handia hartu duela, bereziki gaur egungo gizartean indibidualismora jotako gizarte batean, eta, bueno, ba, bakarrik sentitzen den gizarte batean gaudela neurri handi batean, eta hutsune hori betetzera datozelako. Gainera, txakurrek, hutsune hori betetzeko, askotan azpimarratzen da, ez?, ez gaituzte epaitzen, dena ematen digute, guretzako (guretzat) daude. Orduan, horrekin definitzen ari garena da zer behar dugu (dugun): eztabaidatuko ez digun, kuestionatuko ez gaituen, epaituko ez gaituen eta gure esanetara beti egongo den norbait ondoan? Horrela betetzen da gure hutsunea? Ikusten dugu oso modu indibidualistan, nik zer nahi dudan; baina ikusten dudanean txakurrak zer behar duen eta horrek nire bizitzan zer aldaketa ekarri behar dituen, orduan arazoak dauzkagu.
Xabier Madariaga: Eta ze ondorio ditu txakurrarengan hau egiteak? Gero eta gehiago erabiltzea txakurra guri konpainia egiteko?
Aritz Ganboa: Niretzako (niretzat) hor dago gako nagusia. Nik bai uste dut identifikatua dugula guk zer nahi dugun txakurrarengandik, baina ez dakigula txakurrak zer behar duen gugandik. Eta uste dut arazo nagusietariko bat hor dagoela: txakurrak ez ditugula txakur diren ikuspegi horretatik tratatzen, baizik eta gizakion arteko kodeetan eta oinarrietan hezi eta tratatzen ditugula. Eta hor txakurren beharrak ez dira aintzakotzat hartzen eta ez dira garatzen. Horrek arazoak sortzen dizkio txakurrari, eta arazo horiek gero trasladatzen dira portaera-arazoetan (bihurtzen dira portaera-arazo) eta, bueno, ba, arazo benetan larrietan (larriak). Eta arazo horiek gero gizartera etorriko dira. Zenbat pertsona daude, arazo horren ondorioz, txakurrak abandonatzen dituztenak edo auzokideekin arazoak dituztenak, edo beraien arteko harremanetan eta familietan ere arazoak dituztenak, ez?
Geldi! Bale, hatoz (hator)!
