Dokuteka
Mugikorrik ez eskolan: emaitzak aztertzen
Asko hitz egiten da azkenaldian pantailak, oro har, eskolan debekatzeaz; halako neurriek nolako eragina izan dezaketen... Herbehereetan orain dela urte batzuk hartu zuten neurria, eta ondorioak ikusten ari dira orain.
Irudia: Pixabay
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Herbehereetara jo behar dugu. Europako herrialdea, Belgika eta Alemania artean dagoena. Hara joan behar dugu. |
Oihane Yustos: Herbehereetara jo behar dugu, ze Herbehereetan, duela bi urte, Herbehereetako eskoletan, mugikorren erabilera debekatu zuten, ikasleen kontzentrazioa eta euren errendimendua (errendimendu) akademikoa hobetzeko helburuarekin.
Eta horrek zer esan nahi du? Ba, ordutik, adibidez, erloju adimendunak eta tabletak eskola-inguruetatik kanpo utzi dituztela. Orain, neurria hartu eta bi urte pasa direnean, Xabier Gonzalez, iritsi da emaitzak baloratzeko unea.
Xabier Gonzalez: Bai, eta emaitzak harrigarriak dira: diferentzia nabaritu dute. Iraganean, ikasleen arreta lortzeko ahalegin bereziak egin behar izan (izaten) zituzten irakasleek. Orain, diotenez, telefonorik gabe errazago lortzen dute. Ikasleak lasaiago daude, ez daude mugikorrei pega-pega eginda, eta euren ikaskuntza-maila hobetu egin da nabarmen. Gobernuaren ikerketa baten emaitza argia da: lau ikastetxeetatik (ikastetxetatik) hirutan, errendimendua hobetu egin da mugikorren debekuaz geroztik. Klima soziala ere hobea omen da. Egin diren beste inkesta batzuek ondorioztatu dute, esaterako, ikasleen arteko jazarpen- edo abusu-kasuak —bullying-kasuak— murriztu egiten direla dispositiboak eskolako egunerokotik desagertzen direnean. Baina Herbehereetako kasuak badu berezitasun bat: gailuen debekua ez dago legez araututa. Gobernuak bere garaian argudiatu zuen lege-prozedimendu (lege-prozedura) luzeen beharrik gabeko onespena izango zuela ekimenak hezkuntza-komunitatearen artean, eta halaxe izan da: ikastetxe, irakasle eta gurasoen arteko adostasun nazionala dago honen guztiaren atzean.
Oihane Yustos: Egin dute, bi urte pasa dira, eta ikusi dituzte ondorioak. Egoera hori lehen lerrotik ezagutzen duen euskal herritar batekin hitz egin behar dugu. Herbehereetan 20 urte baino gehiago bizitzen darama Inaxio Zubeldiak, eta, gainera, bera irakasle ere bada. Inaxio, egun on.
Inaxio Zubeldia: Egun on.
Oihane Yustos: Zuk non ematen dituzu eskolak?
Inaxio Zubeldia: Ni Montessori... Groningeneko Montessori ikastetxean, eta hamabi-hemezortzi urte bitarteko ikasleekin.
Oihane Yustos: Horrek, pentsatzen dugu, Inaxio, emaitzetan ere izango duela eragina, emaitza akademikoetan.
Inaxio Zubeldia: Ez dakit, ez dakit. Egia esanda, ez dakit. Emaitza onak jasotzen ari dira. Nik bakarrik ezagutzen dudana da Norvegiako ikerketa bat egin zena, eta han bai azaltzen zen emaitzak (emaitzek) gora egin dutela, eta uste dut baduela eragina emaitzan... Ni gustura... Hemen gustura gaude, baina horren ondorio bakarra den ez dakit.
Oihane Yustos: Ikerketa honek, edo bi urte hauek pasa ondoren atera dituzten ondorio hauek ere badiote klima soziala hobetu dela, jazarpen gutxiago dagoela, bullying-kasuak ere... Hori ere ikusi duzue zuek zuen eskolan eta gainerako beste irakasleetan?
Inaxio Zubeldia: Bai, bai, bai. Baietz, baietz. Batez ere, harreman soziala: hori gehitu (areagotu) egin da. Ikusten genuen atsedenaldietan eta nik zenbat txantxa egiten nien ikasleei, ez?; esaten nien: “Zer, albiste onak al daude munduan?”, edo zera... Gainez, bakoitzak bere mugikorrarekin eta jokoak-eta egiten eta erabiltzen… ibiltzen ziren, eta orain ikusten dira gehiago elkarrekin hitz egiten dutela; baita ere eskolak (eskolek) aukerak ematen dizkiete joko fisikoak egiteko atsedenaldietan, eta hori bai nabarmendu dugula.
