Dokuteka
Elur-antzara
Film bat iragartzeko (eta, batez ere, ikustera gonbidatzeko, saltzeko), trailerra egiten dute produktoreek; literatura saltzeko ere, gaur egun, halakoak egiten dira: booktrailerrak.
Irudia: Booktegi
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Elur-antzara. Tundran hazten den hegaztia (Anser caerulescens). |
Lokazti Handia Essex konderriko kostaldean dago. Ingalaterrako azken leku basatietako bat da; lurralde baxua da, oso eremu zabala. Gatzaga handiek, lokatz-lautadek eta itsasaldiek sortzen dituzten putzuetaraino heltzen dira hango belarrak, ihiak eta erdi murgildutako zelaiak. Handik gertu, itsaso geldiezina dago.
Gizon bakarti bat bizi zen. Gizon makurra zen, baina haren bihotzak izugarri maite zuen basatia eta ehizak harrapatutakoa zen oro. Itxuraz itsusia zen, baina edertasun handia sortzen zuen. Gure istorioa gizon horri buruzkoa da, baita pixkanaka-pixkanaka hura ezagutu zuen neska bati buruzkoa ere.
Azaroko arratsalde batean, Rhayader Lokazti Handira etorri eta hiru urtera, neska bat itsasargira hurbildu zen itsas hesitik. Zama zekarren besoetan. Gizonak esan zion: “A, tiro egin diote, gaixoa! Hanka apurtua dauka, baita hegoen amaierako lumak ere. Baina ez dago larri. Begira, azken lumak moztuko dizkiogu; horrela, benda jarri ahal izango diogu. Udaberrian, lumak haziko zaizkio berriro, eta hegaldatu ahal izango da”.
1940ko udaberrian, hegaztiek garaia baino lehen migratu zuten Lokazti Handitik. Mundua sutan zegoen. Bonbaketarien burrunbek eta marruek, leherketa danbadatsuek, hegaztiak beldurtzen zituzten. Maiatzaren 1ean, Fritha eta Rhayader itsas hesian zeuden, elkarren ondoan. Azken antzara moko labur eta branta musu zuri libreak itxituratik ateratzen ikusi zituzten. Neska garaia, liraina, airea bezain librea eta ederra zen. Gizona, aldiz, iluna, groteskoa, bizarduna eta buruhandia. Zeruari so zegoen. Haren begi ilun distiratsuak antzarek beren hegaldian sortzen zuten formari begira zeuden.
Bat-batean, Fritha asaldatu eta elur-antzaraz ahaztu zen: “Philip, bazoaz?”. Rhayaderrek etena egin zuen agurtzeko. Neskak inoiz ikusi ez zuen zerbait igarri zion aurpegian: distira eta begirada berezia. “Fritha, pozten naiz etorri zarelako. Bai, joan egin behar dut. Bidaia laburra izango da, Itzuliko naiz.” Ohikoa zuen ahots atsegina barruan eta isilean gordetzen zituen gauzek zakartu zuten.
