Dokuteka
Nola ordaintzen duzu?
Nola aldatu diren ordaintzeko moduak! Eskudirua erabiltzetik kreditu-txarteletara egin genuen; gaur egun, telefono bidezko ordainketak nagusitzen ari dira.
Euskadi Irratian ohiko solasaldia egin dute Arantxa Tapia eta Helena Franco politikari ohiekin. Biak ala biak ekonomiak adituak izanda, halako gaiak jorratzen dituzte. Gaur, Bizum izan da mintzagaia, eta aukera emango digute baliabide horri buruz gehiago jakiteko.
Irudia: Bizum
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Otorduak direnean. Janaldi nagusiak, mahaian eserita egiten direnak. Gaur egun, ospakizunekin lotzen da. |
Esataria: Arantxa Tapia, egun on.
Arantxa Tapia: Egun on.
Esataria: Helena Franco, egun on. Hor zaude, Helena? Egun on.
Helena Franco: Bai, bai, bai.
Esataria: Aizue, erabiltzen al duzue zuek Bizuma (Bizum)?
Arantxa Tapia: Nik asko behintzat.
Esataria: Zuk asko. Eta zuk. Helena?
Helena Franco: Bueno, batez ere, lagunen arteko diru-bidalketak egiteko,
Esataria: Bai, otorduak direnean edo opariak erosten direnean edo horrelakoetan, ezta?
Helena Franco: Bestelako salmentetan eta salerosketetan-eta ez dut oraindik erabiltzen.
Esataria: Oraindik ez.
Helena Franco: Ez daukat ohiturarik.
Esataria: Zuk, Arantxa?
Arantxa Tapia: Ba, ba, bai, ze askotan igual egiten duzu enkargu bat, ba, denda batean edo harategian edo arraindegian (arrandegian) edo, eta Bizum bidez ordainduta gelditzen da, eta gero bakarrik joan eta jaso egiten duzu. Hori ere… Horretarako ere erabiltzen dut.
Esataria: Beraz, urratsa (urrats) bat gehiago da hori, pauso bat gehiago da hori. Aste honetako albistea izan da, gainera, akordioa itxi dutelako Europako ordainketa-plataforma nagusiek sistemak elkarren artean bateragarriak izan daitezen, eta honek aldaketa batzuk ekarriko ditu. Adibidez, gure egunerokotasunean nabarituko dugun lehen gauza izango da mugaz gaindiko ordainketak egin ahal izango ditugula mugikorren bitartez, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean. Hori, esate baterako. Baina ekimen honek europarren arteko merkatua bateratzeaz gain, badu beste helburu bat: Visa edo Mastercard Estatu Batuetako sistema boteretsu-boteretsu horiei nolabait aurre egitea. Finean, Estatu Batuen aurrean Europaren burujabetasun digitala eraikitzeko urratsa izan liteke. Zeintzuk izan litezke honen onurak?
Helena Franco: Bueno, batez ere, erraztasun eta malgutasuna ordainketak egiteko orduan, ezta? Oso inportantea, adibidez, mugaz gaindiko herritarrentzat, hau da, estatu batean bizi eta ondokoan lan egiten dutenentzat, eta azkarrago eta errazago egin ahal izatea Europa mailan transakzio guzti horiek (horiek guztiak). Eta bai, neurri batean ere, nik uste dut, ekimen pribatua izanda ere, aurrerapauso bat izan daitekeela europar mailako ordainketa-sarea (ordainketa-sare) bat egiteko bidean. Dena den, egongo dira ekimen gehiago agertzekotan, laster, fase teknikoan dagoen euro digitala, besteak beste, Europako Banku Zentralak bultzatzen duena; alegia, gaur egun, Bizum europarrak eduki ditzakeen bermeak baino berme handiagoarekin, Europako Banku Zentrala atzean dagoelako. Baina, bueno, helburua pixka bat hori ere bada, ez? Alde batetik, erraztu Europako Batasunean eta Europako inguruko herrialdeen arteko transakzioak online egiteko sistemak, eta, bide batez ere, Amerikako Estatu Batuekiko menpekotasuna jaisten joatea.
Esataria: Arantxa, baita ere, beste abantaila bat izan liteke komisioena edo erretentzioena, ze, zenbait sistema erabiltzeagatik, adibidez, txartelarekin ordaintzeagatik, denda txikietan ordaindu behar izaten da kopuru txiki bat ―Bizumarekin partikularren arteko ordainketa horretan ez― eta pentsatzekoa da, saltokietan zabaltzen baldin bada, ez dela ordainduko.
Arantxa Tapia: Hala pentsatu nahi nuke. Eta Helenak aipatzen zuen bezala, nik uste dut badaudela hor bi gai nagusi, edo niretzako (nire ustez) nagusiak direnak behintzat: alde batetikan (alde batetik), Europa ari dela bere subiranotasuna nolabait, ba, aztertzen eta urratsak ematen, hori aurrera egin ahal izateko edo egoera horretan aurrera egin ahal izateko; eta, beste alde batetikan, erabiltzaileentzat, bai erosten duenarentzat, bai salmenta-puntuetan dauden pertsona horientzat eta komertzio horientzat garrantzitsua izan daiteke sistema propio hori edukitzea. Orain hurrengo urratsa niretzako izango litzateke hori, ezta? online-merkatu horretara pasatzea horrelako plataformak, eta, nolabait, berme guztiekin izatea, Helenak aipatzen zuen bezala. Era batera edo bestera, ba, Mastercard edo Visa dauden bezala, sistema desberdinak egotea berme guztiekin eta erraztasun guztiekin Europako merkatuan mugitzen garen guztiontzako (guztiontzat). Beraz, nik uste dut aurrera urrats oso garrantzitsua izan daitekeela.
