detalle dokuteka-generico-fitxa

Erosketak nola ordaindu

Internet bidez ordaintzean norbaitek kreditu txartelaren zenbakia hartu eta horren kontura gastuak egiteak beldurtzen du. Horrek asko mugatzen ditu erabiltzaileak Interneten erosteko garaian; nahiz eta gaur egun oso modu seguruak egon Internet bidez egindako erosketak ordaintzeko, kreditu txartelaren zenbakia ondo gordeta izateko aukera eskaintzen dutenak, gainera.

Ohiko ordainketa moduak

Erosketak urrutitik egiteko, bai Internet bidez bai katalogo bidez, telebistatik edo beste bide batzuetatik, ordainketa modu ohikoenak kreditu txartela eta eskudirua izaten dira. Internet bidez erosten dutenen %60k baino gehiagok kreditu txartelaren bidez ordaintzen dute; eta beste %15ek produktua etxean jaso ondoren ordainduz egiten dituzte erosketak.

Aurreko artikuluan azaltzen zen moduan, kreditu txartel bidez ordaintzea segurua da, betiere gutxieneko segurtasun arau batzuk betez gero. Hala eginez gero, ordaintzeko unean txartelaren zenbakia, jabearen izen-abizenak eta txartelaren iraungitze data baino ez dira behar. Segurtasun neurri moduan, txartelaren atzealdean ageri den hiru digituko segurtasun kodea eskatzen dute denda birtual gehienek, eta baita erabiltzailearen pasahitza edo sinadura digitala ere.

Modu horretan erostea erabat segurua den arren, ez da inoren gustukoa izaten kreditu txartelaren zenbakia ematea; nahiz eta hori egitea ez den jatetxe batean ordaintzeko garaian zerbitzariari txartela ematea baino arriskutsuagoa. Baina, mesfidantza eragiteaz gain, astuna gerta daiteke erosketa bat egin behar dugun bakoitzean kreditu txartelaren datu guztiak bilatu, pasahitzak gogoratu eta Internet bidez datuak ematen ibiltzea. Hori dela eta, gero eta gehiago erabiltzen dira Interneten beste ordainketa sistema batzuk.

Ordainketa sistemak: Paypal eta Checkout

Interneteko saltoki handienak, ebay denda birtualak (www.ebay.com), ordainketa sistema birtual bat sortu zuen duela zazpi urte. Paypal izeneko sistema horrek (www.paypal.com) erabiltzaileari ordainketak errazteko bidea ematen dio; kreditu txartelaren bidez ordaintzeko, erosleak nahikoa du erabiltzaile izena eta pasahitza gogoratzea. Webgune horretan izena eman, eta han gordetzen ditu erabiltzaileak Interneten erosteko erabili nahi dituen kreditu txartelen datuak. Gero, nahikoa da Paypal onartzen duten denda birtualetan Paypaleko erabiltzaile izena eta pasahitza ematea, erosketa arazorik gabe ordaintzeko.

Sistema horrek erosotasun handia ematen du erosketak egiteko garaian, eta erabat segurua da; toki bakarrean eta behar bezalako segurtasun neurriekin gordetzen baitira txartelen datu guztiak. Erosleentzat doakoa da, gainera, saltzaileak baitira bezeroei sistema hori eskaintzearen truke Paypali ordaindu behar diotenak. Zerbitzuak gero eta aukera gehiago ematen ditu, gainera; eta erosketak ordaintzeaz gain, dirua mundu osora bidaltzeko ere erabil daiteke orain Paypal.

Google-k, noski, ez du aukera hori galdu nahi, eta antzeko ordainketa sistema bat sortu du, Google Checkout izenekoa (https://checkout.google.com/). Oraingoz, ordea, sistema hori ez dago Paypal bezain zabaldua, eta, gainera, Estatu Batuetako denda birtualetan bakarrik erabil daiteke.

Txartel birtualak

Kutxak eta banketxeak ere ohartu dira, ordea, erabiltzaileek Interneten kreditu txartela emateko garaian duten mesfidantzaz, eta erosketa birtualek duten merkatu zabalean bidea erraztu nahi dute. Hori dela eta, hainbat sistema garatu dituzte, erabiltzaileek Interneten erosketa seguruak egiteko. Horietako bat kreditu txartel birtualena da. Kreditu txartel birtualak erosketa egiteko unean bertan modu birtualean sortzen diren kreditu txartelak dira. Horiei esker, erabiltzailearen txartelen datuak ez dira sarean barrena ibiltzen, erosketa egiteko unean kutxak edo banketxeak emandako txartel zenbaki batekin egiten baita ordainketa. Zenbaki hori desberdina da erosketa bakoitzean, eta inoiz ez dator bat benetako txartel pertsonalaren zenbakiekin.

Txartel horiek arazorik gabe onartzen dira Interneteko saltokietan, baina erosketa bakoitzerako sortu behar dira.

Bestalde, gogorarazi behar da denda birtual gehienek oraindik onartzen dituztela bestelako ordainketa modu tradizionalak, hau da, eskudiru bidezko ordainketak eta transferentzia bidezkoak. Zenbait kasutan, gainera, transferentzia bidezko ordainketa bultzatzen dute, dendariek txartelengatik bankuei ordaindu beharreko komisioa kentzen duelako; horrela ordainduz gero, bezeroei deskontua egiten diete batzuetan.

x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

C1
2007-03-14

x61pRelaContWAR

16509693

x61pViewCountWAR

7079

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR