Dokuteka
Autismoa eta biok
Ezagutzen ez dugunak deseroso sentiarazten gaitu. Autismo hitza ezaguna zaigu, baina ez dugu jakiten nola jokatu Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituztenen aurrean.
Oihan Iriarte gazteak autismoa du. Bizitzaren aurrean nola jokatzen duen azaltzeko, Autismoa eta biok liburua idatzi du. Euskadi Irratiko Faktoria saioan, elkarrizketa egin diote; hark eman dizkigu hainbat pista nahaste hori dutenek zein premia duten jakiteko.
Irudia: EITB
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Gidaliburua edo eskuorria. Jarraibideak ematen dizkigun orria. |
Esataria 1: Oihan Iriarte Eletxigerra. Kaixo, egun on.
Oihan Iriarte: Kaixo.
Esataria 1: Zer moduz zaude, Oihan?
Oihan Iriarte: Beno (Bueno), ba, urduri, egia esan, baina ondo.
Esataria 1: Urduri. Zer? Iritsi zara, gidalibururik gabe eta eskuorririk gabe? Eta erraz iritsi zara, ez? gure Bilboko etxeraino?
Oihan Iriarte: A, bai, bai, lasai. Askotan igaro naiz hemendik.
Esataria 1: Beraz, bazenekien nora joan behar zenuen, eta eroso egin zaizu bidea.
Oihan Iriarte: Bai, bai, eroso asko.
Esataria 2: Ez zaitu urduritu gure eskailera mekaniko luze horrek-eta?
Oihan Iriarte: Ez, ez, lasai.
Esataria 1: “Autista naiz. Estralurtar bat banintz bezala sentitzen naiz beti, mundu guztiari harremantzeko (erlazionatzeko) gida bat eman baliote bezala, niri izan ezik”. Esaldi horrekin hasten da zure liburua: Autismoa eta biok.
Esataria 2: Zuk krisia izaten duzunean, zer egin behar dute ingurukoek? Edo zer ez dute egin behar? Nola jokatu?
Oihan Iriarte: Beno, hau liburuan bertan azaltzen dut. Pertsona autista batek krisialdi bat duenean, komenigarriena da, lehenbizi, pertsona horri oihurik ez egitea eta ez ukitzea. Bueno, pertsonak bere buruari min ematen badio, orduan, orduan komeni da hori gelditzea, baina, bestela, hobe bere baitan uztea. Eta, bueno, niretzat hoberena izan ohi da ingurukoek pixka bat itxarotea txarrena igaro arte, eta, ondoren, niretzat espazio pixka bat seguruagoa muntatzen saiatzea; adibidez, ba, argiak amatatzea edo zarata-iturriak blokeatzea edo itzaltzea. Eta, bueno, ba pixka bat, baiezko edo ezezko galderak egitea, ze, niri behintzat, asko kostatzen zait krisialdi baten ondoren hitz egitea. Eta nire beharren... nire beharrei buruzko galdera sinpleak egitea ere, ba, lagungarria da.
Esataria 2: Oraintxe curriculumak ari zara bidaltzen. Zertan lan egin nahiko zenuke?
Oihan Iriarte: Bueno, ba, niri concept artist moduan lan egitea gustatuko litzaidake, zera, ba, niri betidanik gustatu zaidalako marraztea, eta, bueno, ba, bideo-jokoetarako edo animaziorako diseinuak egitea, ba, asko gustatuko litzaidake. Kontua da lan horrek, ba, bueno, etxetik lan egitea ahalbidetu ohi duela. Beraz, ba, joe, alde sozial hori pixka bat saihestu badezaket, ba, niretzat askoz hobeto. Orduan, ba, bueno, uste dut... uste dut niri oso ondo moldatzen den (zaidan) lana dela.
