Dokuteka
Emakume dinamitarien oroitzapenak
XX. mende erdialdean ez zen oso ohikoa emakumeak etxetik kanpo, lantegietan, beharrean ikustea. Galdakaoko enpresa bateko langileek garai haiek ekarri dituzte gogora.
Galdakaoko emakume dinamitariak memoria astintzen
Galdakaoko La Dinamita enpresako behargin izan ziren, 70eko hamarkadatik aurrera, Mariasun Madariaga Ugarriza, Toñi Sánchez García eta Virtudes Nogales Delgado. Lanean hasi zirenean, enpresak ehun urte baino gehiago zeramatzan martxan, eta lan-baldintzak hobetzen hasiak ziren. Hiru emakumeok, jada jubilatuta, garai hartako oroitzapenak kontatu dizkigute, Torrezabal kultur etxean elkartuta.
Enpresa “paternalista” ezagutu zuten La Dinamitan gaztetan sartu zirenean. Izan ere, enpresak bere martxa ona bermatzea bilatzen zuen familia tradizionala babesteko neurrien bidez: eskolak langileen seme-alabentzat, ekonomatua, kirol-instalazioak, lantegiko jantokia oso modu onean, etxebizitzak alokairu merkean, gizarte-laguntzailea (Espainiatik familiarekin etortzen ziren langileak artatzeko)... Enpresan sartzeko lehentasuna ere bazuten bertako langileen senideek.
Emakumezkoek eta gizonezkoek berdin kobratzen zuten, baina arduradunak gizonak izaten ziren. Madariaga salbuespena izan zen orduan: kimikaria izanik, bazuen kargua bere atalean. Nogalesek gogoan du emakume arduradunak jantokian eta garbitegian bakarrik ezagutu zituela hasieran. Lana gutxitzen zenean, batez ere emakumeei eskaintzen zitzaien dirua jaso eta lantegia uzteko aukera. Hala ere, 70eko hamarkadatik aurrera, emakumeek ez zuten lanpostua utzi behar izaten ezkontzen zirenean. Sánchezek argi du ez zela ezkonduko lana utzi behar izan balu, ez zuelako etxekoandre izan nahi.
Madariagak ustekabez hartu zuen “izaera hain paternalista eta matxista” zuen enpresaren deia, baina oso gustura aritu zen bertan, “oso lankide onekin”. Laborategietan jardun zuen beharrean, gaien eta kalitatearen kontrolean. Segurtasun-neurriak ez ziren gaur egungoak, eta, gogoratzen duenez, “askotan, kontzientzia handiago zegoen segurtasunaz arduratzen ziren langileen eta arduradunen artean arriskuan lan egiten zutenen artean baino”. Behin, aireko nitroglizerina-maila neurtzen ari zela, “langile batek esan zidan hobe zela soldata igotzea dirua horretan gastatzea baino. Ez zen arriskuaz jabetzen”.
Sánchezen aita 1974ko uztailaren 2ko leherketan hil zen. Enpresaren historiako istripurik larriena: guztira, 22 langile zendu ziren, eta hamarnaka zauritu. Sánchezek berak hainbat gorputegitan bilatu zuen aita, baina hondakinen artean aurkitu zuten, ezbeharra jazo eta bi egunera. Istripuaren ondorioz, hildakoen seme-alabek enpresan sartzeko lehentasuna izan zuten, eta bera bulegoan hasi zen idazkari. Espediente bat tarteko, bi alditan egin zuen lan enpresan; bigarren aldian, beste atal batzuetan. Gaur egun, loba batek jarraitzen du han.
Nogalesen familia Huelvako Explosivos Riotinto enpresatik etorri zen, berak 15 urte zituela. 18 urterekin hasi zen lantegian, lehenengo ehizarako kartutxoak egiten eta gero beste hainbat alorretan. Istripua ere izan zuen: laborategirako lagin bat hartu, eta kutxa ixtean esku artean lehertu zitzaion. “Ez dakit zergatik; beharbada, ikusi ez nuen lehergai pitin bat egongo zen ertzen batean. Halere, gertatutakoari ez diot buelta askorik eman. Azken batean, zorte handia izan zuen, bolborategitik irten ostean lehertu zelako. Barruan egon banintz...”. Ezkerreko eskuko bi atzamar galdu arren, lanera itzultzeko asmoa izan zuen hasieran, baina hainbat ebakuntza eta errehabilitazio-prozesuren ondoren erretiroa hartu zuen. Bertan egin zuten lan bere aitak, nebak eta senarrak, baina orain ez dago familiako inor enpresan.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Enpresako behargin. Enpresako langile. |
Azaleko irudia: chatGPT
