Dokuteka
Herri-kirolak aldatuz doaz
Herri-kirolen eboluzioa hitz egiteko nor aproposago Iñaki Perurena harri-jasotzailea baino? Emakumeen parte-hartzeari buruzko iritzia eman digu.
ETBko Uda-pasa telesaioan, Nerea Alias solasaldian aritu da, besteak beste, Iñaki Perurena harri-jasotzailearekin. Aurkezleak herri-kirolen eboluzioari buruz galdetu dio, eta Perurenak hausnarketa egin du apustuez eta emakumeen parte-hartzeaz.
Irudia: EITB
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Bizirik diraute. Iraun aditz trinkoa; 3. pertsona pluralean. Bizirik jarraitzen dute. |
Nerea Alias. Iñaki, nik uste dut, edo nik ikusten dudanagatik, gehiegi jakin gabe honen inguruan, herri-kirolean (herri-kirolaren) munduan eboluzio handi bat eman dela azkeneko urteetan, baina bizirik diraute gure plazatan (plazetan).
Iñaki Perurena. Bueno, eboluzioa baino gehiago, bizitza aldatzen (aldatuz) doa egunetik egunera, eta denok konturatu gabe aldatzen goaz. Gaur poltsikoan denok ibiltzen duguna hau da, eta honekin bizi gara. Eta orain dela urte batzuk, igual, herri batera bazindoazen eta sekulako trafikoa zegoen, eta herri hartara iritsi, taberna batera joan eta telefonotik deitu: “Aizu, ez naizela ordurako iritsiko”. Gauzak aldatzen doaz. Eta bueno, herri-kirolean ere bai, noski, beste gauza guztietan bezala. Baina nik uste herri-kirolean gauza polit bat azken urteetan eman dela.
Herri-kirolean, aurretik, apustuak zeuden, eta apustua gizonezkoen mundu bat zen. Eta nik nire buruari esplikazio bat ematen diot, eta aber (ea) zuei balio dizuen. Lanean, lanetik datoz gure kirolak, eta lanean emakumeak egin du lana gizonak bezala kanpoan; etxeko lanak egin, eta korrika laguntzera eta horrela. Baina fisikoki gizona indartsuago zen, eta indar-kolpe bat egin behar zenean: “Kendu dena! Bakarrik egingo dut”, eta gero desafioa botatzen zuen: “Aber nork egiten duen! Eta baldin bada, eta... Hortik etortzen ziren apustuak garai batean. Eta, gaur, apustuen tokia dago, noski, eta egiten dira gaur ere apustuak, baina kirolari txanda utzi zaio, eta kirolean emakumea sartu da buru-belarri eta sekulako lanak egiten. Eta ikusi egin behar da ze dotoreziaz harri jasotzen egiten duten, aizkoran ere bai, eta sokatiran, trontzan, kirol guztietan. Garai berri bat etorri zaigu, eta hori oso polita da.
Nerea Alias. Oso polita. Eta jarrai dezala horrela, gainera.
