Dokuteka
Olatz Mitxelena, Emarri taldeko harri-tiralaria
Olatz Mitxelenak herri-kirol honen egoeraren berri eman digu.
Zer da giza proba?
Giza-proba herri kirol bat da eta, izenak esaten duen bezala, gizakiak egiten duen proba da. Kasu honetan, proba harriarekin egiten du eta segun eta zer zortzikote dagoen tiraka, harria izango da kilo batzuetakoa edo beste batzuetakoa. Kirol honen helburua da ahalik eta plaza gehien egitea, plaza da hemen atzean ikusten den proba leku honetan joan etorri bat edo beste egitea, denbora-kantitate batean 15 minutu edo 20 minutu, segun.
Noiz hasi zen emakumea giza proban?
Kirol honen arautzea Federazioarekin batera pixkanaka sortutako zerbait da eta ez da hain zaharra, nahiko berria da. Esan dezakegu gizon-proba arautua 10-15 bat urteko historia duen kirol bat dela eta emakumeena gutxiago, 6-7 urte izango ditu. Gizonen kasuan arautzea da berria dena, emakumeen kasuan arautzea da gertatu ez dena. Beraz, orain dela 7-8 bat urte sortu zen emakume-proba edo emakumeak harri-tiran aritze hori plazan, eta arautzea pixkanaka osatzen ari garen zerbait da, beti ere aritzen garelako gizonei dagokien araudiarekin.
Zer desberdintasun dago emakumeen eta gizonen proben artean?
Segun eta zenbat kilo dituzun dagokizu harri bat edo beste, edo egin behar duzu lan bat edo beste, hau da, sokatirak duen filosofia antzekoa. Gure (emakumeen) kasuan, gure harria 550ekoa (kilokoa) izanda eta orain dela hiruzpalau urte egindako probak ikusita, ezarri genuen pisu bat, gehienezko pisu bat, dela 550 kilo eta egia esan kasualitatea da harriaren karga izatea, ez da horregatik. Orduan, gure proportzioa litzateke gure ezaugarri fisikoak ikusita, eta emakumeek duten bataz besteko kilo-kopuru hori ikusita, erabaki genuen 550 izatea. Dena den, 550 ere asko da, pisua gutxiago ere izan liteke, gure kasuan adibidez, aurtengo txapelketan ateratako taldeak 490 kilo zituelako. Beraz, hori da garrantzitsua eta jendeak ulertu behar duena: dela kirol bat proportzionala, proportzionala bai ezaugarri fisikoei bai kiloei dagokiona eta baita garraiatzen dugun harriari dagokiona. Horregatik, gure helburua ez da sekula izango gizon batek tiratzen duen harri hori tiratzea edo harri horri gu eustea, zergatik? Ez du ez hanka ez buru hori egiteak, gurea da gure proportzioetan ahal dugun eta hoberen egitea gure lana, gure 15 edo 20 minutu horietan guri dagokigun harriarekin.
Zu noiz hasi zinen?
Astigarragaren desanexioaren urteurrena ospatu zenean hemengo herri-kirol taldeak proposamen bat egin zuen. Esan zuen ea egin zitekeen 24 bat pertsonako estruktura bat osatu eta hemen atzean dagoen harri handi horri eustea. Hori eutsi eta helburua zen 25 plaza egitea eta, beno, horrela hasi ginen, 24 pertsonatik 22 gizon eta 2 emakume ginen eta horietako bat ni. Hortik, hurrengo (pauso) bat eman nuen eta izandu (izan) zen hemen Astigarragako auzo batean, Ergobin, proba bat osatu zuten, beno, euskaldunak apustuzaleak garela esan eta egia omen, eta nire kasuan, behintzat, ba onartzen dut baietz. Eta batak bestea ekarri zuen, Ergobiko taldea desagertu zen, baina beste talde berri bat sortu genuen: Emarri. Emarri Astigarraga, Oiartzun eta Lezoko neskek osatzen dugu eta izenak era badu bere xarma eta berezitasuna, ez genekien zer izen jarri eta korreo txiki bat idatzi nion Xabier Amurizari, eta bota nizkion gure buruan dantzan zebiltzan ideia batzuk eta berak hitz hau osatu zuen, hitz joko hau: emakume-harri, eman-harri, Emarri.
