Dokuteka
Detox digitala
“Nomofobia” esaten zaio gailu digitalekiko mendekotasunari. Askotan, ordea, mendekotasuna ez da soilik pantailarekin: harago doa. Desintoxikatzeko moduak ere baditugu, baina.
Galdetu diozu inoiz zeure buruari zenbat denbora ematen duzun egunean gailu digitalei begira? Gailuok harrapatuta zaituztela esango zenuke? Jarraian, Ikusgelako Leire Palaciosek azalduko dizu mendekotasun horrek zer-nolako ondorioak dituen, baita zer egin ere pantailen mende zaudela ikusten baduzu.
Jatorrizko bideoa, osorik, hemen.
Irudia: AA bidez sortutako irudia.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Kostatzen zaizula atzeman. Zailtasunak dituzula ohartu, konturatu. |
Zenbat ordu ematen dituzu mugikorrari itsatsita? Zenbat denbora egon zaitezke begiratu gabe? Kontzentratzea gero eta gehiago kostatzen zaizula antzeman duzu? Lasai. Ez zara halako kezkak darabiltzan bakarra. Bizi ditugun garaiotan, gaitz orokortua da. Gutako askok gailu digitalekin dugun harremana adikzioaren mugetan dago: lanerako erabiltzen ditugu, lagunak zer moduz dauden jakiteko, entretenitzeko, jolasteko, ikasteko, erosteko, ia denerako; hainbeste, non osasunarentzat kaltegarria ere izan daitekeen. Horregatik, gero eta gehiago dira detox digitala praktikan jartzeko ahalegina egiten dutenak. Detox, bai, desintoxikazioa. Baina hainbestekoa da arazoa? Eta nola egin daiteke, egitekotan, detox delako hori?
Has gaitezen gaiari zenbakiak jartzen. Gaur-gaurkoz, bataz (batez) beste sei ordu inguru ematen ditugu sarean, batera eta bestera; esna igarotzen ditugun orduen herena, gutxi gorabehera. 30 urtetik beherako gazteak bakarrik aztertuz gero, gora egiten du kopuruak. Gailu digitalak begiratu gabe egoteak ezinegona eta antsietatea ere sortzen digu (dizkigu). 2011tik daukagu hitz bat hori izendatzeko balio duena: “Nomofobia”. Hala esaten zaio gailu mugikorrak begiratu gabe egoteko beldurrari. Baina, kontuz, ez da soilik fenomeno teknologiko bat. Azken finean, mugikorraren bidez, gure harreman-sarearekin etengabeko hartu-emanean gaude. Adikzioa edo menpekotasuna (mendekotasuna) ez da, bere horretan, mugikorrarekikoa: besteen onarpenaren eta atentzioaren bila jotzen dugu maiz mugikorrera, eta, gainera, hori etengabe neurtzeko aukera ematen digu, besteak beste, sare sozialen edo mezularitza-aplikazioen bidez. Pantailarekiko menpekotasuna, hortaz, menpekotasun soziala ere bada, eta estuki dago lotuta gure autoestima (autoestimu) edo auto-irudiarekin. Dagoeneko, asko dira joera horrek gure bizitzetan eta gure ongizatean duten eragin kaltegarria mahai gainean jarri duten ikerketak. Kalte horrek, gainera, aldaera asko izan ditzake; batzuek gure gaitasunekin dute lotura zuzena: memorizatzeko eta kontzentratzeko gaitasuna galtzen ari gara, antza. Osasun mentala ere kaltetu dezake. Paradoxa badirudi ere, etengabe konektatuta egote horrek antsietatea eta bakardade-sentsazioa sortzen du (ditu), eta, noski, gure produktibitateari ere eragin diezaioke. Atentzioa mugikorrean gertatzen den horretan jartzen dugun bakoitzean, beste zeregin batzuetatik kentzen dugu.
Bestelako adikzio edo menpekotasun batzuekin egiten den gisa berean, desintoxikazioaren muina kontsumo edo joera hori murriztea edo etetea da, denbora-tarte batez behintzat. Eta zein da helburua? Menpekotasun (Mendekotasun) hori murriztea. Hortik aurrera, erabilera kontzienteago bat egin dezagun, kontzientea eta gure gogo edo beharretatik abiatzen dena, bulkada kontrolaezin baten menpe egon gabe. Erraza da esatea, baina gailu horiek gure bizitzaren parte ezinbesteko dira askotan. Tabakoa edo jokoa uztea bezala, ez da inondik inora zeregin erraza, baina badira bide hori pixkanaka abiatzeko balio dezaketen neurri batzuk. Bat: gailu gabeko espazioak sortzea. Bi: Sare sozialetarako sarbideak mugatzea. Hiru: Lo egin aurretik mugikorretatik aldentzea. Lau: jakinarazpenak kentzea. Bost: gailu adimendunak alboratzea, Internet konexiorik gabeko mugikorretara itzulita. Horiek dira detoxari ekiteko aukera batzuk. Hori bai, den-denek norberaren autokontrola dute oinarri.
