Uholdeak irentsi beharrean

Zientzialariek argi daukate klima aldaketaren eta uholde bortitzen artean lotura zuzena dagoela. Klima aldaketa hemen da, zenbaitek ikusi nahi ez badute ere, eta neurri zehatzak hartzeko denbora agortzen ari da.

Elisa Saiz de Murieta BC3 (Basque Centre for Climate Change- Klima Aldaketa Ikergai) institutuko ikertzaileak muturreko natur-fenomenoak izan ditu hizketagai. 

 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

 

 

 

Irudia: CC BY-NC-SA 2.0

HIZTEGI LAGUNGARRIA

- X litrotik gora pilatzea. Kopuru hori baino gehiago metatzea.
- Muturreko gertakaria. Jazoerarik okerrena, gogorrena.
- Irentsi beharra daukagu. Onartzea besterik ez zaigu geratzen. 
- Alde batera utzita. Kontuan hartu gabe. 
- Orografia malkartsua edo bortitza. Oso aldapa handiko orografia. 
- Arriskua areagotu. Arriskua dena baino handiagoa egin. 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Esataria. Elisa Saiz de Murieta BC3ko ikerlaria (ikertzailea) da,  klima-aldaketan aditua. Elisa arratsalde on!
Elisa Saiz de Murieta. Kaixo, arratsalde on!
Esataria. Batez beste urrian 40 litro botatzen duen toki batean, ezta, bat-batean, ordu gutxitan, 400 litrotik gora pilatzea, hori klima aldaketarekin lotu beharreko fenomenoa da?
Elisa. Bueno (tira), gu beti kontuz ibiltzen gara horrelako afirmazioak (baieztapenak) egiterako orduan, izan ere, denbora behar du, analisi estatistiko zehatzak behar ditu jakiteko, posible da jakitea, horrelako gertakari batek zer nolako lotura duen klima aldaketarekin baina izaten da gertakariaren ostean. Jakin badakiguna da, ba(da) klima aldaketaren ondorioz, tenperaturaren igoeraren ondorioz eta abar horrelako muturreko gertakariak maizago gertatuko direla eta euren indarra ere handiagoa izango dela.
Esataria. Maizago gertatuko dira. Hori dagoeneko irentsi beharra daukagun zerbait da…
Elisa. Hala da, bai-bai. Joerak argi daude, azkenean tenperaturaren igoerak egiten duena da ur-kopuru handiagoa egotea atmosferan eta horrek bideratzen ditu horrelako muturreko gertakariak maizago gertatzea eta, kasu askotan ere, ba ur-kopuru handiagoa dagoenez, bortitzagoak izatea.
Esataria. Valentziako kasu honetan, aipatu dugu orografiak eragin berezia izan duela baita ere, ezta? Hondamendiaren neurrian. Muturreko fenomeno hauetaz hitz egiten dugunean edonon eman liteke alde batera utzita bere orografia?
Elisa. Bat-bateko uholdeak gerta litezke printzipioz edonon gerta litezke baina egia da orografiak laguntzen duela azkenean eta, batez ere, oso orografia malkartsua edo bortitza baldin bada azkenean hor pilatzen den urak abiadura, izugarrizko abiadura, hartzen duelako maldan behera. Eta bueno, badakigu, uholde baten kalteek zuzeneko lotura daukatela uholde baten sakonera baina baita ere abiadurarekin. Orduan, kasu honetan gertatu izan dena da batez ere Valentzia inguruko orografia hori bat-bateko maldak dituztenak kostaldetik oso gertu, hor urak abiadura, izugarrizko abiadura hartu du eta, bueno, ikusi ditugun irudi lazgarriak, ez? 
Esataria. Zer egin liteke, egin baliteke ezer aurre hartzeko?
Elisa. Bueno ba nik uste dut oso garrantzitsua dela ulertzea klima-aldaketa hemen dagoela, horrelako gertakariak ikusiko ditugula orain eta etorkizunean ere bai. Beraz, prestatu behar gara horrelako gertakariei aurre egiteko. Klima aldaketan aritzen garenok egokitzapena deitzen diogu, adaptazioa deitzen diogu horri, ez? Orduan, nola egokitu? Bueno, ba tokian tokiz leku bakoitzak arrisku batzuei egin beharko die aurre. Lehenengo gauza da identifikatzea zeintzuk izango diren arrisku horiek eta hurrengo pausoa izango da pentsatu (pentsatzea) zer nolako neurriak hartu daitezkeen arrisku hori ekiditeko. Eta hemen, kasu honetan, nik uste dut urbanismoak edo hiri-plangintzak oso tresna baliotsua dela. Batez ere, batez ere, baldin badakigu horrelako arriskuak maizago gertatuko direla, ezin duguna da arriskua areagotu. Kontuz ibili beharko gara gure hirietan, uholde arriskuan dauden guneetan zer eta nola eraikitzen dugun, zer distantzia mantenduz eraikitzen den eta hori guztia klima-aldaketa hemen dagoen testuinguru batean. 
B2
2024-11-04
31210311
00:03:17
1278