Irakasleen bajak

Gizartearen parte batek behin eta berriro nabarmentzen du irakasleen lan-baldintzetako bat: haiek bai opor luzeak! Luzeak dira haien oporrak, bai, baina, behar ere, behar dituzte bai ikasleek bai irakasleek, eta, horren erakusgarri, lanbide horretan pilatzen den baja-kopurua.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan Aritz Gorrotxategi gai horren inguruan aritu da.

 

 

 

 

 

 

Irudia: Giovanna Cornelio, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Buruaren txakalaldien ondorioz etortzen omen dira gorputzaren makalaldiak. Diotenez, gorputzak izaten dituen ahulaldiak buruak une jakin batean izaten dituen ahulaldiek eragiten dituzte. 
Altxatuko zuen besoa baten batek honezkero. Hori entzun ondoren, egongo da gai horren gainean bere iritzia eman nahi duenik. 
Kopeta handiko alfer horiek. Lanik egin nahi ez duten lotsagabe horiek. 
Egunerokoak antz handia du dekatloi batekin. Egunerokotasunak hamaika gauzatan aritzea eskatzen du. 
Posible balitz, akabo lehengaien arazoa. Hori egiterik balego, arazoa konponduta. 
Ez litzateke asmakizun makala. Asmatutako hori ikaragarria izango litzateke. 
Heziketa ez da ontzi bat betetzea, sua piztea baizik. Kontua ez da burua ikasgaiz betetzea, baizik eta pentsatzen ikasten laguntzeko baliabideak ematea. 

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Esataria: Sartu gara azken txanpan. Aritz Gorrotxategi, egun on! 
Aritz Gorrotxategi: Egun on! 
Esataria: Gaur osasun-kontuekin zatoz? 
Aritz Gorrotxategi: Ba hori da: “buru osasuntsua gorputz osasuntsu batean”. Hala esaten zuten garai batean, eta esamoldeak baliagarri izaten jarraitzen du gaur egun ere. Aditu batzuen ustez, buruaren txakalaldien ondorioz etortzen omen dira gorputzaren makalaldiak. Imajinatu burua eta giharrak elkarrekin eztabaidan, gurdi berari tiraka, baina norabide ezberdinetan. Geure burua zaintzen jakitea bezain garrantzitsua da gorputzari entzutea eta atseden hartzea, garaiz geratzen jakitea. 
Esataria: Eta geratutakoan jarraitzea, alegia, opor gehiago, esate baterako. 
Aritz Gorrotxategi: Edo oporrak benetako oporrak izatea! Esaterako: zenbat jende joango zen gaur medikuarenera baja eskatzera? Zenbat geratuko ziren etxean kalenturarekin? Famili(a)-mediku batek gai hori zabaldu du sare sozialetan. Antza denez, astelehen batean izan zituen kontsulten ia erdia baja(k) eskatzeko joandako pazienteak izan ziren. Erdia. Ondo entzun duzue. Eta beste datu esanguratsu bat: guzti-guztiak, irakasleak! Eta bi baino ez ziren 60 urtetik gorakoak. Altxatuko zuen besoa baten batek honezkero irakasleek baja gehiegi hartzen dituztela, ikasturteren bat lanean, besteren bat medikutan eta beste dena oporretan pasatzen dutela. Ez guztiek, noski! Denetarik egongo da eta pentsatu nahi dut gutxi batzuk baino ez direla pikareskaren (barrabaskeriaren) jarraitzaileak. Katedra-askatasuna zer den galdetu eta erantzungo dizute eskolara nahi duzunean joateko askatasuna dela. Imajinatu medikuaren aurpegia halako batek ilean zaintiratu bat izan duela esaten badio eta baja emateko. Zenbat telesail egin litezke halakoen iruzur, aitzakia eta trikimailuekin. Gidoilari onak izango lirateke azal lodiko irakasle ho(r)iek. Gainera, diru publikoaren kontura egiten dute bere eskapismoa. 
Esataria: Irakaskuntzako Houdiniak. 
Aritz Gorrotxategi: Bai, baino (baina) galdetu autonomoei zenbat gaixotzen diren, zenbat gaixotu daitezkeen. Interesgarria litzateke zifra horiek ikustea; alegia, zenbat autonomo dauden astelehenero medikuarenean baja eske, eta zenbat funtzionario eta irakasle.  
Ofizio ederra eta noblea da irakaslearena, bokaziozkoa, baina geroz eta erreagoak daude irakasleak. Kopeta handiko alfer horiek alde batera utzita, presio handiegia jartzen diegu sorbaldan. Nahi dugu seme-alabek aprobatzea edo ohorezko matrikula ateratzea, irakasleek haiek heztea, pertsona hobeak eta guapoagoak bihurtzea, norberak etxetik motxilan daramatzan arazoak konpontzea, etorkizuneko zalantzak argitzea... Denetarik eskatzen diegu irakasleei. 
Esataria: Alegia… 
Aritz Gorrotxategi: …gramoka eta kiloka. 
Esataria: Lourdesera joan ordez, eskoletara joaten garela mirari eske. 
Aritz Gorrotxategi: Ba, gutxi gorabehera. Irakasleen egunerokoak antz handia du dekatloi batekin: irakasleak dira psikologoak, hezitzaileak, diplomatikoak, zaintzaileak, dietistak… Agian horregatik gaixotzen dira hainbeste. Pentsa, ikasleen erreduratik, irakasleen erreduratik erregaia ateratzea posible balitz, akabo lehengaien arazoa mundu-mailan. Tonaka argindar aterako genuke euren erredura psikologikotik. Nahikoa litzateke erredura hori xurgatuko lukeen eguzki-panela asmatzea. 
Esataria: Ez litzateke asmakizun makala: Gabonetako argiak jenio biziz kargatuta! 
Aritz Gorrotxategi: Tira, heziketa ez da ontzi bat betetzea, sua piztea baizik. Karga edo zama horrekin azkenerako osasun-sistema publikoa kolapsatuko dugu horrenbeste irakasle gaixorekin. 
C1
2023-10-24
  • Gorrotxategi , Aritz
30640657
00:03:49
2517