Eli Larrinaga irakaslea, irakasleei buruz

EHUko irakasle Eli Larrinagak lankide bati berriki gertatutakoaren inguruko hausnarketa egin du.

Izan ere, irakasle horrek utzi egin behar izan dio orain arte irakasten zuena irakasteari, bere lankideak kexatu egin direlako. Ostiral arratsaldero, aparteko doako eskolak ematen zizkien unibertsitateko ikasleei, eta haren klaseak hain onak zirenez, beste irakasle batzuen ikasleak ere bazihoazen; azken hori, antza, ezin izan dute eraman salatzaileek.

Jatorrizko esteka


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

MAITE ARTOLA.- Eli Larrinaga, egun on.

ELI LARRINAGA.- Halan (hala) ekarri, Maite.

MAITE ARTOLA.- Biharamun pixka bat, Eli?

ELI LARRINAGA.- Ke ba!

MAITE ARTOLA.- Aurrera, nahi duzunean.

ELI LARRINAGA.- Señorita Maitek neurri bako pazientzia eta kolore, tamainu eta itxura guztietako eraztunak eukazan (zeuzkan). Oraindino etxean dago harek (hark) oparitutakoa. Don Lorenzok zaplazteko itzelak banatzen ebazan (zituen). Don Jose lotan geratzen zan (zen) Lengua Españolako eskoletan, eta gu isil-isilik egoten ginan ha (ginen hura) ez izartzeko. Ingelesezko lehen berbak erakutsi euskuzan (zizkigun) maistrari motxona deitzen geuntson (genion); motza, baina ona, zalako (zelako). Genovevagaz (Genovevarekin) Bibliako zati bat kopiatu behar izan neban (nuen), Lucasen ebangelioko 10. kapituluko 25. bertsikulotik 37.enera. Eta ez dakit ze barrabaskeriaren ordainetan etorri jatan (zitzaidan) ipini eustan (zidan) zigorra. Institutuko garaian Natur Zientzietako maisuak, Santik, hiztegi bila bidali ninduan (ninduen) irakasleen gelara. Esku altxatu eta “absorber” berba biak B-z idazten dala (dela) esan neutsolako (niolako). Eta bai, “absorber” biak B-z idazten dala (dela) konprobatu genduan (genuen). Itziarrek ze ondo azaltzen eban (zuen) matematika! Irakasle zorrotza zan (zen), eta ez eban (zuen) inoiz grebarik egiten. Fisikan, barriz (berriz), ai ene! Denbora asko galdu genduan (genuen) laranjen prezioari, edo beste edozein ganorabakokeriari buruz berbetan, eta gero selektibitatean erreguka ibili ginan (ginen), “Mesedez fisika ez, fisika ez”. Holan (honela) jarraitu daiket (dezaket) luze, bizitzan zehar ezagutu dodazan (ditudan) maisu-maistren edo irakasleen zerrenda osatzen. Dozenaka izan dira. Batzuen izen eta aurpegien trazarik ez jata (zait) inon geratzen. Beste askorena bai, akorduan daukadaz (dauzkat) oraindino. Danetatik (Denetatik) bakarra gogoratzen dot (dut) izen-abizen biekaz (biekin). Bihotzean leku berezia daukan Agustin Galnarez Bueno, filosofiaren bideetara hurreratu ninduan (ninduen) 16 urte nituenean. Pasioa zan (zen) haren eskolen osagaia. “Dios ha muerto” (Jainkoa hilda dago) esanez etorri jakun (zitzaigun) egun batean, eta uste dot (dut) arnasa barik gelditu nintzala (nintzela) aitearenka (aitarenka) hasteko puntuan. Bekatu hori garbitzeko, 11 Aita Gurea egin beharko ebazala (zituela) pentsatuz. Nire lasaitasunerako laster jakin neban (nuen) esaldia ez zala (zela) berea, Nietzsche filosofo alemaniarrarena baino.  Gaurkoari erdia baino gehiago jan deutsat (diot), beraz, bada mamiari heltzeko ordua. Irakasle-lanaren garrantzia aldarrikatzera natortsue (natorkizue), baina ez edozein irakaslerena. Ez matematika, kimika, literatura, musika, historia edo jagokon (dagokion) arloko ezagutzak urtero-urtero ikasleei loro baten antzera errepikatzen deutsiezen (dizkieten) irakasleenak; ez euren ordutegiak ozta-ozta betetzen dabezan (dituzten) irakasle alferrena. Zoritxarrez, holangoak (holakoak) ibili badabizelako (badabiltzalako) maila guztietan. Eskoletara hasi barriak (berriak) diren umetxuakaz (umetxoekin) zein unibertsitatean graduatzeko bezperatan dagozan gazteakaz (dauden gazteekin). Hemen beste irakasle-klase bat egon badagoena goraipatu gura dot (dut). Aspaldi pista galdu neutsan (nion),  filosofiaren irakaslearen antzera, erdigunean ikaslea eta  horren beharrak jartzen dituena. Beste ezeren gainetik  ikasleen zerbitzura dagoena. Egunotan egunkarietan irakurri dot (dut) Ingeniaritza Fakultateko irakasle bat orain arte erakutsi dauana (duena) erakusteari ixtekotan (uztekotan) dagoela. Zer dala-eta? (Zer dela-eta?) Bada, antza danez (denez), ikasleen zerbitzura egoteagatik. Hau da, derrigor emon (eman) beharreko orduak betetzeaz gain, apartekoak eskaintzen dautsiez (dizkiete) elektrotekniaren misterioak argitu ezinik dabizen (dabiltzan) ikasleei, noz (noiz) eta bariku arrastietan. Dozenaka ikasle joakoz (doazkio) eskoletara, bereak eta beste irakasle batzuenak; ai, amigo, hortxe ei dago taldekide dituen irakasleek barkatu ez dautsien bekatua. Eta ez bakarrik hori, penitentzia be (ere) exigitu dabe (dute): ez dagiala (dezala) barikuetan azalpenik emon (eman); eta ez dagiazala (ditzala) bereak ez diren ikasleak onartu gelan. Aurpegi gogorra behar da, gero, holan (hola) jokatzeko! Sinestezina eta lotsagarria iruditzen jata (zait). Hesteak inbidiaren inbidiagaz (inbidiarekin) ugertuta daukiezan (uhertuta dauzkaten) gizakumeen adibide ederra. Irakasle on baten areriorik txarrena bere lankideak izan daitekezala (daitezkeela) erakusten dauan (duen) adibide ederra. Homo homini lupus, barriro be (berriro ere).

Asunto honetan poztu nauan (nauen) kontu bakarra dago. Ikasleek agertu daben (duten) erantzuna. Irakaslearen aldeko oharra kaleratu dabe (dute), bertan bere eskolen kalitatea, inplikazioa, eta ikasleengan eragindako ilusioa eta interesa aipatzen dabez (dituzte). Kalitatea, inplikazioa, ilusioa eta interesa; hau da, nota ipini beharko litzakio (litzaio), ohorezko matrikula; edo hamarretik hamaika izango leuke (luke). Ez bakarrik oharra, sinadurak batzeari be (ere) ekin dautsie (diote) ikasleek, eta 800 erraz esaten da gero!—, 800 sinaduratik gora batu dabez (dituzte). Irakaslea Felipe Uriondo Arrue deitzen da. Seguru nago, urte asko barru, izen eta bi abizenakaz (izen abizenekin) gogoratuko dabela (dutela) haren ikasle izandakoek.

MAITE ARTOLA.- Eta orain, Eli, zein da irakasle honen egoera?

ELI LARRINAGA.- Bueno, nik dakidala, jarraitzen dau (du) eskolak emoten (ematen). Errektoregotik ikerketa bat zabaldu dala (dela) zertu da, jakin da.   

MAITE ARTOLA.- Bai.

ELI LARRINAGA.- Eta besterik ez dakigu. Ez dakit ezta bariku arrastietako eskolak emoteari itxi deutson (emateari utzi dion).


MAITE ARTOLA.- Bueno, ba, jarraituko dugu Felipe  Uriondo Arrueren ibilbidea. Bide batez, beste 800 bat ikaslek sinadura bilketari ekin diote. Ba, hari babesa emateko, eta modua hori dela erakusteko.

ELI LARRINAGA.- Merezi dau.

MAITE ARTOLA.- Eli Larrinaga, eskerrik asko.

ELI LARRINAGA.- Bai, agur.

 

Denbora baterako Relacionador de contenido ez dago erabilgarri.
C1
2017-05-08
Denbora baterako Relacionador de contenido ez dago erabilgarri.
16173790
05:58
3817