Matrikula hitzaren jatorria

Azaroaren 23a hitzaren nazioarteko eguna da. Aitzakia hori baliatuz, matrikula hitzari buruzko audio bat duzu jarraian. Hitz polisemikoak esaten zaie adiera bat baino gehiago dutenei. Matrikula hitza da horietako bat.

Gidor Bilbao filologoa kotxe eta itsasontzi matrikulez, ikasketa matrikulez eta beste aritu da Euskadi Irratiko Baipasa saioan. 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

 

 

 

 

Irudia: myshoun, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Ez da garraiobideetara mugatzen. Garraiobide arloan bakarrik ez, hortik kanpo ere erabiltzen da.     

Matrikularen jatorria. Matrikula hitzaren sorrera, zein den hitzaren abiapuntua, zein hitzetatik sortu den. 

Matrix eratorria. Hitz bati zerbait eransten bazaio, adibidez, atzizki edo aurrizki bat, hitz eratorri bat sortzen da. Esaterako, egin-etik desegin, edo eginkizun, edo pinu hitzetik pinudi, edo ama hitzetik amatasun…   

Aditzera eman. Adierazi, jakinarazi. 

Euskara biltzen da.  Euskara jasotzen, batzen da.    

Oholtxo zenbatuak. Zenbakia zuten ohol edo taula txikiak.  


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. Matrikula gora, matrikula behera gabiltza, baina Aloña, matrikula hitza nondik dator? 

Esataria 2. Ba bai, ze(ren) ez da garraiobideetara mugatzen den zerbait. Esaterako, iraila matrikula asko egiteko garaia ere izaten da ba ikasketa-guneetan. Irailerako erronka berriak izaten dira askotan, hizkuntzak, ez dakit, ingelesa ikastea edo frantsesa.  

Esataria 1. Gidor Bilbao, Latin Filologian irakaslea EHUn. Arratsalde on.  

Gidor Bilbao, Latin Filologian irakaslea. Bai. Arratsalde on.  

Esataria 1. Bueno, zu noiz matrikulatu zinen zerbaitetan azkenekoz?  

Gidor Bilbao. Bueno, matrikulatu, behintzat izen ematea matrikulatzea baldin bada, ba uda aurretik, udako ikastaro batzuetan.  

Esataria 2. Bai, ze(ren) zu giro akademikoan, ezta?, aritzen zara eta, ala hor egiten dituzu matrikula gehiago?  

Gidor Bilbao. Bai. Bai. Bai. Bai. Ikasleen matrikulak eta baita Ohorezko Matrikulak ere ematen ditugu. Bai.   

Esataria 1. Gidor, kontaiguzu. Zein da matrikularen jatorria?  

Gidor Bilbao. Bai. Jatorrian, urrun-urrunean mater hitza dago, ama. Mater latinezkoa, ama, eta gero amaren, bueno, hurrengo esanahitxo bat izango litzateke jatorria. Mater horretatik dator gero matrix bat eta matrix horretatik dator matrícula. Hortaz, latinez izango litzateke mater, mater-etik matrix eratorria, matrix-etik matrícula eratorria. Hori guztia mende batzuetako tartetxoan, e! 

Esataria 2. Eta Gidor, badakigu noiz hasi ziren matrikula hitza erabiltzen? 

Gidor Bilbao. Bai. Matrícula hitza bera, behintzat idatzita, agertzen da Kristo ondorengo IV. mendean, latinez. Hortaz, nahiko berandukoa da. Latinari begira latin post-klasikoa esaten dena, ezta? Eta hori, Kristo ondorengo IV. mendean erabiltzen dute zerrenda, erregistro, batez ere soldaduen zerrendak aditzera emateko.        

Esataria 1. Eta euskaraz? Noiz hasi ziren lehenengoz matrikula hitza euskaraz erabiltzen?  

Gidor Bilbao. Bai. Euskaraz hiztegi batean agertzen da lehenengoz, 1562ko hiztegi batean, Landuchioren Dictionarium Linguae Cantabricae… Arabako euskara biltzen da hiztegi horretan, eta hor dator matrikularen ordain moduan euskarazko matrikulea.  

Esataria 2. Eta hori…Zerrenda adierarekin izan zen lehenengoz orduan?  

Gidor Bilbao. Bai. Bai. Bai. Hiztegi horretan adiera horrekin dago, hori zelako baita latinez orduan gehien erabiltzen zena, eta baita gaztelaniaz be (ere).  

Esataria 1. Bai. Noski. Eta auto eta itsasontzien matrikulazioa beranduago iritsiko zelako. Noiz erabili zuten euskaldunek lehenengoz matrikula hitza auto edo barkuetako plaketarako? 

Gidor Bilbao. Bai. Nahiko arin, nahiko arin. 1917an Bizkaiko Diputazi(ñ)oak egiten zituen idatziak, zirkularrak, udalerrietara bidaltzeko, eta gaztelaniaz idazten zituzten, baina bazuten itzultzaile bat, Otxandioko gizon bat, Juan Luis Isirola. Eta horrek hain zuzen idatzi zuen itzulpen horietako batean “burdikideak atzeko aldean matrikulearen zenbakia edo numeroa”. Bai. Orduan 1917an ja(da) badaukagu euskaraz idatzita adiera horrekin.  

Esataria 2. Frantzian lehenengoz, gero Euskal Herrian Bizkaian lehenengo… Baina badirudi hainbat itzultzailek ez zutela matrikula hitza erabili nahi. Nola itzultzen zuten Gipuzkoan? 

Gidor Bilbao. Hori da. Garaitsu berean, Bizkaiko Diputazioaren zirkularrekin, garaitsu berean Gipuzkoakoek be (ere) bidaltzen zituzten Gipuzkoako udalerrietara, eta badugu, adibidez, 1921eko testu bat, gaztelaniaz ipintzen duena “matrícula” eta euskaraz “oholtxo zenbatuak”. Oholtxoak, oholtxo zenbatuak. Edo apurtxo bat beranduago, be bai (ere bai) 1936an gaztelaniaz “La matrícula del puerto” eta euskaraz “txartela” itzuli dute hori. Bai.  

B1
2022-12-19
29934748
00:04:13
2354