Oporretan ere, konektatuta

Gaur egun oporretan joateko aukerak gero eta zabalagoak dira, bai leku motagatik eta baita turismoa egiteko moduagatik ere: abentura-turismoa, ekoturismoa, kultura-turismoa, haurrik gabeko hotelak... eta zergatik ez, turismo-leku adimentsuak.

Euskadi irratiko Baipasa saioan opor edo turismo-leku adimentsuei buruz aritu dira hizketan.

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, klik egin hemen.

 

 

 

 

 

Irudia: mohamed Hassan, Pixabay.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Udako oporraldia. Udako opor garaia, opor tartea.

Laguntzeko gertu. Laguntzeko prest. 

Gai aproposa. Egoerarekin edo unearekin bat datorren gaia. Gai egokia.

Heldu dira/ heltzen garenean. Iritsi dira/ iristen garenean. 

Era horretako leku bat. Modu, gisa edo tankera berdintsuko leku bat.

Oinarrizkoa izan. Beharrezkoa izan, hori gabe ezin da izan.

Esperientzia guztiz bizitzeko. Esperientzia erabat, bete-betean, bere osotasunean bizitzeko.

Begi bistan izan. Begien aurrean izan. Ikusteko moduan, agerian izan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Bueno, zuetako askok izango duzue, ez?, akaso udako oporraldi hori antolatuta. Baina baliteke proposamenen bat gehiago entzun nahi izatea. Baipasan laguntzeko gertu gaude beti. Zaloa Campillo, arratsalde on.  

Zaloa Campillo telekomunikazioan aditua. Arratsalde on.  

Esataria. Bueno, zuk bai, ez? Zuk baduzu plana eginda oporretarako?  

Zaloa Campillo. Bueno, ni oporretan nago.  

Esataria. Ai, ze ongi, Zaloa! Hala ere, gaur, turismo-leku adimentsuez hitz egin nahi diguzu. Zeri esaten zaio turismo-leku adimentsua?  

Zaloa Campillo. Bai. Nik uste dut hori, gai aproposa, ezta? Azkenean entzuten dugu, ba, hiri adimentsuak, herri adimentsuak… Ba turismo-leku adimentsuak ere heldu dira. Eta zer da? Ba azken batean gu turista bezala joaten garenean edo norbait turista bezala etortzen denean gure herrietara, ba bestelako inmertsio (murgiltze) bat izatea, ezta? Jakiteko, adibidez, heltzen garenean toki batera, zer egin behar dut orain? Edo zer daukat orain? Edo zelako zerbitzu publikoak dauzkat? Zelako kultura-egitaraua daukat?  

Ba hori automatikoki edo oso erraz turistari heltzea. Azpiegitura teknologikoan oinarrituta, baina zerbitzu horiek ematea esperientzia hobea izateko.  

Esataria. Um. Um. Irudika dezagun era horretako turismo-leku bat. Nolakoa da? Ez dakit, nolako zerbitzuak izan behar ditu leku turistiko bat [batek] adimentsua izendatzeko?  

Zaloa Campillo. Hasteko, azpiegiturak. Eta esaten genuena, ba wifi eta konektibitate ona izatea oinarrizkoa da bestelako zerbitzuak izateko, ze azkenean hortik heltzen zaizkigu, ezta?, uhinetatik heltzen zaizkigu zerbitzuak. Gero, beste alde batetik, big dataren inguruan, adibidez, jakin ahal dugu lehen esaten genuena, zer garraio-zerbitzu ditugun, nola hobetu ere turisten garraio-zerbitzu horiek; dendariek jakitea noiz iritsi diren turistak, zelako ohiturak dituzten eta IoT-ak edo Interneteko gauzak esaten ditugunean, sentsoreak, izaten ditugunean, herritik dauzkagunak, jakiteko ba, adibidez: non pilatzen da jendea? Nondik nora dabiltza? Edo parking bat, jakiteko libre dagoen. Hainbeste teknologia ezberdin izan ahal ditugu gure esku.  

Esataria. Orduan, bertara joaten bagara, mugikorra alboan izan beharko dugu.  

Zaloa Campillo. Bueno, esperientzia guztiz bizitzeko asmoa badaukagu, bai. Baina bueno, badauzkagu ere ba panelak, adibidez, ezta?, totem horiek pantailekin, jakiteko zer daukagun. Beraz, begi bistan ere izaten ditugu holako, bestelako zerbitzuak.  

Esataria. Eta energia aldetik jasangarriagoak dira? Ze egun guztia konektaturik bazaude, horrek energia behar du. 

Zaloa Campillo. Bueno, nik beti esaten dot, (dut) ezta? Adimentsua izateko, proiektua [proiektuak] bi alde izan behar ditu. Bizi-kalitatea, aurrerapauso bat ematea, edo jasangarria izatea, edo biak, hoberena izatea. Bestela, ez da adimentsua. Beste zedozer izango da, modernoa izango da, teknologiaz beteta, baina adimentsua, ez.  

Esataria. Bueno, eta horrelako lekurik bada dagoeneko? Nora joan gaitezke?  

Zaloa Campillo. Bai. Bueno, badira proiektuak gutxinaka-gutxinaka, Euskal Herrian baditugu proiektu ezberdinak herri ezberdinetan. Ikusten ditugu panelak, app-ak hondartza goazenean… Baina, adibidez, niretzat kasu oso, ba bueno, positiboa da Hierroko irlan: lehen Smart Island bihurtu da. Eta zergatik? Lehen esaten genduena (genuena), jasangarria delako. Energia aldetik autosufizientzia lortu du, poluzio-mailak murriztu ditu pila bat… Eta zelan egiten dute? Zaborraren bidez elektrizitatea sortzen [sortuz]. Eta gainera, eraikuntzan, adreilua harri bolkanikoz erabiltzen [egiten] dute. Beraz, oso-oso autosufizientea da irla. Eta hau bai dela adimentsua!      

B1
2022-07-18
29651227
00:03:34
4313