Malthusen ezinegona eleberriaren sinopsia

Arantxa Iturbe idazle eta esatariak Asel Luzarragaren Malthusen ezinegona nobelaren nondik norakoak laburtzen dizkigu audio honetan.

2222. urtean girotutako nobelaren hainbat zertzelada dituzu Euskadi Irratiko Arratsean irratsaioaren zati honetan. 
Irratsaioa oso-osorik entzuteko, klik egin hemen.

Irudia: Pixabay (CC0)

 

Hiztegi lagungarria

Malthusen ezinegona. Malthusen egonezina, kezka. 
Ahots bat, norena ote den argitu gabe. Esan gabe ahots hori zeinena den edo izan litekeen.
Jaiotzetik hasten dira gizakiei zer behar, gehigarri hura eransten. Jaiotzetik hasten dira gizakia osatzen eta hobetzen, beharren arabera. 
Ez du bizitzaz gozatu beste eginbeharrik. Bizitzan duen eginkizun bakarra bizitzaz gozatzea da.
Bizitzeko gogoa iraungitzean. Bizitzeko gogoa bukatzean edo amaitzean.    
10 mirabe ditu bakoitzak. Bakoitzak 10 menpeko ditu, 10na zerbitzari.  
Zama eta gainontzeko guztia kenduta. Zama eta gainerako guztia, beste guztia, kenduta. 
Gehienek ez bezala. Gehienek bezala edo gehienek legez ez, baizik beste era batera. 
Haur eta guzti, jende zaharra eta guzti. Haurrak eta jende zaharra barne. 
Zertan, eta armak egiten. Zer egiten, eta armak (egiten).

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Arantxa Iturbe esataria. Malthusen ezinegona, Asel Luzarragaren nobela berriaz, gaur. 
Malthus da 220 orrialdeetako protagonista eta narratzaile nagusia, ez bakarra. Judithek ere baditu atal labur batzuk, Malthusi begira dagoen bitartean. Eta Malthusen kontakizunean ere sartzen da beste ahots bat, norena ote den argitu gabe, baina irakurleari informazioa gehitzen diona, letra etzanean. 
XXIII. mendean gaude, 2222an zehatzago. Munduan milioi bat pertsona bakarrik bizi da. Mendea joan da gizaki langileak sobran zeudela erabaki zutenetik. Gizakiak diruditen baina robotak direnek egiten dituzte lan guztiak. Beraz, gizakiak jada ez du lanik egin beharrik, ez du ardurarik, ez du bizitzaz gozatu beste eginbeharrik. Ez dira gaixotzen eta jaiotzetik hasten dira gizakiei zer behar, gehigarri hura eransten eta gorputza, edo dena delakoa, aldatzen. Ondorioz gizaki guztiak dira ia perfektuak eta batez ere, beti gazteak. Denek dirudite gazte, nahiz oso luze bizi. Adibideetarako, Judithek 78 urte ditu eleberrian, Malthusek 38, baina Erasmus-ek 115 eta Davidek 122. Bizitzeko gogoa iraungitzean hiltzen dira.    
Avgin bizi dira denak, etxadi zoragarrietan. 10 mirabe ditu bakoitzak, behar guztiak asetzeko. Seme-alabak izan ditzakete, gizartea arduratzen da haietaz gurasoei, amei bereziki, zama kenduta. Bueno, zama eta gainontzeko guztia kenduta, bide batez esanda, baita deitura ere;  gehienek ez dakite noren seme-alaba diren, Malthusek ere ez. 
Kontua da Malthus ezinegonez bizi dela oso gaztetatik. Gehienek ez bezala berak jakin egin nahi du. Hiri ahaztura joango da; han liburu eta koadro zaharrak hartu eta etxadian ezkutatuko ditu. Galderak egiten ditu, gehienek ez bezala. Zergatik sinestarazi digute urteen seinaleak lizunak direla? 
Etengabe ibiliko da Avgitik joan-etorrian, abandonatutako eremuetara, basoetara… Eta hauetako batean, desagertuak uste zituen gizakiak topatuko ditu: azpi-gizakiak esaten diete.  Haur eta guzti, jende zaharra eta guzti, eta mendean hartuko ditu laguntzeko aitzakian. Are gehiago, batere eskrupulurik gabe, zahar-zahar-zaharrenak bizirik utziko ditu, garai batekoaz jakiteko ilusioz, hain zaharrak ez direnak desagerrarazi eta sasoikoak eta umeak berak aukeratutako toki batera eraman. Umeen artean Darwin, hasieratik Malthusi begi onez begiratuko dion mutikoa. Bere jakin-nahian esperimentuak egingo ditu haiekin, eta lanean jarriko. Zertan, eta armak egiten. Azken batean, Malthusena, jakin-mina baino botere-nahia delako.
C1
2022-01-10
29059397
00:03:33
1513