Non daude kalean galdutako objektuak?
Denoi gertatu zaigu. Kalean zerbait galdu, giltzak, nortasun-agiria, betaurrekoak, eta abar, eta bila joan beharra udaletxera, ea bertan norbaitek utzi duen galdu duguna. Baina zein da protokoloa, nola da kontua? Erantzuna Amarauna irratsaioan (Euskadi Irratia).
Galdutako objektuen bulego batean sartzean gurea dena berreskuratzeko zer beharko dugunari buruzko azalpenak eman dituzte, besteak beste, audio-pasarte honetan.
Audioa osorik entzuteko, klikatu hemen.
Argazkia: Marie Sjödin, Pixabayn.
HIZTEGI LAGUNGARRIA Diru-zorroa dela, giltzak direla. Diru-zorroa izan, giltzak izan, bai diru-zorroa, bai giltzak. Hortxe komeriak! Hortxe zailtasunak, alegia. Herritarren arretarako bulegoek. Herritarrak zaintzeko edo herritarrei harrera egiteko bulegoek. Zer ez daukate udaltzainek jasota? Galderaren bidez esaten da gauza asko dituztela jasota. Bitxien atalak. Perlen, bitxien, harribitxien sailak. Horren berri hor jasota dago. Jaso aditzak adiera bat baino gehiago du euskaraz; hemen, adierazita esan nahi du. Horreek objektuak. Mendebaldeko euskaran erakuslea izenaren aurretik jartzeko ohitura dago: objektu horiek esan nahi du. Urte biko depositua. Mendebaldeko euskaran bi zenbakia izenaren ondoren jarri ohi da: urte bi. Baina hiru urte, lau urte... Ez *urte hiru, *urte lau... Firmatzen dau jaso izana. Zer sinatzen du? Jaso duela, alegia. Belarritako batzuk baldin badaude. Baldin hitza aukerakoa da baldintza egiteko, ez da ezinbestekoa. Beraz: belarritako batzuk badaude… |
Esataria. Ziur zuetako bat baino gehiagori gertatu zaizuela noizbait, diru-zorroa dela, giltzak direla, mugikorra, nonbait ahaztuta utzi edo galdu, eta hortxe komeriak! Non hasi bila? Eta alderantzizkoa ere bai: kalean zerbait aurkitu, jabea nor den jakin ez, eta zer egin?
Kasu horietarako daude Galdutako objektuen bulegoak, gure herri eta hirietako ba herritarren arretarako bulegoek edota udaltzainek kudeatzen dituztenak. Esate baterako, Donostiako udaleko webgunean ibili gara bila eta zer ez daukate udaltzainek jasota? Bitxien atalak bitxitegi bateko katalogoa dirudi. Eta gauza gehiago ere bai: bizkotxoa egiteko moldetik hasi eta hondartzarako hamaketaraino.
Gorka Sagarna udaltzaina da, Getariako udaltzaina. Egun on, Gorka.
Gorka Sagarna udaltzaina. Egun on. Egun on.
Esataria. Zer moduz?
Gorka Sagarna. Ederki. Hementxe, lanean.
Esataria. Oso ondo. Naiara Anasagasti, berriz, Bermeoko udaleko Antolakuntza saileko teknikaria. Egun on zuri ere, Naiara.
Naiara Anasagasti, Bermeoko udaleko Antolakuntza saileko teknikaria. Egun on.
Esataria. Donostiako webgunean bezala Bermeoko udalaren webgunean ere ibili gara begira. Ikusi dugu hor daukazuela zerrenda, hor dauzkazue jarrita ba agertu diren eta hor jasota dauzkazuen objektuen ba nolabait ere klasifikazioa, edo horren berri hor jasota dago. Zein da prozedura, nola, zein urrats jarraitzen dituzue?
Naiara Anasagasti. Bueno prozedura, kodigo zibilak berak ja(da) gutxiengo batzuk markatzen dauz eta horreek (ditu eta horiek) jarraitzen direz (dira), eta bueno, hola(n) ba, sinplifiketa (sinplifikatuta), objektua arreta-bulegora heltzen da, edo udaltzaingoko bulegora. Hor egiten da erregistro bat, datu batzuk hartzen direz (dira), ze aurkitzaile horren datuak be (ere) bai jasota geratut(z)eko dokumentu batean. Horreek objketuak, gero, (objektu horiek, gero), egiten doguz kodifike (kodifikatzen ditugu), eta armairu handi batean, oso ondo sailkatuta dagoen armairu batean sartu(n). Eta hilero ailegatzen diezen (diren) edo heltzen diezen (diren) objektu guzti horreek (horiek guztiak) publiko egiten direz (dira) zerrenda batean. Eta bueno, webguneen bitartez, hor, iragarki-taulan, edozeinek auker(e)a dauka ikusteko hilabete horretan zeintzuk diezen (diren) galdutako objektu guztiak. Guk gero urte biko depositu bat mantentzen dogu (dugu), eta urte bi horretan [horietan] ja(u)bea agertzen bada ba zuzenean ematen deutsagu (diogu), firmatzen dau (sinatzen du) jaso izana, eta hor amaitzen da gure kudeaket(e)a. Ez dela agertzen…
Esataria. Jabea agertzen bada. Hori da, jabea agertzen bada esan duzu, baina jabea agertzen denean nolabait ere justifikatu (zuritu) behar al du? Alegia belarritako batzuk baldin badaude edo kartera bat baldin badago eta nortasun-agiririk ez badu, nik nola erakutsi behar dut hori nirea dela, Naiara? Zein da prozedura?
Naiara Anasagasti. Ba guk hor zerrendatuta dagozen (dauden) artikuluetan ezaugarri txiki batzuk sartzen doguz (ditugu). Ba adibidez, Samsung telefono beltza. Orduan, pertsona badator, edo bueno, ba igual gauza... apur bat erakargarria, ez d(a)u esango iPhone zuria. Orduan, bueno, zerrenda hori irakurtzen d(a)uena webgunean ba esan ahal d(a)u iPhone bat edukitzea interesantea da, gustuko leikedaz [gustatuko litzaizkidake], edukit(z)ea hori, iPhone hori, eta banoa galdutako objektuen bulegora, edo gure kasuan, beraz, bulegora eta neurea dela esango dot (dut). Orduan, hor agertzen den pertsona horr(er)i hainbat galdera egiten jatso [zaizkio]: bueno, iPhone zuri bat bai, baina zein da modeloa, karkasaren kolorea zein da? hor egiten jatso [zaizkio] ba hainbat galdera identifikat(z)eko benetan pertsona hori, zeurea dela, eta bueno, galdutako objektu hori berarena da. Egia da, normalmente datorrena, hura da.
Esataria. Benetan joaten da jendea.
Naiara Anasagasti. Bai. Bai.
Esataria. Benetan joaten da.