Galtzen eta ahazten ditugun gauzak
Egunero-egunero makina bat gauza ahazten ditugu autobusean, liburutegian, lantokian… eta askotan ez dugu arrastorik non utzi ote ditugun. Ondorioz, era guztietako gauzak pilatzen dira objektu galduen bulegoetan.
Askotan gertatzen omen da pilatuta geratzen diren objektu horiek inork ez erreklamatzea. Hori gertatzen da, adibidez, udaltzaingoan uzten diren hainbat objekturekin. Eta balio handiko objektua bada zer egiten ote da? Zuk utzi duzu inoiz balio handiko gauzarik ahaztuta?
Lizardiren Baratza saioan duzu entzungai osoa.
JOSE LUIS PADRON.- Autobusetan, tabernetan, edozein lekutan, batez ere festetan, jendea ez da konturatzen bidean zenbait gauza utzita joaten dela: aterkiak, arropak, betaurrekoak... Objektu horiek dira maiz ahazten direnak, baina objektu garestiagoak eta bitxiagoak ere galtzen dira: sakelako telefonoak, bitxiak eta hortzordeak.
Aurkitutako gaiak objektu galduen bulegoetan aurkitzen dira. Galdutako objektuak berreskuratzeko, zenbait argibide eman behar dituzte jabeek: galeraren uneari eta lekuari buruzkoak, fakturak edo jabea bitxiarekin agertzen den argazkiren bat… Baina batez ere objektuaren deskribapen zehatza egin behar dute.
Bi urtean objektu horren legezko jabea agertzen ez bada, eta objektua baliozkoa bada, aurkitu duenak aukera izango du horren jabe egiteko. Gauza bera egiten da balio txikiagoa duten gaiekin: arropa, aterkiak eta abar. Baina bi hilabeteko berreskuratze-epearekin.
Sakelako telefonoak zuzenean birziklatzera eramaten dira bi hilabete pasatuta.
Dbus-eko bulegoetan gaude, bezeroentzako arretarako sailean. “Hona iristen dira galdutako gauza guztiak. Sailkatu egiten ditugu eta udaltzainek eramaten dituzte. Betiko gauza berberak galtzen dira orain ere, sakelakoak izan ezik. Neguan batez ere, euria egiten duenetan, aterki asko aurkitzen ditugu, beroki asko, karterak, sakelakoak… Baina batez ere hori, barruko arropak eta zapatilak. Badira gauzak galtzen dituzten autobus-gidariak ere. Esan dezagun egia. Askotan, etxera joateko presaz zerbait ahaztu, eta guk entregatu egin behar. Dena kaxa batean sartzen dugu. Eta gero, segurtasun-arduradunak eramaten du.
Goizetan bulegora iristen naiz eta segurtasun-arduradunak galdutako gauzez betetako kaxa ekartzen dit. Balio handiko gauzak sartzeko kutxa gotor bat ere badaukagu. Eta behin, nire mahaira iritsitakoan, sailkatu egiten ditut eta objektu bakoitzaren deskripzioa egiten dugu”