Nola egin aurre antsietateari?

Azken boladan, antsietatea guztion hizpide izaten ari da eliteko kirolarien harira. Baina ez dago eliteko kirolari izan beharrik antsietatea jasateko, edonork izan dezake neurri batean edo bestean. Baina zer da antsietatea, nola egin aurre? Hori guztia argituko digu Maite Elizondo psikologoak Osasun Etxea saioan (Euskadi Irratia).

Antsietatea zer den, nola kudeatu… Horra aholku batzuk hurrengo audio-pasartean.

 

 

Irudia: Pxfuel (CC0)


 

 

Hiztegi lagungarria
Denon ahotan egon den gai bat.
Guztion hizpide izan den gai bat, alegia.  
Seguru baietz. Baietzean egon, baietz uste izan. Era berean: ezetzean egon, ezetz uste izan, seguru ezetz, alegia. 
Dena oso produktibo izate horretara bideratuz. Zertara eraman, bideratu edo lerratu guztia, dena. Guztia norabide berean jarri zerbait lortzeko, kasu honetan oso produktiboa izateko. 
“Agobioa” sentitzeaz gain ba beste sintoma batzuk ere sentitzen ditugunean. “Agobioa” edo larritasuna sentitzearekin batera beste sintoma batzuk ere sentitzen ditugunean.   
Ezin gelditu hori. Gelditu ezin hori. “Ezin gelditu” eta “Gelditu ezin”ek izen bezala funtzionatzen dute. Era berean, egonezin edo ezinegon hori.     
Demagun. Eman aditza era trinkoan, eman dezagun: adibidez edo esaterako esan nahi du.
Gertatu zaidan horren harira. Gertatu zaidan hori dela eta, edo gertatu zaidan horren ondorioz.
Barne-elkarrizketa horretan ere bai arreta jartzea. Zertan jarri arreta edo zeri eskaini arreta, biak dira zuzenak. Hau da, barne-elkarrizketa horri ere arreta eskaini. 
Baditugu… leku asko non pasa dezakegun oso ongi. Esaldi nagusia eta menpekoan non + aditza –(e)n. Beste era honetara ere jar daiteke: Baditugu lekuak non pasa baitezakegu oso ondo.

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Off ahotsa. Osasun Etxea, Maddalen Otermin. 
Maddalen Otermin kazetaria. Egun on. Zabaldu dugu igande honetako buruko osasun etxea. Hiru psikologo lagun izango ditugula esan genizuen, eta hirugarrena ezagutzeko momentua iritsi da azkenean. Maite Elizondo, egun on.
Maite Elizondo psikologoa. Kaixo. Egun on, Maddalen. 
Maddalen Otermin. Zer moduz zaude?
Maite Elizondo. Ongi. Ongi. 
Maddalen Otermin. Gaur denon ahotan egon den gai bat ekarri dugu: antsietatea. Denok izan dugu, edo izan duen norbait ezagutzen dugu, Maite. 
Maite Elizondo. Bai. Bai. Ez dakit denok sindrome bezala sentitu dugun, baina behintzat horietako sintoma batzuk seguru baietz
Maddalen Otermin. Inkesta txiki bat egin dut. Inguruan galdetu dut, eta % 75ak esan du baietz, inoiz izan duela, % 25ak, aldiz, ezetz. Zergatik da hain ohikoa?
Maite Elizondo. Ba seguru aski daramagun erritmo-motagatik bizitza honetan, ez?, dena oso produktibo izate horretara bideratuz, eta nik uste dut denbora gutxi hartzen dugula hausnarketari (eskaintzeko), denbora gutxi hartzen dugula piska bat gure erritmo osasuntsuago batekin egoteko. Eta guzti horrek eramaten gaitu, ez?, azkenean ezinegon horretara edo. 
Maddalen Otermin. Batek aipatzen zidan antsietatea ez dakiela, baina “agobio” (larritasun) edo estutasun handia, bai. Zer desberdintasun dago antsietatearen eta “agobio” horren artean? 
Maite Elizondo. Antsietatea diagnostikatu ahal izateko sintoma dezente batu behar ditugu, eta denbora batean zehar. Eta beste aldetik, badira sintomak. Eta horietako bat izan daiteke “agobioarena” ez? Eta orduan, momentu jakin batean bai sentitu dezakegu, adibidez, “agobioa”, estutasuna edo urduritasun oso-oso altu bat. Orduan, non dago batetik bestera pasatzeko zubi hori? Ba nik uste hori, denboran asko luzatzen denean, eta seguru aski “agobioa” sentitzeaz gain ba beste sintoma batzuk ere sentitzen ditugunean.
Maddalen Otermin. Zeintzuk dira sintoma horiek?
Maite Elizondo. Badira dezente, baina horien artean bai egia dela “agobioarena”, ezintasuna… Gero, askotan ere pasatzen dira arlo fisiologikoago batzuetara ez? Batzuei joan dakioke [dakieke] ba, ba, intsomioarekin, edo elikaduran ere gorabeherak izatearekin, edo libidoarekin. Edo normalean bai sintomak izaten dira batzuk emozionalagoak, beste batzuk agian fisiologikoagoak, edo beste batzuk igual motorragoak, ez?, ezin gelditu hori, ez? Edo batzuek tikak, edo bueno.
Maddalen Otermin. Arrazoi asko egon daitezke ala?
Maite Elizondo. Bai. Eta nik uste dut garrantzitsua dela baloratzea arrazoi batzuk izan daitezkeela kanpotik datozenak eta beste batzuk guk bertan ere eragin ditzakegunak, ze(ren) askotan saiatzen gara, noski, ulertzen, ez?: “Nondik datorkit niri hau? Zer gertatu zait?” Eta askotan bilatzen ditugu, beti, “jo, hau gertatu zait edo beste hau honek egin dit”. Beti kanpora begira, ez? Eta hor izaten da hasierako estimulua edo demagun, baina gero nola barneratzen dugun, nola perzibitzen dugun gertatzen den hori. “Zer esaten diot neure buruari gertatu zaidan horren harira?” Ba horrek azkenean, bi metaketa horiek ez?, egiten dute horrelako sentsazioak izatea. 
Maddalen Otermin. Pertsonaren izaerak zerikusirik badu?
Maite Elizondo. Bai. Noski! Badago jendea ba bueno, errazago egokitzen dela zailtasunei [errazago egokitzen dena zailtasunen aurrean], ez? Hor piska bat adimen egokitzailea ere sartzen da. Orduan, izaerak badu garrantzia, baina garrantzitsua da izaeraz gain, beti daukagula ikasteko gaitasun hori. 
Maddalen Otermin. Antsietate-maila onargarriak badirela diozu. Noiz da onargarria eta noiz ez?
Maite Elizondo. Ba piska  bat ez digunean oztopatzen egin nahi dugun hori egitea. 
Maddalen Otermin. Oreka biopsikosoziala aipatzen duzu. 
Maite Elizondo. Hori zoragarria da. Bueno, berez osasuna hori esaten da dela, ez? Hau da, oreka batean dagoenean bai gure alde bioa esaten duguna,  hau da, osasun fisikoagoa edo ezagutzen duguna, psikologikoa, eta nola sentitzen garen, eta baita ere soziala, ez? Azkenean harremantzen garen horrek ere laguntzen gaitu asko emozioak erregulatzen, eta ongi pasatze horretara, ez?
Maddalen Otermin. Aholku-sortaren bat bukatzeko, baduzu?
Maite Elizondo. Ba piska bat esan ditugu, ez? Baina hola, laburbiltzeko, ba, ba aipatu dugun eskema hori, biopsikosoziala osasuntsu mantentzearena garrantzitsua. Gero beti ere hori, ez?, ba gure buruari zer esaten diogun, ez?, barne-elkarrizketa horretan ere bai arreta jartzea eta ahal baldin badugu behintzat desazeleratu piska bat erritmo hau, eta, eta hori, ez?, hausnarketa, lasaitasuna eta distrakzioa (entretenimendua). Ongi pasa. Badakigu, eta baditugu ez?, leku asko non pasa dezakegun oso ongi
Maddalen Otermin. Eta behar denean, laguntza eskatzea. 
Maite Elizondo. Hori da.
B2
2021-09-13
28711925
00:04:12
258