Euskaldunok gertuko hizkuntzen azentua hartu dugu?

Euskaldun bati atzerrian nabari zaio euskalduna dela. Doinuagatik agian? Baina zein da euskararen doinua? Gai hori, eta gai horri lotutako beste hainbat, irakasten dabilen Julia Marin irakaslea izan da Euskadi Irratiko Faktoria saioan hainbat argibide eta adibide emateko.

Euskarak duen doinuaz zerbait jakin nahi baduzu, entzun audio-pasartea.  

Audio osoa entzuteko, klik egin hemen.

 

 

 

 

Argazkia: Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Zer den doinua. Zer den doinua, ahoskera… 

Tranpaldoaren atze-aurreak. Antzerkigintza ondo ezagutzen duela, alegia.  

Esataritza aztertu. Esatarien (lokutoreen, antzezleen…) hitz egiteko modua aztertu. 

Hizkera artifizial bat den aldetik. Hizkera artifizial bat den neurrian.  

Oso nabarmena da joera. Begi-bistakoa da norabidea edo tendentzia. 

Dotore-itxura eman nahian. Dotorea dela adierazteko asmoz.  

Agurrak eta. Agurrak eta abar, agurrak eta beste.  

Euskaldunak zer egingo. Begira zer egiten duen euskaldunak!  

Kopiatu gaztelaniaz egiten den egokitzapen hori. Kopiatu gaztelaniaz egiten dugun moldaketa hori.  

Gurera ekarri. Euskarara ekarri, alegia.  

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Aztertuko dugu zer den doinua.  

Julia Marin irakaslea. Bale. 

Esataria. Esplikatuko diegu entzuleei. 

Jon, Julia Marini buruz jakin beharreko zertzelada batzuk eman iezaizkiguzu, faborez.   

Jon Artano esataria. Julia Marin Arteaga lasartearra da, Billabonako ikastolan eta HABEn irakasle aritutakoa. Badu, beraz, hezkuntza arautuaren eta euskaltegien berri. Antzerkigintzan ere aritu da, aritu izan da, testu-interpretazioa irakasten, adibidez. Ezagutzen ditu, beraz, antzokiak eta tranpaldoaren atze-aurreak. Horiek gutxi ez, eta itzulpengintzan ere aritu da eta joan diren urteetan bere ahaleginik eta handiena euskararen esataritza aztertu eta irakasteari eskaini dio eta esan dugunez, guri irakasten ere aritu da “Esatearen ederra” lantegian.  

Esataria. Hori da. Ze ikastaroak eman dituen, hemen, etxe honetan, Euskadi Irratian, Euskadi Irratiko esatarien artean. Jon. 

Jon Artano. 2019an Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira, Gasteizen, eta “Ahoskera, zer?” jardunaldiak antolatu zituzten eta besteak beste, Ahoskera Batzordeko buruak, Lourdes Oñaederrak hartu zuen han hitza… 

Julia Marin. Bai? 

Jon Artano. …eta berak esandako batzuk entzungo ditugu…  

Esataria. …entzungo ditugu. Hartu aurikularrak zera, Julia, Lourdes Oñaederrak esandakoa entzuteko.  

Lourdes Oñaederra (Euskaltzaindia). Euskara batuak ez du fonologiarik. Ez du ahoskera-sistemarik hizkera artifizial bat den aldetik. Azentuarekin zer egin da? Gaztelaniarena hartu, unibertsala izateak, sistema fonologiko bezala unibertsala izateak ematen dion indarraz lagunduta.  

Jon Artano. Gaztelaniarena hartu esan zuen, eta gero erantsi, eta frantsesarena.  

Julia Marin. Bai.  

Jon Artano. Hori izan da. Hain, hain…  

Esataria. …nabarmena da? 

Jon Artano. …nabarmena, katastrofikoa al da? 

Julia Marin. Oso, oso nabarmena da joera. Oso, oso nabarmena. Eta orduan, klaro, lehen esan duguna, ezta? Askotan testu idatzien gainean hitz egiten dugu. Gero euskalkian aritzen garenean modu batera kantatzen dugu, baina gero batura pasatzen garenean ez dugu asmatu euskalkian egin dugun doinu hori batuarekin txertatzen. Orduan, zer egiten dugu? Ba kopiatu gaztelaniarena, eta gainera adituek, Lourdesek berak esan du, sistema unibertsal bat. Gaztelaniak dauka joera azentua jartzeko azken-aurreko silaban. Eta dirudienez hori oso hedatua dago hizkuntza askotan. Ni horretan ez naiz aditua: ni praktikatik nator, baina Lourdesi askotan entzun diot. Orduan zer egiten dugu? Ba dotore-itxura eman nahian edo egiten dugu kopiatu gertuen daukaguna, hegoalde honetan gaztelaniarena. Orduan, ekarri dizkizuet adibide batzuk. Egokia iruditzen zaizue aipatzea? 

Esataria. Fenomeno! 

Jon Artano. Jakina! 

Julia Marin. Adibidez, gaztelaniaz ari garela ere euskaldunok ba agurrak eta askotan euskaraz esaten ditugu, baita euskaraz hitz bat bera esaten ez dakien jendeak, ezta? Eta horregatik? Gero árte, bihar árte, egún on… Hori euskara da? Edo geró arté, bihár arté, egún ón… Beste bat oso nabarmena: eskerrik ásko. Hori nondik hartu dugu? Eske oso gauza bitxia da, ze(ren) erdaldunek egiten dute, eta hori egin behar dute. Hizkuntza guztiek bere, bere prosodia daukate. Eta hizkuntza guztiek egiten dute beste hizkuntza batetik hitzak hartu behar dituztenean…  

Jon Artano. …beren erara esan… 

Julia Marin. …egiten dute txertatu bere doinuan. Eta orduan erdaldunek, bueno, guk gaztelaniaz aritzen garenean, txertatu egiten dugu gaztelaniaren doinuan, egin behar dugun bezala, baina gero euskaldunak zer egingo, eta kopiatu gaztelaniaz egiten den egokitzapen hori, gurera ekarri. Orduan, eskerrik ásko. Klaro, eskerrik ásko edozeinek esaten du, ez? Esan nahi dut dela oso hitz erabilia. Baina nik esaten dut, zuk eskerrik ásko esaten baldin badidazu, erantzuna izango da ez horregátik. Ezta, edo zer? Baina Ez horregátik esaten duzu… 

Jon Artano. Bai. 

Julia Marin. …ze gauza arraroa den hori. Erdaldun batek ez duelako sekula ez horregátik esaten. Orduan, éskerrík askó, éz horrégatík. Eta doinuak dira oso, oso, oso, oso diferenteak.  

Esataria. Beraz, guk euskarazko berezko forma erakutsi beharrean erdaldunei edo gazteleraz aritzen direnei, gazteleradunek guri pasatu digute eta guk irentsi… 

Julia Marin. …guri pasatu, guk hartu dugu, nik ez dakit konplexuaren eraginez den edo zeren eraginez den, edo uste dut kontzientzia-falta dela ikaragarria. Ez diogula zerari, ez? garrantzirik ematen, doinuari. Beste bat oso nabarmena pertsona-izenena. Eta hori irratian, adibidez, oso sartuta daukazue. Agurtzane Gorostídi etorri da guregana, Agúrtzané Goróstidí izango da, ez?, edo Xabier Elorríeta, ba Xabiér Elórrietá, Odriozóla, Ódriózolá, ezta? Gero manifestaziotan, ez? 

Esataria. Bai? 

Julia Marin. Orain tabernak itxita egon ziren garaian egin ziren zera guztietan, hiriburu guztietan manifestazioak, eta batzuetan, Óstalarítza aurréra. Hori euskara al da? Óstalaritzá aúrrerá. Hori da, ez?     

B2
2021-07-15
28536744
00:05:24
217