Dokuteka
Nire euskara eta zure euskara
Gazte euskaldunen artean euskara berriak sortzen ari dira.
Hauen zuzentasunari baino gehiago, adierazkortasunari begiratu behar zaio eta gertaera interesgarria dela deritzo Kike Amonarrizek.
Esataria. Denok ulertzeko moduan hitz egiten al dute gaur egungo gazteek?
Kike Amonarriz soziolinguista. Nik uste dut denok ulertzeko moduan hitz egiten dutela. Gertatzen da ingurua ere aldatu dela eta orduan, badirela gai berri batzuk, beti, historian beti gertatu den bezala, gazteak berrikuntza dakar, eta berrikuntza horien inguruko terminologia ez baldin bada ondo menperatzen ba ez da ulertzen. Eta gero, Euskal Herrian gertatzen zaiguna da gazteei, beharbada, gehiegi ulertzen diegula. Nik uste dut beste hizkuntzetan sortzen direla gazte-hizkerak, sortzen dira argotak, sortzen dira hitz berriak… Eta euskaraz oraindik ere hortik gutxiegi daukagu.
Esataria. Gazte-hizkera falta da?
Kike Amonarriz. Nik esango nuke, neurri batean baietz. Oraintxe bertan ari da sortzen hirietako gazte-euskara. Eta bueno, niri gertatu zait hori, ba egokitu zait ikastetxe batzuetan eta horrelako institutu batzuetan eta jaso ditut gazteen artean erabiltzen dituzten oharrak… Hor orain oso modan jarri da agendetan, hor eguneroko ba ikasgaiak eta ordutegiak eta apuntatzeko agendetan elkarri oharrak pasatzen dizkiote. Baina mezuak ere bidaltzen dizkiote elkarri telefono bidez, txateatzen dute… Eta hor sortzen ari da hizkera berri bat, eta euskara horrek baditu bere ezaugarri propioak… Eta hor ari da sortzen, nolabait, momentu honetan gazte-euskara bat orain dela ba urte gutxi arte ez geneukana. Azken batean, guk geuk hitz egiten genuena, batez ere gurasoei ikasitakoa eta euskara batutik ikasitakoa izan da. Baina egia da ere guk ez genuela euskaraz egiten normalean kalean. Nik beti aipatzen dut. Tolosan nik 15 urte nituela eta Nekaneren anaiak ere askotan errepikatu izan(du) du hori, Anjel Marik, Tolosan gazteen artean erdaraz egiten zen, eta kito. Orduan arazoa ez zen ez zegoela gazte-hizkerarik, arazoa zen ez zegoela euskararik gazteen artean.
Orain jauzi kualitatibo izugarri bat eman dugu. Gaur egun, gazteen artean, gutxi edo gehiago, baina euskara entzuten da. Egoera aldatzen ari da, beharrak aldatzen ari dira eta kontestua ere aldatzen ari da. Orduan, guzti, aldaketa guzti horretan ba nik uste badirela elementu oso positiboak, eta elementu positiboak dira, batez ere, sekula baino gazte euskaldun gehiago daukagula Euskal Herrian, gero eta euskara gehiago entzuten zaiela gazteei. Baina hobekuntza guzti horien artean oraintxe sumatzen ditugu badirela bestelako hutsune batzuk. Eta hutsuneak dira normalean adierazkortasunarekin zerikusia dutenak, ez? Eta hor, normalean, lokuzioak eta horrelako espresibidade (espresabide) berezia duten hitzak eta, Hegoaldean, zuzenki erdaratik hartzen dira, eta gainera, Madrileko erderatik. Orduan, hemen, ETBko hizkuntza-arduradunak chelismoa deitzen dio: chapada, ¡qué puntazo!, echó la raba, ¡qué descojono!, horrelakoak... Baina hor badago beste istorio bat, eta da, beharbada, 60 urte atzera jotzen baldin badugu, gazte-hizkera bat bazegoen, nolabaiteko hizkera, ez? Baina nekazal giroaren testuinguruan kokatzen zen hura, eta orduan, erreferentzialtasun guztia nekazal giroarekin lotzen zen, edo gizarte batekin, azken batean.
Gaur egun hori izugarri aldatu da. Gaur beti guk jartzen dugu, nik gazteekin hola, hitzaldiak ematerakoan… Eta bueno, bada hitz bat, ez? Eta esaten dut: “Bueno, zuek masturbatzea nola esaten duzue euskaraz?” Eta orduan, zedozer, normalean hori bera erabiltzen dute, erderaz. Edo asko jota, norbaitek esan dezake “lasto bat bota”.
(barreak)
Bueno, itzulpen zuzena. Baina hori euskaraz beti esan izan ohi dugu era batean, eta izan da “kanpaia jo”. Baina kanpaiak ja(da) ez dira jotzen, kanpaiak ja(da) automatikoak dira. Eta orduan zergatik erabili zuten garai bateko euskaldunek “kanpaia jo”? Badakigu, eta irudikatzea besterik ez da, ez? Badago soka bat zintzilik, badago akolito bat, gainera akolitoak horrelako azpi-gona moduko bat darama… Bisualizatzen baldin bada egoera, oso-oso garbia da zer adierazi nahi den.
Baina Basauriko gazte batek edo Tafallako gazte batek edo Donostiako gazte batek ez daki zer den akolitoa, ez daki nola jotzen ziren kanpaiak. Orduan, hori entzuten baldin badu ez du identifikatzen.
Esataria. Arrotza egiten zaio.
Kike Amonarriz. Arrotza egiten zaio. Edo askotan entzuten du, eta orduan, klitxe modura jasotzen du, edo bestela beste era batera esan behar du. Eta orduan, beste era horiek ari dira orain sortzen. Esate baterako, Asiskok [Asisko Urmenetak] berak ere hartu zituen orain dela gutxi, bata zen Bergara inguruan “partxisean aritu”. Eta bestea zen “Santa Ageda kantatu”. Nola kantatzen den, imajinatu!
(barreak)
Bueno, nik uste hortik d(ih)oala, ez? Eta bestalde, hor sortzen ari diren bestelako joera batzuk ere zabaltzeko mekanismoak sortu behar dira. Eta hor, Oñatin esate baterako, orain oso modan jarri da “hau jota ona da, hau jota handia da, hau jota zaila da”.
Esataria. Belaunaldi bakoitzak, orduan, bere gazte-hizkera izan du edo izan behar du.
Kike Amonarriz. Nik uste baietz. Nik uste dut… Begira, hor badago beste adibide bat oso-oso polita, eta hori jartzen diet institutuetan, ez? Guk ligatu esaten dugu. Zuek badakizue ligaturen sinonimorik? Inori ez zaio etortzen beste hitzik.
Esataria. Ligatu bakarrik.
Kike Amonarriz. Ligatu da ligatu. Baina ligatu bukatzen da Irunen. Ze(ren) Hendaian dragatu da. Dragué esaten da frantsesez, eta beraz, daukagu gazte-hizkera hori erabat erderatik hartuta. Hori noiz sortu zen? Ba hori sortu zen juxtu euskara debekatuta zegoen garaietan. Ez genuen aukerarik izan guk gure terminologia sortzeko, ze(ren) komunikabideak erderaz ziren, eskola erderaz zen, dena erdera zen… Eta orduan, momentu honetan daukaguna da, Iruneraino balio digu ligatuk, eta Hendaiatik gora balio digu dragatuk, baina elkarren arteko komunikazioa hor etenda geratzen da.
Orain dela 60 urte euskaraz zekienak euskaraz zekien gurasoek euskaraz zekitelako eta giro euskaldun batean bizi zelako. Eta zer euskara zekien? Zekien bere euskara, euskara batua ez zekien, arrazoi sinple batengatik, inbentatu (asmatu) gabe zegoen. Gaur egun, ordea, jar gaitezen… Eta adibide bat jarriko dizuet. Durangon. Durango, 6 urteko haur bat. Zer entzuten du 6 urteko haur batek Durangon? Ba batetik entzungo du gurasoen euskara, entzun diezaieke durangaldeko euskara, bertakoak baldin badira, baina seguru aski izan liteke Gipuzkoan jaio, euskara Nafarroan ikasi, ikasi Leioan, beraz, bizkaierazko kutsuren batzuk ere hartu, gero, lehenengo lana, aurkitu zuen Gasteizen eta orain bukatu du Durangon, eta bere bikotea [bikotekidea] da Bilbon jaiotakoa, euskara Lizartzan ikasitakoa, gero, unibertsitatean, ez dakit non ibili, eta abar.
Orduan, entzuten duen euskara mota oso diferentea da. Irakasleak ere izan ditzake hangoak edo hemengoak. Telebista pizten du. Telebista piztutakoan oso euskara desberdinak entzuten ditu. Jasotzen duen aniztasun hori izugarria da, orduan… Eta gainera, erdararen eragina ere hor dago. Erdarak inguratuta bizi gara. Orduan, jasotzen duten [dituzten] erreferentzia linguistikoak oso-oso desberdinak dira. Orduan, hortik aterako den euskara diferentea izango da ezinbestean. Eta pozik euskaraz egiten baldin badute.
Nik uste dut hemen bi baldintza daudela ezinbestekoak, ez? Eta da, irakaskuntzak, eta familiak, euskalduna baldin bada, ahalik eta euskararik onena ematea, eta oso ondo jakin behar dute zer den zuzena eta zer ez den zuzena. Horregatik irakaskuntzak oso zorrotz jokatu beharko luke, eta gero, hortik kanpora, inportantea da beraiek ere euskarazko kontsumoa izatea: musika entzutea, komunikabideak euskaraz jasotzea, liburuak euskaraz irakurtzea, euskaraz egitea… Zenbat eta gehiago egin, gero hor ere sortuko den euskara orduan eta hobea izango da. Orain, ez da seguruenik erabat zuzena izango, ze(ren) gazteak ere arauak puskatu egin behar du. Orain hor jauzi positibo bat eman dugu hainbat kasutan. Eta borroka generazional hori da nire euskara eta zuen euskara.
