Pentsamendu kritikoa, gure usteak zalantzan jartzen

Pandemia-testuinguruak areagotu egin du informazioa eta iritziak bereizteko zailtasuna, eta horrek inoiz baino beharrezkoagoa egiten du pentsamendu kritikoa.

Interneten sartu zara, adibidez, kezkaren bat duzulako. Interneten, ordea, informazio gehiegi dago. Nori sinetsi, zer hartu aintzat… Zaila kontua! Beraz, pentsamendu kritikoa lantzen ikasteko solasaldi batzuk antolatu ditu Elhuyar zientzia-elkarteak Usurbilgo udalaren laguntzaz. (Teknopolis, ETB 1). Pentsamendu kritikoari buruzko solasaldietan parte hartu duten hainbat kideren azalpenak entzungo dituzu bideoan. 

Bideoa osorik ikusteko, egin klik hemen 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Funtsik gabeko iritziak. Nolako + izena? Funtsik gabeko iritziak, oinarririk gabeko iritziak. Era berean: arrazoirik gabeko usteak, aitzakiarik gabeko argibideak, zalantzarik gabeko urratsak… 

Hizpide izan dituzte. Mintzagai edo eztabaidagai izan dituzte. 

Pentsamendu kritikoa lotzen zaio usteen gaineko zaintzari.  Alegia, pentsamendu kritikoak zerikusia duela usteen gaineko zainketarekin.   

Kontu gradual bat da, mailaz mailakoa. Nolako + izena? Nolako kontua?: mailaz mailako kontua. Era berean: etxez etxeko diru-bilketa, auzoz auzoko albistegia… 

Informazio-zaparrada ikaragarria. Informazio-uholdea, etengabeko informazioa.  

Justifikazioei begirunez begiratzen. Nola begiratzen? Errespetuz, arretaz. Era berean: tentuz begiratu, maitasunez begiratu… 

Gizakiok oso izaki konplexuak gara. Gizakiak oso izaki konplexuak dira, baina gizakiok (gu ere gizakiak garelako) oso izaki konplexuak gara. Era berean: euskaldunok herrialde askotan gaude, herritarrok kezkatuta bizi gara…  

Hori gaizki ezkontzen da justifikazioaren bidearekin. Hori ez da ondo lotzen justifikazioaren bidearekin, horrek ez du kointziditzen justifikazioaren bidearekin. 

Horiei (arriskuei eta abar) aurre egin behar zaie. Aurre eman, aurpegi eman. Zeri egin behar zaio aurre, edo kontra?  

Ez nahastu aurre egin eta aurrea hartu. Adibidez, ez gaixotzeko neurri batzuk hartzen badituzu, gaixotasunari aurrea hartzen ari zara, baina hala ere, gaixotu egiten bazara, gero gaixotasunari aurre egin beharko diozu.   

 

 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Informazioaren gizartean bizi gara. Inoiz baino eskuragarriago dugu mundu osoan sortzen den ezagutza. Baina gure iritziak ez dira oinarritzen kontrastatutako datuetan bakarrik. Aurriritziak ditugu, beldurrak, eta askotan zaila egiten zaigu bereiztea ebidentzian oinarritutako jakintza eta funtsik gabeko iritziak. Zailtasun hori areagotu egin da bizi dugun pandemia-testuinguru honetan. Hainbat iturritatik jasotzen ditugu mezuak, askotan kontraesankorrak, eta jada ez dakigu nori sinistu. Izan ere, bidea ez da honi edo besteari sinestea, norberaren iritziak, usteak eta sinesmenak zalantzan jartzea baizik.  

Garazi Andonegi, Elhuyar. Guk Elhuyarren, azken finean, helburu bezala daukagu, ezta?, beti lan izan dugu kultura zientifikoaren zabalpenaren alde… Gizartea irizpideduna izatea nahi genuke, edo behintzat, gure ekarpena hortik egin, ezta? 

Eta pentsamendu kritikoa, hain zuzen ere, ba, iruditzen zaigu baliagarria dela jendeak bere erabakiak, iritziak, modu aske eta librean eman ditzan.  

Esataria. Ezagutzak zelan antolatzen diren aztertzea, ulertzea eta ebaluatzea da pentsamendu kritikoa, eta eguneroko baieztapen eta iritzi guztiei eragiten die.  

Ideia horretan sakontzeko helburuarekin, Elhuyar solasaldiak antolatu dituzte Usurbilgo udalarekin batera: Koronabirusaren korapiloak, zaintzaren demokratizazioa eta pentsamendu kritikoaren garapena izan dituzte hizpide, besteak beste.  

Horrez gain, pentsamendu kritikoaren dekalogoa kaleratu dute, gizarteari tresna praktiko bat eskaintzeko asmoz.  

Agustin Arrieta Filosofia-irakaslea EHUn. Niri gustatzen zait esatea pentsamendu kritikoa lotzen zaiola usteen gaineko zaintzari. Zaintza-lana egin behar dugu Gure uste, iritzi, sinesmenen gaineko zaintza-lana egin behar da.  

Garazi Andonegi. Ziur zaude zure uste horietaz? Bueno, bilatu ezazu beste informazioa eta agian kontrakoa esaten duena, ezta? Irakurri eta gero zure analisi propioa egin eta bueno, orduan baieztatu, ba bai, nire uste hau oraingoz mantentzen dut. Beste honek esaten didana,  ba, ez zait egokia iruditu.  

Agustin Arrieta. Uste guztiek eskatzen dute justifikazio-maila bat. Eta hori da zaindu behar dena. Kalitate handiko justifikazioak lotu behar ditugu, eta hau kontu gradual bat da, mailaz mailakoa. Ez da bai edo ez. Da kontu gradual bat. Eta mailaketa horretan, gailurrean, normalean, uste bati buruz hitz egiten dugunean, ezagutza hitza erabiltzen dugu. Orduan, esango nuke ezagutza dela uste justifikatuen kalitate maximoa.  

Zaila da bereiztea nori kasu egin. Ba bai, informazio-zaparrada ikaragarria dago. Ia-ia aukera guztien menu bat egin dezakezu eta, eta orain gertatzen dena da jendeak aukeratzen duela nahi duena. Eta estrategia horietatik(an) oso bestelakoa da justifikazioaren bidea. 

Justifikazioaren bideak zailtasun asko dauzka etsai asko dituelako, oztopo asko, eragozpen asko, eta gaur egun oztopo, eragozpen, etsai horiek oso indartsuak dira. Infodemiaren eskutik, egia ostearen eskutik eta abar, eta abar. Horregatik(an) indar handiagoz aldarrikatu behar da pentsamendu kritiko hori, justifikazio indartsuak eskatzen dituen pentsamendu zalantzati hori, baina justifikazioei begirunez begiratzen diena, ez?  

Garazi Andonegi. Hor azkenean ikusi behar duguna da gai horri buruz ematen, iristen zaigun informazio hori, iturri hori ere zein den. Hau da, gai horretan dabilen erakunde bat den, ikertzaile aditu bat den, bere ibilbide profesionala horretan ematen ari den pertsona batetaz [batez] ari garen hizketan, eta hark emandako informazio eta iritzia ote den, edo nolabait, ba, beste pertsona edo beste erakunde batek emandako iritzia den. Hori oso garrantzitsua da.  

Azkenean, bizitza profesionala eta zure ikerketa-eremuan ari baldin bazara zerbaiti buruz hitz egiten, noski horrek fidagarritasun eta pisu gehiago duela informazio horrek, ezta?  

Agustin Arrieta. Bueno, nire iritzia da zientziagintza dela giza jarduera bat. Eta giza jarduera guztiek itzalak dituzte. Eta kritikagarriak izan daitezke. Horretan ez daukat zalantzarik. Eta zientziagintza instituzio konplexu bat da; barruan jarduera asko daude abian… Orduan, pentsamendu kritikoa hor ere sartzen da. Hor, horretan ez daukat zalantzarik.  

Beste kontu bat da orain, bueno, beti egon diren negazionismoak, beti egon dira. Ia-ia esango nuke gurekin batera datozela. Denok izan gaitezke negazionistak momenturen batean. Baina, esate baterako, momentu honetan negazionista batek planteatzen baldin badu, esate baterako, birusik ez dagoela, eman dezagun… Uste dut arrazoi on asko daudela jarrera hori kritikatzeko. Eta ebidentzia asko daude. Ebidentzia kontzeptu inportantea da justifikazioetan eta uste justifikatuak behar ditugu eta askoz justifikatuago dago pentsatzea birusa dagoela ez dagoela baino, ez?  

Garazi Andonegi. Onartu behar da gizakiok daukagun mekanismo bat dela. Sinesten ditugu eta ontzat ematen ditugu gure gertukoek eta guretzat, nolabait esateko, autoritate bat duten pertsonek emandako iritzi eta informazioak. Eta horregatik, hortik ere ihes egiten jakin behar dugu, ezta? Familiartekoek emandako informazioa, normalean ontzat ematen dugu. Bueno, bai,  gerta liteke. Baina baita ere, agian, egon daitezke erratuta. Bila dezagun norberak benetan informazio hori kontrastatzeko bidea, ezta?, eta iturriak oso garrantzitsuak dira.  

Agustin Arrieta. Gizakiok oso izaki konplexuak gara. Eta oztopo eta arrazoi asko daude pentsamendu kritikotik urruntzeko. Askotan, lehen aipatu dudan bezala, nahi dugu mundua izatea guk nahi dugun bezalakoa. Erakarpen-indar bat sentitzen dugu, ba, gauza misteriotsuen aldetik… Misterioaren erakargarritasun hori hor dago eta haren hatzaparretan erortzea erraza da, eta askotan, hori gaizki ezkontzen da justifikazioaren bidearekin. Gauzak azkar egin nahi ditugu; izugarrizko presioa dago eta abiadura hori ez da oso ondo ezkontzen justifikazio sendo batekin. Orduan, oztopo, eragozpen, arrisku asko daude justifikazioaren bidean. Eta horien… Horiei aurre egin behar zaie etenik gabe. Hori da pentsamendu kritikoa.    

C1
2021-06-09
28336687
08:39
240