Egungo erabaki okerrak

Etorkizunari begira, egun hartu den erabaki oker bati buruzko hausnarketa egiten du Garbiñe Ubedak Berriako artikulu honetan.

Robotak eta neskameak  

Europan eta Amerikan, etxeko lanetarako eta zaintzarako programatzen diren androideek Star Wars filmeko bi robot ospetsuei egiten diete keinu sarri, baina haiek ez bezala, femeninoak izan ohi dira, bai ahotsez, baita itxuraz ere. Halakoxea dugu, konparazio batera, Leenby, Cybedroïd enpresa frantziarrak katean produzitu eta momentuz 25.000 euroren truke saldu nahiko ligukeen neskame-erizain partikularra. Gerritik behera gurpilduna da, R2D2en irudira, eta gainerakoan, sasi-humanoa: ilerik gabea, dirdiratsua, metal eta plastikozkoa. Eskua estutzen omen dizu harrerakoan, eta berriketan ere aski ongi omen daki, eta galderei ganoraz erantzuten.

Inteligentzia artifiziala, izan bosgarren belaunaldiko robot edo mirabe birtual, emakumetuta munduratu ohi da beraz, esan nahi baita eme gozo, gazte, erakargarri eta esanekoaren tankeran, baldin eta misio edo betebehar sofistikatuagoetarako sortua ez bada behintzat. Kasu bereziotarako, gizonezkoaren taxua hartu ohi du siliziozko asmazioak (telebistako auto fantastikoa datorkit gogora, Kit izeneko hura). Horra hor paradoxa: patroi sexistarik zaharkituenak futurismoaren izenean berrituta ikusi beharra. Japonian aurki genitzake kontraesan horren adibiderik argigarrienak, hoteletako zerbitzari, garbitzaile eta harrerarako laguntzaile lanetarako kontratatu dituzten robotetan. Han, 80ko hamarkadako filmetatik urrun, hezur-mamizko emakume idealizatua albait zehatzen imitatzea da kontua; zirkuitu elektronikoz eta sentsore ultramodernoz egina dela ez jabetzea, bertatik bertara erreparatu arte.

Arrazoia bilatzen hasita, robot fabrikatzaile eta programatzaile gehienak gizonezko izateak izango du zerikusirik, baina esan dezagun, ezer baino lehen, erabiltzaileek oro har begi onez ikusten dutela orain arte hartutako bidea; gizonezkoek bezala baita emakumezkoek ere, nahiago dutela eme itxurakoari egin konfiantza.

Rol sexistez harago, bada joera horren azalpena testuinguru zabalagoan bilatu duenik. Batzu-batzuen ustez —tartean da Kathleen Richardson, robotikan eta antropologian aditua— emakumezkoa lagunkoiago jotzen dugu, gizartekoiago, eta gizonezkoa, berriz, erasokorrago. Hortaz, makina arrotzarekiko interakzioa xamur lezake interfaze femeninoak.

Nik neronek, ohiturari ere egotziko nioke erruaren zatia. Urteak dira inteligentziarik apenas duten aplikazioak emakume tinbrez —eta gogaikarri xamar, bide batez esanda— mintzo zaizkigula geure egunerokoan, esate baterako gasolindegietan («A gasolioa aukeratu duzu», dio mangera ondotik atera ohi den ahots aluak), hipermerkatuetako edo autopistetako ordainlekuetan, aldirietako trenetan eta nonahi. Aspaldikoa da emakumea inpertsonalizatu edo ezpertsonatu zuen moldea.

Arriskutsuagoak genituzke Big Data sonatuak janez elikatzen eta trebatzen diren teknologiak, itzultzaile automatiko, on line dendetako bidelagun eta enparauetan aurkitu ohi direnak. Algoritmo mamu horiek dituzte aseguruetarako tarifak erabakitzen, interesgarri gerta dakizkigukeen liburuak proposatzen, dena delako arloko joerak erakusten edota gure interesak bideratzen, eta beroriek, sexistak ez ezik, arrazistak, klasistak eta oportunistak ere badira, ikerlariek agerian jarri berri digutenez. Izango ez dira ba. Gu geu gara-eta haien irakasle eta etsenplu. Geu, eta sare sozialetara isurtzen ditugun espantuak.

Eta honi guztiari galga eman diezaiokeen tresna baliotsuena ukatu nahi zaie biharko algoritmo programatzaileei, ikasketa curriculumetan. Filosofia. Humanitatea.

Garbiñe Ubeda.

2017ko apirilak 26. Berria

 


C2
2017-04-26
21592422
267