Ilar-malkoak: dena da jateko modukoa

Irune Berakoetxea baserritarrak ilar-malkoei buruzko azalpenak eman ditu Joseba Arguiñano Sukalerrian saiorako (ETB 1). Hernaniko Altzueta baserritik Donostiako San Martin azokaraino egiten duten bidea, zergatik diren garestiak…

 

 

Ilar-malkoak nola jaso, prestatu eta saltzen diren jakin nahi izanez gero, ikusi arretaz hurrengo bideoa.

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Inguruko produktuak. Gertuko, hurbileko elikagaiak.  

Urritik daukagu ereinda. Urrian landatu genuen hazia lurrean.  

Leka hartzen dugu. Haziz betetako kanpoko zorroa, azala hartzen dugu.  

Leka aletzen dugu eta kutxetan saltzen dugu. Leken haziak ateratzen ditugu zorrotik eta kutxetan saltzen ditugu.  

Ilarrak biltzeko epeak ekainera arte irauten du. Ilarrak biltzeko epea ekainera arte izaten/luzatzen da.  

Nola antzematen da ilarra egina dagoela? Nola nabaritzen, igartzen da ilarra egina dagoela?  

Gordina ere jan daiteke ilarra. Egosi edo erre gabe ere jan daiteke ilarra.  

 

   


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Irune Berakoetxea baserritarra. Kaixo, Joseba, eguerdi on. Begira, Hernanin gaude, Altzueta baserrian. Ni Irune naiz, eta nire ilar-malkoak erakutsiko dizkizuet.  

Ni hasi nintzen orain duela 10 urte, nire amaginarrebarekin. San Martin merkatuan nago. Eta laugarren belaunaldikoa naiz. Hemen inguruko produktuekin aritzen gara: tipulina, ilarra, baba… Gure baratzean ez dugu erabiltzen produktu kimikorik, ez pestizidarik eta ez horrelako ezer. 

Nire negutegian gaude, eta hemen ilar-malkoak ekoizten ditugu. Aspaldi  ekoizten hasi ginen ilarra, eta orain jarri da modan. Batzuek deitzen diete ilar-malkoak, beste batzuek kabiar berdeak… Hain dira garestiak! Zergatia? Bada, urritik(an) daukagu ereinda eta denbora asko eman diogu bere ekoizpenari. Eta orduan, bada, denbora asko behar dugu zaintzen. Leka hartzen dugu, aletzen dugu eta kutxetan saltzen dugu, eta hori, hori da saltzen duguna.     

Kilo bat ilar biltzeko denbora asko behar dugu. Abendu-bukaeratik(an) hasten da eta gero ja ba ekainera arte irauten du 

Hau egina dago eta beste hau ez. Nola antzematen da? Bada, bat potxoloago dagoela eta bestea ez. Leka hartzen dugu eta irekitzen dugunean ja ikusten da barruan ja egina dagoela.  

Sukaldatzen (kozinatzen/prestatzen) da oso, oso gutxi. Hau, olio pixka bat, tipulina pixka bat, eta hor bi buelta eman, eta ja kasik egina dago. Azken batean ura da, eta ez du behar sukaldatu (kozinatu) beharrik(an) asko.  

Gordina ere jan daiteke. Jaten duzu, eta lehertu egingo balitzake (balitz) bezala. Eta ura da dena. Explosio (leherketa) bat bezala gertatzen da ahoan. Eta kuriositate moduan, hostoa ere jan daiteke, eta lorea nahi izanez gero  ere bai, noski! 

Bueno, Joseba, eskerrik asko etortzegatik(an). Eta ilar-malkoak nahi badituzue baditugu Altzueta baserrian, hemen. Edo bestela, Altzueta postuan, San Martinen. Eta bueno, ba eskerrik asko, eta ondo izan. Agur!       

 

 

B1
2021-05-17
28251007
02:13
957