Nor zen Mari Paz Jimenez?

Artista izan zen, ona bere arte-lanean. Baina ezezaguna gure artean, nahiz eta urte asko eman zituen bizitzen Donostian. Orain dela gutxi San Telmo museoak emakume honen hainbat obra erosi duenez, hizpide izan dute Amarauna saioan (Euskadi Irratia).

Mari Paz Jimenezen lana eta bizimodua hobeto ezagutu nahi badituzu, elkarrizketa osoa helbide honetan duzu entzungai.

 

 

Argazkia: Ondarebideak.

Euskomedia fundazioa

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Hutsik agertu. Nola agertu: –ik + aditza. Aurkakoa: beterik agertu, azaldu.  

Bere burua pintore profesionaltzat aldarrikatu. Bere burua zertzat aldarrikatu. Adierazi bera pintore profesionala dela. Era berean: bere burua artistatzat aldarrikatu, jo. 

Guda-osteko artista. Noizko artista: noizko + izena. Guda ondorengo artista. Era berean: guda garaiko pintorea, guda aurreko margolaria, garaiko artista… 

Umetan etorri. Noiz etorri: noiz + aditza. Era berean: gaztetan (gazte zenean) etorri, txikitan ezagutu… 

Emakume gisara. Zer gisara: Izena mugagabean + gisara. Era berean: artista gisara, irakasle gisara, pintore gisara… 

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. Gaur askorentzat ezezaguna den artista bati buruz hitz egingo diguzu, margolari bati buruz. 

Arte-aditua. Bai.  

Esataria 1. Mari Paz Jimenez da artista hori. 

Arte-aditua. Bai. Artista oso inportantea Euskal Herriko panoraman, baina, tamalez, ez oso ezaguna.   

Esataria 2. San Telmo museoak bere zenbait lan erosi ditu, ezta?    

Arte-aditua. Bai. Bi besaulki… 

Esataria 2. …eta autoerretratu bat.  

Arte-aditua. Bai.  

Esataria 2. Ederra, ederrak biak, e! Oso lan ederrak dira. 

Arte-aditua. Bai.  

Esataria 2. Zergatik?  

Arte-aditua. Ba bueno, Besaulkia… ba da holako, lehen planoan jarritako bi besaulki. Ba hor ikusi daitekeela ere bai… Pentsatu behar dugula  garai frankistan egindako elizkizunetarako bi besaulki direla, hutsik agertzen direnak, eta hor nolabait mezu politiko bat ere irakur genezakeela, ez?  

Esataria 2. Eta autoerretratua? 

Arte-aditua. Mari Paz Jimenezen aurpegia agertzen da lehen planoan, pintatzen agertzen da. Ba holako autoerretratu tradizional batean. Zentzu horretan jada interesgarria da ze(ren) emakume izanda eta bizi zituen garaiak izanda bere burua emakume pintore profesionaltzat aldarrikatzea inportantea da… 

Esataria 2. Esan dugu, Euskal Herriko guda-osteko artistarik garrantzitsuenetarikoa da bera…Baina jaio ez zen Euskal Herrian egin. 

Arte-aditua. Valladoliden jaio zen, 1909an, baina umetan etorri zen Euskal Herrira, eta bere bizitza gehien-gehiena bertan eman zuen. Egon zen urte batzuek kanpora [kanpoan], ze(ren) ezkondu zenean, 33an, ba Madrilera joan ziren, eta gero, 38an, guda zela eta herbesteratu egin ziren, eta Buenos Airesen egon ziren 45era arte. Eta gero, 45ean itzuli, eta Donostian bizitzen egon ziren hil zen arte. Hil zen 75ean. Orduan, bueno, jatorrizkoa ez, baina bihotzezkoa, oso, oso euskal herritarra zen bera. Bai.  

Esataria 2. Eta bere ingurukoek nola hartzen zuten? 

Arte-aditua. Ba oso baloratua izan zen hasiera-hasieratik. Jada Buenos Airesen zegoenean erakusketak izan zituen, eta erakusketa horiek kritika oso ona jaso zuten, eta behin Euskal Herrira itzuli zela ere ba pintatzen jarraitu zuen eta besteak beste, Oteizak garaiko artista inportanteneen artean azpimarratu zuen askotan. Harreman handia izan zuten  gainera Oteizak eta berak. Bueno, berak harreman oso handia izan zuen garaiko artista guztiekin: Chillidarekin, Oteizarekin… 

Esataria 1. Eta bere lana nola azalduko zeniguke? 

Arte-aditua. Ba hiru garai ditu. Lehenengo garaia, surrealismoan hasi zen pintatzen. Eta behin itzuli zela hasi zen ba beste estilo batekin, ba errealistagoa zena, ez hain onirikoa, ez hain ametsen munduetakoa… Figuratiboa zen. Eta hor errepresentatzen zituen batez ere neskatilak, etxe barruko irudiak… Baina badago ezaugarri bat oso inportantea, dela Mari Paz Jimenez zela ijito-familia batekoa, eta bere irudi horietan emakume asko arrazializatutako emakumeak dira. Euskal artearen historian badaukagu halako artista bat hori ere landu zuena biografiatik, ez?, bere esperientzia pertsonaletik. Eta hori ez dago sakonki landuta. Oso interesgarria da.  

Eta gero, azken garaia izan zen garai abstraktua. 50. [50] hamarkada-bukaeran, nahiko goiztiar, hasi zen jada abstrakzioan saiakerak egiten, eta bere azkeneko garaian, abstrakzioan margotu zuen 75era arte.  

Esataria 2. Emakume izateak eraginik izan zuen? 

Arte-aditua. Ba bai. Izan zuen, ziur. Alde batetik, ba hezkuntza jasotzeko zailtasun handiagoak izan zituelako ziur aski, eta gero batez ere, gaiak hautatzeko orduan eta bai nabaritzen dela bere esperientzia pertsonala emakume gisara. Azken finean, pentsatu behar dugu frankismoan bizitako emakume bat izan zela. Ez da kasualitatea, ziurrenik, etxe barruko irudiak margotu [margotzea], besaulki hauek, mezarekin lotuak daudenak… Bueno, holako imaginario (iruditeria)  asko dauka ba intrepretazio sozial eta politikoa izan dezakeena. Eta gero, azpimarragarria da ere, abstrakzioa margotu izana, ze(ren) emakume askok ez zuten abstrakzioa margotzen, kontsideratzen zelako lan arrazionalago bat, eta kritikak hobeto hartzen zituen emakumeengandiko irudiak, figuratiboak baldin baziren. Eta orduan, abstrakzioa margotu izana, eta pionera (aurrekari) bat izana, ba da erabat azpimarratzeko kontu bat, ze(ren) ziurrenik zailtasunak izan zituen.      

B2
2021-05-12
28240948
00:04:14
781