Australia ez da uharte bat

Esaldi horrekin hasten da Guillermo Roa hizketan Ingurusfera izeneko podcastean (Euskadi Irratia). Zer den Australia geografiaren aldetik, zer geologiaren aldetik… Australia baino gertuagoko aipuak ere egiten ditu esatariak, adibidez, Euskal Herrikoak.

Uharteez eta kontinenteez gehiago jakin nahi baduzu, adi entzungaiko azalpenei. 

Audioa osorik entzun nahi izatera, hemen klikatu.

 

 

 

 

 

Argazkia: Pxhere

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA    

Urez inguratuta. Zerez inguratuta: -z + aditza. Urez inguratuta, inguru guztian ura duela. Era berean: haizez, hautsez, elurrez beteta....  

Isolatu. Bakartu.  

Nahiz eta itsasoz banatuta dagoen. Nahiz eta... aditza + (e)n=. Nahiz eta itsasoz banatuta egon= Itsasoz banatuta dagoen arren. Kontinentetzat har daiteke. -tzat + aditza. Kontinentetzat jo daiteke, esan daiteke kontinentea dela. Era berean: planetatzat har daiteke, basamortutzat jo daiteke... 

Hirigintzakoa. Hiriaren plangintzarekin zerikusia duena.  

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Australia ez da uharte bat. Ez dakit zuek harritu zareten hau entzutean. Uste nuen Australia uharte bat zela, munduko uharterik handiena hain zuzen. Baina ez. Australia ez da uharte bat. Eta beraz, munduko uharte handiena Groenlandia da.  

Hori irakurrita hiztegira jo nuen. Uharteren definizioa begiratu nuen. Alde guztietatik urez inguratuta dagoen lur-zatia –esaten zuen. 

Ez nuen oso ondo ulertzen. Australia alde guztietatik urez inguratuta dagoen lur-zatia da. Horretan ez dago zalantzarik. Orduan zergatik ez da uhartea? Ba geologoen arabera ez da uharte bat kontinente bat delako. Ea, geologikoki, noski!  

Geografikoki badakigu Ozeania dela kontinentea, baina geologikoki Australia bere horretan kontinentea da, edo masa kontinentala, ez?, plaka tektoniko handi eta isolatu batean dagoelako. Groenlandia, adibidez, Ipar Amerikako plakan dago. Alegia, nahiz eta itsasoz banatuta dagoen geologikoki lotuta dago Ipar Amerikarekin.  

Uharte bat da, eta biologikoki Australia ere kontinentetzat har daiteke: bertan dauden espezieak bertakoak dira eta ez daude beste inon munduan: Australia kontinentea da.  

Berez, urez inguratutako lur-zatiaren definizioari helduz gero Eurasia izango litzateke munduko uharterik handiena baina Eurasia,  Australia bezala, kontinentea da.  

Eta beste kontu txiki bat. Euskal kostaldeko uharterik handiena ere ez da uharte bat. Baina kasu honetan arrazoia ingenieritzakoa (ingeniaritzakoa) da, edo hirigintzakoa, nahi baduzue. Uharterik handiena Gipuzkoan dago: Getariako San Anton mendia, Getariako sagua nahi baduzue. XV. mendean lotu zuten uhartea herrigunean dagoen lurrari eta geroztik San Anton ez da uharte bat. Hori horrela denez, Euskal Herriko uharterik handiena zein da? Ba Izaro da, Bermeoren eta Mundakaren aurrean dagoen uharte hori.       

B2
2021-05-11
28236672
00:02:16
1566