Energiaren propietateak

Ba al zenekien energia ez dela sortzen, ezta deuseztatzen ere? Teknopolis saioko atal honetan energiaren propietateak ezagutzeko aukera izango duzu.

Ikus ezazu bideoa energiari buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Ziur hamaika aldiz entzun duzula, “energia ez da sortzen, ezta deusezten [deusteztatzen] ere, eraldatu egiten da”. Egia esan, hori bere propietateetako bat besterik ez da. Energia transferitu, garraiatu eta metatu ere egiten baita. Esate baterako, argia, uhin elektromagnetikoa den heinean, zuzenean iritsi daiteke eguzkitik zure etxeraino. 


Baina horrez gain, plaka fotovoltaiko batekin jaso dezakezu energia  elektromagnetiko hori energia elektriko bihurtzeko. Bonbilak pizten dituzunean, energia elektrikoa berriro eraldatuko da argi bihurtzeko eta etxeko berogailuak edo sukaldea elektrikoak badira, energia termiko bihurtuko da elektrizitatea. Energia termikoa eta mekanikoa gorputz batetik bestera transferitzen dira. 


Baina kontuz, esan dugu energia ez dela suntsitzen, baina galdu bai, galtzen da, izan bero moduan edo, fisikan, zarata gisa ezagutzen diren nahigabeko bibrazioen bidez. Energia elektrikoa nahiko erraz garraiatzen da. Oso azkar bidaiatu dezake tentsio handiko kableetan zehar edo errepide estuagoak hartu, hala nola, zure mugikorraren kargagailuaren kablea. Metatzea edo biltegiratzea ordea, zailagoa da eta, horregatik, energia gutxi behar duten aparatuek bakarrik funtzionatzen dute bateriekin. Zientzialariek horretan dihardute. Auto elektrikoen autonomia zenbat handitu den ikusi besterik ez dago. Baina, oro har, kontsumitzen ari zaren energia beste nonbait ekoizten ari dira une horretan bertan.

B2
2021-02-01
27932884
00:01:44
1245