Koronabirusa eta generoa

Irratsaio honetan emandako datuen arabera, koronabirusak gutxiago erasotzen die emakumezkoei.

Zenbait adituk diotenez, gizonezkoa izatea arrisku-faktoretzat hartu beharko litzateke, adina hartzen den moduan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA. Kapitulu hau ixteko, pare bat datu. Mundu-mailan, osasungintzan ari direnen bi heren emakumezkoak dira, eta Hego Euskal Herrian, are handiagoa da portzentajea: Osakidetzan eta Osasunbidean ari diren profesionalen 10etik 8 emakumeak dira.

Nazio Batuen Erakundeak txostena egin du, Covid-19ari erantzuteko neurrietan berdintasuna kontuan hartzeko eskatuz, eta ematen dituen aholkuen artean esaten du kutsatuen datuak ematen direnean generoa ere aipatu egin behar dela, eta hemen behintzat, ez da horrela egiten. Heriotzen kasuan, bai, baina kutsatu eta sendatuei buruz ari garenean, ez. Mundu-mailan 200.000 kasu baino gehiago atzeman dituzte dagoeneko, eta herrialde gehien-gehienetan erasan die gaitzak gehiago gizonezkoei. Alderik handiena, ordea, Italian: kutsatutakoen % 60 gizonezkoak, eta hildakoen artean % 70.  

Zientzialariak arrazoiak ikertzen ari dira. Faktore biologikoak aipatu dituzte batetik; estadistikoki emakumeek sistema immunologiko indartsuagoa dute, gizonezkoek bihotzeko gaitzak eta hipertentsioa gazteago garatzen dute normalean, faktore kulturalak ere aipatu dituzte, ohitura eta jokamoldeak; gizonezkoek gehiago erretzen dute eta eskuak garbitzeko ohitura gutxiago dute. Eta Txinan, gizonen erdiak baino gehiagok erretzen dute; emakumeen % 3k bakarrik. Italian gizonezkoen ia % 30ek erretzen du eta emakumeen % 19k. Eta horregatik, zenbait adituri irakurri diogu gizona izatea arrisku-faktorea dela, adina den moduan.

B2
2020-03-30
21781484
00:01:32
597