Nolakoa izan beharko luke buruzagi on batek?

Gaur eguneko buruzagi, lider edo arduradun batek nolakoa izan beharko lukeen azaldu du Nerea Urcola aholkulariak irratsaio honetan.

Nerearen ustez, orain dela urte batzuetako ereduak ez du balio gure gizarterako: langileak gobernatzeko estiloa ezin da inposizioan edota boterean oinarritu, denen partehartzean baizik.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
KAZETARIA 1. Euskal Herrian 2020. urtean, jefe on batek nolakoa behar duen galdetuko dugu datozen minutuetan. Nerea Urcola, Urcola Aholkulartza enpresako nagusia, arratsalde on.
NEREA URCOLA AHOLKULARIA. Arratsalde on.
KAZETARIA 2. Bueno, The Economist aldizkariko artikuluak dio momentu batean enpresa barruko mugak ere asko lausotu direla, eta jefe berriaren autoritatea asko aldatu dela azken urteetan. Komeni da pixka bat jefearen perfila (profila) berraztertzea?
NEREA URCOLA. Berraztertzea ez dakit, aldatzea bai. Nire ustez aldatu dena boterea izan da; ez autoritatea, boterea baizik. Orain dela 20 urte boterearekin dena egiten zen, nahikoa zen. Norbaitek boterea baldin bazeukan, boterearekin posible zuen egitea nahi zuena. Eta gaur egun horrek ezin du horrela izan: gaur lidergoa behar da, eta lidergoa autoritatea da. Orduan, nik uste dut ez dela perfila berraztertzea komeni, baina bai aldatzea, hori bai, estiloa.
KAZETARIA 1. Ze orain dela 20 urteko jefea eta gaur egungoa, zertan dira ezberdinak?, edo desberdinak dira?
NEREA URCOLA. Bai, nik uste dut baietz, estiloa asko aldatu dela. Gaur egun partaidetza nahi dugu, jada ez dugu nahi hor egon, baizik eta historiaren parte izan nahi dugu. Eta, bueno, oraingo taldeburuek ba partehartze hori eman behar dute, pertsonak aldatu behar dituzte, pasioa erakutsi behar dute eta nik uste det (dut) besteentzat lan egin behar dutela.
KAZETARIA 2. Nerea, jefe izateko modu asko dago. Munduan badira jefe ikoniko batzuk, gauzak modu orijinalean egiteko saiakera egin duten jefeak, zein azpimarratuko zenuke zuk?, zein da zuri gustatzen zaizun eredua?
NEREA URCOLA. Niri gaur egun, lider bat bezala, gustatzen zait Angela Merkel, pila bat gustatzen zait. Eta ez dago enpresa batean, esaten dut lider bat bezala. Baina enpresetan pentsatzen baldin badut, nire inguruan aurkituko ditut, nire inguruan. Eta hemen, Euskadin, enpresa pila bat daude, non oso jefe/a onak dauden.
KAZETARIA 2. Hemen dagoena ikusi nahi duzu zuk, baina egia da kanpotik, igual izango da gauzak beste modu batera saltzen dituztelako, ez?, baina, adibidez, Microsoft enpresako Nadellak, berak dio lidergo enpatikoa erabiltzen duela. Honek zer esan nahi du?
NEREA URCOLA. Bai. Pertsonak kudeatzeko, pertsonak maite behar ditugu, ezagutu behar ditugu eta ulertu behar ditugu. Eta hori egin eta gero, enpatia eta malgutasunarekin bakoitza kudeatu behar dugu berak behar duen bezala. Orduan, azkenean ez ditugu bakarrik taldeak kudeatzen, baizik eta pertsona desberdinak. Orduan, lidergo enpatikoak hori esan nahi du; azkenean, pertsonak gure aurrean jarri, gure lana zerbitzua delako.
KAZETARIA 1. Lider on batek bere menpekoen errespetua irabaztea ezinbestekoa da, eta hori behin eta berriz errepikatzen da. Baina hori nola egiten da?
NEREA URCOLA. Bueno, lehendabiziko gauza esango nuke proiektu argi bat edukitzea, eta proiektua ez baldin badaukagu –askotan ez dago proiektu argi bat, hori pena bat da–, baina helburuak argi edukitzea. Pertsonek behar dugu jakin nora goazen, elkarrekin nora goazen. Traineru batean bezala, ez?: ziaboga non? Eta askotan, enpresetan, helburuak ez daude argi, eta proiektuak ez daude argi.
    Gero hori dena komunikatu behar dugu: jendeari esan eta azaldu. Eta konbentzitu, inposaketak jada ez du balio. Motibatu, eta motibatzeko bide asko daude, baina egin beharra dago. Talde-lana : ezin ditugu emaitzak bakarrik lortu; orduan, pertsona indibidualak kudeatu behar ditugu, baina pertsona horiekin taldeak sortu behar ditugu, eta taldeak garatu behar ditugu: pertsonak garatu eta taldeak garatu. Gure pertsonak defendatu, eredua izan eta koherentzia eduki: zerbait esaten baldin badugu, egin.
C1
2020-03-09
21643583
00:04:35
748