Maripili sindromea

Maripili sindromea, labur esanda, zera da: emakumeak ez diola estrategiko izateari garrantzirik ematen. Esate baterako, lanean gehiago axola zaio besteen gustuko izatea, ibilbide profesional bikaina egitea baino. Horren ondorioz, gora jotzeko aukerak galtzen ditu eta horretxegatik daude, hain zuzen ere, hain emakume gutxi goi-karguetan.

Sindrome horri buruz jardun dute Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Izenburu hori duen liburuaren egilearen, Carmen García Ribasen, hitzak jaso dituzte, eta baita Arantxa Urretabizkaiarenak ere.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA 1: Hitz egin dezagun Maripili sindromeaz. Horrela esanda, gauza barregarri bat dela irudi lezake, baina ez da. Maripili izena jarri diote emakumeek lanean nahiz bizitza pertsonalean pairatzen duten egoera bati. Izena xelebrea irudituko zitzaizuen, baina izenaren atzetik dagoenari jarri diote arreta adituek. Labur esanda, zera da: emakumeak ez diola estrategiko izateari garrantzia ematen. Esate baterako, lanean gehiago axola zaiola maitatua izan, gustuko izan, hau da, begi onetik sartzeari, eta horren ondorioz lan-aukerak galtzen ditu emakumeak. Maria kontaiguzu.

ESATARIA 2: Maripili izenarekin bataiatu du egoera hori Carmen García Ribas irakasleak. Pompeu Fabra unibertsitateko irakasleak liburua idatzi du gai honetaz eta izenburua ere, ba, halaxe du. Ohiko adibide bat, ba, lanean emakumeak ez daude soldata igoera eskatzera ohituta. Eta ez dute, gainera, bizitza profesionala antolatzen, aurreikusten, emakumeek lantokian, lanean, beste aspektu batzuk lehenesten omen dituzte. Irakasle honen ustez, emakumeek plan bat behar dute eta beldurrik gabe, ez gustuko izateko beldurrik gabe, izan ere, hori izaten da emakumeen eragozpen handiena, gustukoa izaten egiten dutela emakumeek ahalegin handiegia.

CARMEN GARCIA: Zein da emakumeen oztopo handiena lidergo profesionala lortzeko? Ba, ez onartuak izateko daukagun beldurra. Hori ekiditeko, gure talentua disimulatzen dugu, eskatutakoa betetzen dugu, denetarik egiten dugu eta zorrotz gainera, eta lanordu asko, baina, hori, ez da lidergo femeninoa.

ESATARIA 2: Ondorioz emakume batzuk hondoratu egiten dira. Esate baterako, lanean guztien gustukoak ez direla ikustean, edota kritikaren bat jasotzean, emakume batzuek hondoa jotzen dute. Horregatik, estrategikoa izatea ezinbestekoa da Carmenen ustez, bizitza beste zerbait baita.

CARMEN GARCIA: Emakumeei partxisean jokatzen irakasten digute, baina bizitza xakea da eta, beraz, askoz konplexuagoa. Baina guri esaten digute izan zaitez ona, ikasle ona eta bizitzan ondo  joango zaizu. Baina hori partxisa da eta, esan bezala, bizitza xakea da.

ESATARIA 2: Maripili sindromea da emakumeei lanean aurrera egiten oztopatzen diena edo zuzendaritzako karguak hartzeko muga. Carmen García irakaslearen ustez, emakumeek gero eta pisu handiagoa dute bizitzan, baina, hori bai, botereguneetan emakume gutxi ikusten da oraindik ere.

ESATARIA 1: Arantxa, inoiz entzun duzu kontzeptu hori?, entzuna zeneukan?

ARANTXA URRETABIZKAIA: Ez, ez. Maripili. Ulertzen dut zer esaten duen. Hor oso kontu…, ez dakit, erpin asko dituen kontua da. Bizitza publikoa, oro har, arrotza zaigu: lan-mundua gizonezkoek antolatu dute… eta hor lekua aurkitzea, ba, zaila da.
Esaten du emakumeok ez dugula plan estrategikorik, baina nik uste dut, maila batean behintzat, bai. Eta niretzat plan estrategiko hori autonomia litzateke. Eta hori dezente zabaldua ikusten dut nik, batez ere, belaunaldi berrietan. Ideia hori nire belaunaldiko jendearentzat –ez da nire kasua, ze gure amak lana egin zuen jubilatu zen arte–, baina normalean nire belaunaldiko emakumeak eta gaztetxoagoak ere jaso duten mezua da, “bale, egizu lan, baina ezkontzen zarenean lana bigarren edo hirugarren mailako kontua izango da. Nik uste dut hori ahultzen ari dela, eta gaur emakume gazte askorentzat plan estrategikoa dela beraien autonomia gordetzea, behintzat autonomia ekonomikoa, noski. Nik hori aspaldi ikasi nuen: autonomia ekonomikoak ez dakar berez beste era bateko autonomiarik; ez da nahikoa, beharbada; baina beharrezkoa bada. Eta plano hori nik dezente zabaldua ikusten dut.
Lider izateko beldurra? Ba, nik hori ondo ulertzen dut. Gaizki ikusia dago, eta gizon batengan kolore politez margotzen dena, emakume batengan, ba, gaizki. Gizona, esaten da, ondo dakiela autoritatea mantentzen, eta hori egiten duen emakumea, ba, ez dakit, histeriko bat izan liteke… Txanponaren alde bat dagokio gizonezkoari eta emakumeei beste bat. Baina, bai, nik beldur hori identifikatzen dut. Iruditzen zait, gaur egun, emakumeok egiten ez dugun gauza asko ez dugula egiten debekatuak daudelako, (baizik eta) ez ditugu egiten ausartzen ez garelako. Ausardia hori nik uste dut falta zaigula askori maila askotan. Ez da debekua kanpotik jarria. Ez, ez. Arazoa geure buruarekin daukagu, kanpoko arauekin baino. Iruditzen zait niri.

ESATARIA 1: Errekupera dezagun kontzeptua, Maripili sindromea. Sindrome horretaz jardungo du Carmen García Ribas irakasleak Tolosan (Gipuzkoan) egingo diren jardunaldi batzuetan. Emakumeen lidergoa izenarekin egingo dira jardunaldiak eta antolaketan dabil Gemma Zelaia. Gemma, egun on.

GEMMA ZELAIA: Kaixo, egun on.
ESATARIA 1: Apirilaren 12an izango dira jardunaldian Tolosan, baina orain izen-emate epean zaudete, nola doa gaiak interesik piztu du?

GEMMA ZELAIA: Harrera bikaina izan du. Emakume talde polita eta zabala erakartzea lortu du jardunaldiak.

ESATARIA 1: Gemma. Arantxa Urretabizkaiarekin ari gara hizketan. Arantza, galderarik egin nahi diozu Gemmari?, edo zerbait komentatu entzundakotik edo…?

ARANTXA URRETABIZKAIA: Bai. Kontu honetan beldur hori, ezta, aipatzen da eta guk ere aipatu dugu lehen ere bai. Baina beste faktore bat ere ikusten dut nik eta da goi-mailako postuetan lan egiten duenak menderatu behar du bere bizitza guztia kontu horretara. Jarri behar du lana bizitzaren lehen planoan, eta gutxietsi behar du lana ez den guztia, eta nik uste dut emakume askok ez duela hori nahi. Emakume askok bilatzen du, ba, halako oreka bat bizitza pribatu eta profesionalaren artean. Eta horrek hainbat postutarako bidea ixten du. Ez al zaizu iruditzen?

GEMMA ZELAIA: Bai, Arantxa, ados, ados zurekin. Maripili sindromea aipatzen dugunean ere nik uste dut ezinbestekoa dela beste hainbat elementu ere aipatzea: bai etxeko eta senitartekoen zaintza, bai etxeko lanen ardura, bai kontziliazioa… Azken finean kontzeptu asko ditugula. Eta bai ados nagoela zuk esaten duzun, ba, emakumeak ez duela, beharbada, hori bilatzen. Baina guk azken finean nahi duguna da pixka bat bai Maripili jokabide horrek eragiten dituen sentimendu ezberdinei estrategiak eskaintzea. Eta argi dago gero emakume bakoitza ere mundu bat garela eta denak ere ez dugula lidergoa edo lan-munduan ere helburu hori bilatzen.

ARANTXA URRETABIZKAIA: Bai, eta ereduak falta zaizkigula ere bai, ezta. Nik horregatikan edozein mailatan emakume bat gailentzen denean, baldin bada ere niri interesatzen ez zaidan alor batean, beti pentsatzen dut, “ba, begiratu, horrek hori egin badu, demagun, behin halako bat gertatuko da izango dugu emakume lehendakari bat, ba hortik aurrera neska koskor batek esaten badie gurasoei “nik, handitzerakoan, lehendakari izan nahi dut”, badu…

ESATARIA 1:… erreferente bat.

ARANTXA URRETABIZKAIA: Hori da.