Apustu-etxeei aurre egin nahian

Apustu-etxeak ugaritzen ari dira Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan, eta horrek herritar askoren haserrea piztu du.

Egoera horri aurre egiteko asmoz, herri-plataformak sortzen joan dira. Horietako bat da Iruñeko Txantrea auzokoa, eta horko kide den Isabel Egigurenekin hitz egin dute, apustu-etxeek dakartzaten arriskuez eta auzotarrek dituzten kezkei buruz.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
NAGORE TELLERIA ESATARIA. Egun on. Jokoa ez da errenta. Tentazioa klik batera daukagu sarean, gero eta eskurago. Ugaritzen ari dira apustu-etxeak. Amua nonahi topa genezake.
Esan dugu apustu-etxeez hitz egingo dugula. Nafarroan 61 daude. Iruñean, 2010az geroztik halako 22 ireki dituzte eta beste hiru jarri nahi dituzte martxan. Apustu- etxeei buruz ari gara, Arantxa Artza.
ARANTXA ARTZA ESATARIA. Bai. Kaixo, egun on. Testuinguru honetan eta herritarren artean sortu den kezka ikusita, Txantrean, Iruñeko udala eta Nafarroako parlamentua egungo legedia aldatu nahian ari dira. Iruñean udal-ordenantza prestatu behar dute. Foru-parlamentuak, berriz, 2006ko legea aldatu nahi du. Bata zein bestea iritsi bitartean, alderdi guztiek aho batez onartu dute bi erakundeetan luzamendua, moratoria aplikatzea. Bestela esanda: lizentzia gehiago ez ematea legedia eguneratu arte. Txantreako bizilagunen elkarteak bilera egin du aste honetan eta auzoan, irekitzekoa duten apustu-etxearen kontrako plataforma ere sortzea erabaki dute.
NAGORE TELLERIA. Isabel Egiguren, auzotarra da. Egun on, Isabel.
ISABEL EGIGUREN AUZOTARRA. Egun on. Zer moduz?
NAGORE TELLERIA. Ondo. Eta zeu?
ISABEL EGIGUREN. Ondo, oso ondo.
NAGORE TELLERIA. Bai. Zuek auzoan halakorik izan al duzue aurrez sekula?
ISABEL EGIGUREN. Ez. Ez da horrelakorik inoiz egon Txantrean, baina gure inguruan, Ansoain, Errotxapean edo Sanduzelain gero eta gehiago daude, asko ikusten dira. Hala ere, bueno, niri gustatuko litzaidake komentatzea bakarrik ez direla apustu-etxe hauek. Gure tabernetan, batez ere, eta Txantrean asko ikusten dira, daude apustu-makinak, eta horiek ere ludopatia erakartzen dute. Eta zer esanik ez, eta hori bai dagoela kontrolik gabe, gure eskuetan eta klik batean daukaguna, hau da, gure mugikorra. Gazteen artean, Aralar ludopatia elkarteak esaten duen bezala, tentaziorik handiena izaten da: egon zaitezkeelako zure etxean, zure logelan, ohean etzanda, lasai-lasai apustuak egiten 24 orduz. Beraz, gai konplexua da.
NAGORE TELLERIA. Eta gainera inork ez zaitu ikusten, ez?
ARANTXA ARTZA. Hori da. Eta kontrolatzen zaila, ez?
ISABEL EGIGUREN. Hori da, hori da: ez dago kontrolik. Eta familia edo senideak enteratzen direnean, ba askotan jada…
ARANTXA ARTZA. …berandu izaten da.
ISABEL EGIGUREN. …berandu izaten da. Bai.
NAGORE TELLERIA. Esan dugu, momentu honetan geratu egingo dela lizentzia-partiketa, azterketa-momentua delako. Gerta al liteke berandu etortzea hori Txantrearen kasuan, ze esan dugu momentu batean, lizentzia dagoeneko eskuan daukatela.
ISABEL EGIGUREN. Bai. Gure kasuan informazioa ari gara jasotzen eta lizentzia bat emanda dago, baina, dirudienez, bi lizentzia gutxienez behar dira: udaletxekoa emanda dago, baina Gobernukoa ez. Zalantza daukagu zer gertatzen den Gobernuak, Gobernuko baimenarekin, pentsatzen dugu ez dagoela emanda oraindik. Horrela izango balitz, moratoria horretan sartuko ginateke, eta proiektua momentuz geldituko litzateke. Orduan, momentuz, sei hilabetez gutxienez geldituko zen. Hori bai, gizartean manifestu bat egingo dugu, elkarretaratze bat egingo dugu ere azaroaren 13an adibidez, ez gara gelditu behar.
NAGORE TELLERIA. Hortxe jarraituko duzue Txantreako auzotarrek.
B2
2020-01-09
21231490
00:03:08
1352