Ura neurrian kontsumitzeko beharra

Munduko toki askotan ura naturako elementurik preziatuena da, eta datozen urteetan gero eta preziatuagoa izango omen da.

Klima-aldaketa eta ura kontsumitzeko ditugun ohiturak aldatu beharra izan ditu hizpide Begoña Muruaga iritzi-emaileak. Munduko zenbait tokitan hasi dira ohitura horiek aldatzen. Eta zuk ezer egiten duzu ur-kontsumoa murrizteko?


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA.- Begoña Muruagarena gaurko zutabea.

BEGOÑA MURUAGA.- Orain dela gutxi, Australiari buruzko erreportaje bat ikusi nuen telebistan. Bertan, herri hartan urarekin dituzten arazo larriak azaltzen ziren. Eta aldi berean, kontsumo jasangarriago bat lortzeko aurkitu dituzten konponbideak. Australian oso aurreratuta dauzkate erabilitako ura iragazteko eta berrerabiltzeko sistemak. Horien bitartez, egunero bainugelan edo arraskan erabiltzen duten ura berriro berrerabili egiten dute, batez ere parkeak eta lorategiak ureztatzeko. Baina ez horretarako bakarrik.  Nekazariek eta abeltzainek ere aldatu egin dituzte haien ohiturak, nahiz eta garai batean ukatu egiten zuten aldaketa klimatikoaren arriskua, horrelako aldaketak beti gertatu izan direla argudiatuz.

Bestalde, etxe berriak eraikitzerakoan lehentasuna ematen zaie uraren kontsumoa murrizteko sistemei. Gainera, oso aurreratuta dago itsasoko urari gatza kentzeko teknologia ere. Programan garbi ikusten zen jendea oso kontzientziatuta dagoela uraren eskasiaz. Eta mundu guztiak jartzen duela bere aletxoa arazoari aurre egiteko.
Orain dela urte asko, Greenpeaceko aldizkari batean irakurri nuen dutxatzen garenean 25 litro-ur gastatzen ditugula, bainatzen garenean, berriz, 100 litro. Harrez gero, dutxa hartzea erabaki nuen, baina egia esan behar badut, ez dakit zenbat denbora ematen dudan horretan egunero. Australian ere bide beretik doaz gai horri dagokionez, baina han pauso bat aurrerago: bainuaren ordez dutxa gomendatzeaz gain dutxa hori 4 minutukoa izatea proposatzen dute. Horrela esan zion aditu batek erreportajea egiten ari zen kazetariari. Eta kazetariak hori nola neurtu zitekeen galdetu zionean hau izan zen erantzuna: 4 minutuko abesti bat jarriz.

Abenduaren 2tik 13ra bitartean klimaren goi-bilera egingo da Madrilen. Seguruenik uraren arazoa ez da egongo eztabaidaren erdigunean, nahiz eta herri askotan gerrarako prest dauden uraren banaketa dela eta. Horrela gertatzen da, adibidez, Egipton, Etiopian eta Sudanen. Bitartean ni hasi naiz 4 minutuko abestien bila., nahiz eta badakidan nire ekarpen hori ur-tanta bat besterik ez dela ozeanoaren handitasunean. 
 

B2
2019-12-03
21086741
02:45
1109