Gabonetako argiekin itsututa

Eguberriak iristeko oraindik egun batzuk falta badira ere, dagoeneko herri eta hiri askotako kaleetan Gabonetako argiak piztu dituzte.

Batzuek kaleak argiz aipaintzea beharrezkoa ikusten duten arren, gero eta gehiagok kritikatzen dute argiteria horrek dakarren diru-xahuketa.

Gai hori hizpide hartuta, gogoeta egin du Aingeru Epaltza idazle nafarrak Euskadi Irratiko Faktoria saioan.
 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
ESATARIA.- Aingeru Epaltzarena gaurko zutabea.
AINGERU EPALTZA.-. Iruñean bihar piztuko dituzte Eguberrietako kale-argiak. Data goiztiarra da azaroaren 29a, urrun da Gabon-gaua. Alabaina, Iruñeko saindu zaindariaren eguna ere bada bihar: San Saturnino. Eta zubi foralaren hasiera. Aski arrazoi, nonbait, udalaren iritziz, hiria bonbillaz betetzeko.
Bilbon Iruñeko aitzakiarik ez dute: San Saturnino ez da inor Nerbioiko itsasadarrean. Hala ere, haiek ere bihar ixiotuko dute zorioneko argiteria. Donostian etzi eginen dute, larunbatarekin, egun bat geroago. Gasteizen xuhurrenak izanen dira, edo zuhurrenak. Abenduaren bortza arte itxaronen dute neguko gaua kolorez urratu arte, Eguberriak baino hiru aste lehenago halere.
Nolanahi den, berandu gabiltza bertze toki batzuen aldean. Horra Madrilen eta Vigoren arteko lehia esperpentikoa: non paratu argi gehiago, non garestiago, non ikusgarriago eta non piztu guztiak goizago. Hala segituz gero, oraindik besomotzetan goazela jartzen hasiko dira Eguberri-giroa gure karriketan.
Itxuraz, batzuek ez dute oraindik energiaren aurrezpenaren kontuaren berri. Izanen da kilowatt-xahutze horrekin alaituko denik, ni txarrean ematen nau. Baina gauza bera gertatzen zait telebistako lehen xanpain- edo lurrin-iragarkiekin. Hau zorabioa! Bihartik aitzina Eguberrietako izpiritu distiratsua ailegatuko da gure karriketara, data fatidikoak baino hilabete lehenago.
Eta hala ere, ez arrunt goiztiar. Iruñean joan den asteburutik Las Vegasko kasino bati baino min gehiago ematen du Corte Inglesen eraikinari gauez begiratzeak. Ez dira hain desberdinak: gu itsutzeko xedea dute biek.
B2 C1
2019-12-03
21083447
02:17
1122