John Bercow, nahas-mahasean ordena jartzen

Erresuma Batuan agur esateko unea heldu zaio Brexitaren nahas-mahasean izar bihurtu den politikariari.

John Bercow Komunen Ganberako presidenteak hamarkada oso bat karguan eman ondoren, agur esango dio parlamentuari. Familiarekin egoteko hartu du erabakia, eta astelehenean aukeratuko dute bere ordezkoa. 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Mikel Rotaetxe esataria.- Duela 10 urte, 4 hilabete eta 8 egun hunkituta jaso zuen Parlamentuko aginte-makila John Bercowek. 46 urte, errefuxiatu errumaniarren biloba eta militante kontserbadorea nerabezarotik. 

Lehen egunetik, helburua, 300 urteko erakundeari herdoila kentzea, garden eta arin arituz, eta benetako kontra-botere bilakatuz. Guztia, XVIII. mendekoak dirudien erretorika erabiliz.
 
“Robertson jauna, laaasai gizona. Kaiolara itzuli behar duen lehoia zara”. 
 
“Gehegi berotzen den norbanakoa zara. Mila aldiz idatzi behar duzu: ongi portatuko naiz”. Baina mundu mailanhonako honek egin du ezagun: Order!
 
Brexitaren kaosean ordena jartzen lanak izan ditu Bercowek. Gobernuaren tentaldi autoritarioen aurrean, tinko defendatu du parlamentuaren independentzia. Eta alderdikide duen Boris Johnsonekin etsaitzeraino. 
 
“Parlamentua biziraupen-reality bat balitz”, esan berri du Johnsonek, “kontsolamendu bakarra Bercow kanguro baten barrabilak jaten ikustea litzateke”. Mahaiburuaren erantzuna: “ez nituzke jango, ziur pozoinduta daudela”. Familiarekin egoteko, badoa zurrunbilo politikotik John Bercow… astelehenean aukeratuko dute ordezkoa. Faboritoak egungo presidenteordeak dira, eta lezioa ikasita datoz. 
B1
2019-10-31
21082641
00:01:39
522