Militantzia galdu ote da?

Feminismoan, euskalgintzan edo politikan oso entzuna da militantziaren kontzeptua. Baina zer esan nahi du? Militanteek bakarka edo taldean, alderdi politiko, sindikatu edo gizarte-mugimendu baten alde lan egiten dute, eta trukean ez dute dirurik jasotzen.

“Nire ustez, ideia batzuk lortzeko edo burutzeko egiten den jarduera bat da”, esan digu Marisa Barrenak. Bera feminismoaren eta euskararen aldeko militantea da, eta Durangoko hainbat ekimenetan hartzen du parte. Feminismoaren arloan, Andereak taldeko partaidea da. Euskararen arloan, berriz, “Hitzez eta Ahotsez” egitasmoaren antolatzaileetako bat da (euskal literaturarekiko zaletasuna bultzatzeko) eta Mintzanet egitasmoan bidelaguna (euskara on line eta doan praktikatzen laguntzen dio beste pertsona bati). Gainera, euskarazko irakurle-taldea dinamizatzen du: bertan, emakumeek idatzitako liburuak irakurtzen dituzte. Durangon izan dugu Marisarekin hitz egiteko aukera.

Marisa Barrenak 2018ko Bidelagun Onenari saria jaso zuen Mintzaneten eskutik.

LEHEN GEHIAGO?


Militantzia nagusi zen hainbat arlotan profesionalizaziora iristea lortu dugu. Hau da, lehen musu-truk egiten zen lan hori orain ordainduta egiten da. “Euskararen militante izaten hasi ginenean, euskara irakasten genuen, baina lanorduetatik kanpo eta ezer kobratu gabe”, kontatu digu. Gaur egun, ia inork ez du euskara-eskolarik jasotzen irakasleari ordaintzen ez badio. “Irakasleak profesionalizatzeak maila hobea izatea eragin du, beraiek lan hori egiteko prestakuntza jaso baitute”.
Hala ere, Marisak ez du lehen baino militante gutxiago direnik uste: “Orain militanteen taldea urria da, eta lehen ere urria zen”. Durangok ia 30.000 biztanle ditu, eta, Marisaren hitzetan, militanteen kuadrilla ehun pertsona ingurukoa da. “Ia arlo guztietan, jende-multzo bera elkartzen gara, saltsa guztietako perrexila garela ematen du”.


GAZTEAK VS ERRETIRATUAK
Askotan esaten da gazteek ez dutela euren kabuz, boluntario gisa, ezertan parte hartzen. Edo zaila dela behintzat haiengana iristea. Marisaren iritziz, ez da horrela: “Feminismoaren alorrean, esaterako, neska gazte asko ari dira lanean. Haize berria ekarri digute eta niri poz handia ematen dit hurrengo belaunaldien artean partaidetza hori ikusteak”. Euskararen alorrean, berriz, beste errealitate bat ikusten duela aitortu digu: “Gaitzagoa dela iruditzen zait, gazte gutxiago ikusten baititut. Profesionalizazioak zerikusia izan duela uste dut”.
Marisak 66 urte ditu eta erretiratuta dago. “Lehen militanteak ginenok horretan jarraitzen dugu, baina berriengana iristea ez da erraza”. Argi dago erretiratuek denbora libre gehiago dutela, eta, askotan, batean edo bestean parte hartzera behartuta daudela iruditzen zaio gizarteari: “Askok euren burua zaindu nahi dute, ez besterik. Nire ustez, aspergarria litzateke denbora horretan bakarrik igarotzea”.

LORPENAK

Militantziaren bidez, helburu jakinetara heltzen saiatzen dira militanteak. Marisa gaztetatik ari denez horretan, garapen horren inguruan galdetu diogu. “Lehen pentsaezina zen kafe antzoki bat edukitzea, hainbat pertsonak euskaraz idaztea edo kalean jendea euskaraz entzutea. Nire ustez, hori horrela izateko, geure aletxoa jarri dugu”. Feminismoaren arloan hasi zenean hiru edo lau soilik zirela azaldu digu: “Abortoa legezkoa izatea eskatzen genuen eta Ipar Euskal Herrira joaten ginen antisorgailuak ekartzera. Gaur egun, gauza horiek pentsaezinak dira”.
Erakundeen funtzioa ere izan dugu hizpide, eta zubigintza aipatu digu: “Profesionalizatzen diren militanteen eta betiko militanteen artean zubiak eraiki behar ditugu, ez gara lehiakideak. Gainera, erakundeei ongi datorkie guk egiten dugun lana, ez dugulako dirurik kobratzen, eta, askotan, ez baitugu argazkirik ere ateratzen”.

Feminismoaren kolorea morea da.

Marisa, militantziari esker, aktibo jarraitzen du eta lagunak ere egin ditu: “Militantzia ez da ematea bakarrik, jaso ere egiten dugu. Nire biziko lagunik onenak militantziak eman dizkit: gaztetakoak eta oraingoak”.
Eta zu, militantea zara edo izatea gustatuko litzaizuke? Zein alorretan? Militantzia galtzen ari dela esango zenuke? Eta gazteek parte hartzen dutela uste duzu?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1.    Zer da militantzia?
Niretzat militantzia da ideal bat edo ideia batzuen lortzeko edo burutzeko egiten den jarduera bat: izan daiteke taldean edo bakarka.
2.    Zu militantea zara?
Militantea naz (naiz), bai. Une honetan, beno, militantea naiz gaztetatik. Gaur egun, militantea naz (naiz) euskara arloan eta feminismoan.
3.    Lehen orain baino militante gehiago zeudela uste duzu?
Ez nuke erantzun zehatza emoten (ematen) jakingo. Nik uste dot (dut) militanteak beti izan garela, ez dakit, urria, talde urria izan garela esango nuke beti. Ezin dot (dut) erantzun orain gehiago garen edo gutxiago.
4.    Militantzia aldatu da?
Bai. Esate baterako, gu hasi ginenean euskararen militante izaten, eskolak ematen genduzan (genituen), dohainik, gure lanetik kanpo, eta oin (orain) hori profesionaldu egin da. Alde batetik, oso ondo zeren profesionalizatzeak ekarri dau (du) maila hobeko irakasleak egotea, baina militantzia hori aldatu da, esate baterako. Hori ikusten dot (dut) hor aldaketa. Beste arloetan ez neuke (nuke) jakingo.
5.    Modaren bat dagoela esango zenuke?
Militantzia ez da moda, nire ustez. Militantzia gehiago da jarduera, gehiago da ekitea eta trukean diru barik (gabe) zerbaitetan aritzea. Orduan ez dot (dut) uste moda denik.
6.    Zaila da gazteak erakartzea?
Gazteak, esate baterako, ni mugitzen naizen arloan, feminismoan, gazte asko dago. Neska asko dago, hor badakarte halako haize barria (berria) edo, ez dakit, guk ez geunken (geneukan) askatasun bat eta militantzia modu barriak (berriak), eta bai, militante asko dago, batez be (ere) feminismoan. Militante gazte asko dago eta horrek asko pozten nau.
7.    Zer lortu duzue militantziaren bidez?
Ni Durangon hasi nintzen euskara militantzian, nahiz durangarra izan ez jatorriz. Eta lehen pentsaezina zen, esate baterako, kafe antzoki bat edukitzea, jentea (jendea) kalean euskaraz entzutea, orain asko ez da entzuten, baina lehen baino asko gehiago entzuten da. Nik uste hor gure aletxoa jarri dugula edo jarri gendula (genuela) orain dela berrogeitaka urte. Gero ba lortu dugu baita, ez dakit, zenbait pertsonak euskaraz idaztea, irratia izatea,  nik uste dot (dut), ez da harrokeria baina aletxo bat jarri dugula, eta elkarlanean jarri dugun aletxo horrek bere emaitzak ari dela emoten (ematen), pentsetan dot (pentsatzen dut).
Eta gero, feminismoan be (ere) hasi ginenean, orduan hiru edo lau ginen. Orduan, abortoa legalizatzea eskatzen genuen, esate baterako. Ez geneukan antisorgailurik ez zegoen hemen, beste aldera joaten ginen, iparraldetik ekartzen genituen. Gauza horiek gaur egun pentsaezinak dira, baina lortu dugula. Lortu dugu be (ere), emakumeak nahiz eta hori, kristalezko sabaia eduki, noizbehinka berba egitea (hitz egitea), jendaurrean berba egitea (hitz egitea), ez dakit, gauza batzuk nik uste lortu doguzala (ditugula). Ahotsa badaukagu, nahiz eta urria, eta hori egindako lanaren fruitua dela esango neuke (nuke).
 

B2
2018-05-17
16143913
04:21
3551